Barakaldoko Karmenetako Elizateko Aurreskua

2025/12/05
Barakaldoko Karmenetako Elizateko Aurreskua

Uztailak 16, asteazkena. Barakaldotarrok Karmen eguna dugu gaur, egun handia guretzako. Bost egun jaietan egon gara jada eta gaur ere ez da gutxiago izango. 

Goiz esnatu eta Laguntasuna elkarteko musikariak eta emakume dantzariok Barakaldoko Karmeneko elizara abiatu gara. Bertan elkartu gara eguzkipean, umeak, nagusiak, txupinero eta pregoilariak; Jolin eta Deabru ere bertaratu dira. 

Barakaldoko zaindaria Karmen denez, egun handi honetan Laguntasunako emakumeek dantzatzen dugu elizateko aurreskua. Auzoko jaian, aldera, Done Bikendi zaindaria izanda, mutilak dantzatuko dute elizateko aurreskua.

Baserritarrez jantzita goaz emakumeok egun honetan; bakoitzak bere jantzia darama, kolore guztietako jantziak; oinetan, alpargatak jantzi ditugu eta buruan zapia. Aipatzekoa da, aurreskulariak eta atzeskulariak alpargata zuriak daramatela. Musikariak, praka beltza, alkandora zuria eta Barakaldoko jaietako zapia daramate lepoan lotuta eta betiko moduan, txapela burua apaintzen.

 
12:00etan hasi da meza nagusia. Amaitzerakoan dantzari eta musikariak prestatu; herritarrak, txupineroak eta pregoilariak mezatik atera dira. Barakaldoko jaietako pregoilari eta txupineroak herriko elkarteak aukeratzen ditugu; hauek herrian ekintzak egin edo herriarengatik zeozer egin behar dute. Beraz, aurtengo pregoilariak Hala Dzipo kultur elkarteko kideak dira; irabazi asmorik gabeko elkarte ireki eta euskalduna da; hainbat urtez euskal musika eta kulturaren  sustapen handia egin dute Barakaldon. Beste aldetik, aurten txupina bota duen elkartea Gorostiza Bizirik elkartea izan da; Gorostiza auzoko jendea, ohiturak eta natura defendatzen dute.

Behin barakaldotarrak plazan egonda, dantzaldiari hasiera eman diote aurreskulari eta atzeskulariak. Horiek, alkateari baimena eskatzera joan eta behin baimena emanda, hasi da aurreskuaren zati bat dantzatzen; horrela, Barakaldoko zaindariari, omenaldia eginez.

Alkateak bere dantza amaitu eta jarraian dantzariak dantzara abiatu gara. Lehenengo Olalla Niño aurreskua dantzan aritu da, dantza fin-fina eta pausu arinak eginez. Bitartean, zerbitzari papera duten neskek jaietako pregoilariarengana hurbildu eta dantzara ateratzeko eskaintza egin diote. Ondoren, Irati Rubio atzeskulariaren txanda izan da, hau ere fin-fina eta dotore ibili da dantzan. Halako batean, zerbitzariak jaietako txupineraren bila joan eta hari ere dantzan ateratzeko eskaintza egin diote. Behin horiek amaituta eta aurreskua azkenengo dantza burutzen ari den bitartean, zerbitzariak udal korporazioarengana hurbildu eta dantzan ateratzeko eskaintza egin diete.

Elizateko aurreskua, Barakaldo, 2025-7-16. Argazkia: Eider Rubio - Dantzan - CC-BY-SA

Behin guztiok sokan lotuta gaudela, jota eta arin-arina dantzatu ditugu. Alde batetik, aurreskulariak, atzeskulariak, txupineroak eta pregoilariak borobil txiki bat egin dute; beste aldetik, gainerako dantzariak eta plazara ateratako herritarrak kokatu gara. 

Poz-pozik dantzatu dugu jota eta arin-arina, herriko festak ospatzen. Dantza amaitu eta alaitsu plazatik biribilketan atera gara, noski, Barakaldoko “De Barakaldo Jolin” abestiaz lagunduta.

Emanaldia amaitu eta nola ez, urtero bezala, dantzariak Jolin eta Deabrurekin argazkia atera eta goiz ezin hobea amaitzeko elkarrekin poteatzera eta bazkaltzera joan gara. Hau egun ederra barakaldarrontzat. 

Elizateko aurreskua, Barakaldo, 2025-7-16. Argazkia: Eider Rubio - Dantzan - CC-BY-SA
 

Gora Barakaldo! Gora Laguntasuna! Eta gora jai herrikoiak!

Elizateko aurreskua, Barakaldo, 2025-7-16. Argazkia: Eider Rubio - Dantzan - CC-BY-SA