Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Eider Rubio Ariño Añorgako Dibertimendua

Dokumentuaren akzioak

Añorgako Dibertimendua

2025/03/12 11:20
Añorgako Dibertimendua

Dibertimendua, Añorga, 2025-02-22. Argazkia: Eider Rubio - Dantzan CC-BY-SA

Otsailak 22, goiz esnatu eta goizeko 9:00etan abiatu gara Dantzertiko ikasleak, dantzari eta aktoreak, Añorgara. 10:30ak aldera ailegatu eta bertan harrera egin digute Arkaitz taldeko gazte eta nagusiek. 

Dibertimenduko komitiba goizeko 10:00ean Atotxa Erreladatik abiatuta, Añorga Txikiko goiko aldean geldialdia eginda eta Karmengo Amarainoko bidea egin dute musikaz girotuta; bertan izan gara gu, goizeko bigarren barrikada ikusten eta gozatzen.

Joaldun txikiek zabaldu dute barrikada, ardi larruz estalita, zintzarriekin, aurpegiak estailta eta eskumako eskuan zaldi buztaneko ilez egindako isipuarekin. Lasai plazaratu dira, baina behin gidariak seinalea eman, ikusleak izutzen hasi dira, hau bai ustekabekoa! Dantzari txiki eta gazteak plazaratu eta txikiek, haien janzkera koloretsuekin eta haiek ere aurpegia estaliz, “Ni ez naiz zomorro bat” dantza eskaini digute. Zelako sorpresa hori entzutean, nire haurtzarora itzuli naiz momentu batean, ikastetxean abesten genuen abestia delako. Orain ulertzen dut ze nolako balioa izan ahal duen abesti batek, nola nire haurtzaroko pailazoek abesti bat abesten zuten eta horren ondorioz nik ere hura abesten nuen letraren jatorria nondik zetorren jakin gabe; eta orain, 10 urte baino gehiago ondoren, Añorgako Dibertimenduak haurtzarora berriz eraman nau, abesti horri lotura emanez.

Dibertimendua
Dibertimendua, Añorga, 2025-02-22. Argazkia: Eider Rubio - Dantzan CC-BY-SA

Amaitu bezain pronto, Zirtzilak, haien lana eginez, ikusleak zirikatzen aritu dira, aurpegiak zikintzen (Hura zen nazka, erabiltzen zuten zikinkeri hori, ez zuen usain oso ona) baita haserretzen ere, umorea alde batera utzi gabe. Bertsolariak taldea aurkeztu eta amaitzerakoan, jan-edatekoaz gozatu dute Añorgako komitiba eta herritar guztiek. Bitartean, Zirtzilek dantza txiki bat eskaini dute. Hortik zebilen “Giri”, bere maskota bereziarekin jolasean, “Imanol” izena zuena… Zelako sustoak eman dizkigun!

Bidea jarraitzeko, joaldunek deia egin eta bidea zuzendu dute Pedro Joseko auzora abiatuz, bertan azken barrikada egin dute, baina gu ikusita jende asko zegoela (eta eskerrak, giro zoragarria sortzen dutelako) azkarrak izan gara eta frontoira abiatu gara leku ona hartzeko eta eroso egoteko azkenengo emanaldia ikusteko.

Zirtzilak, emanalida hasi aurretik haien lana egiten jarraitu dute, ikusleria zirikatzen eta haiekin jolasten. Gure ondoan eseri da Zirtziletako bat eta animalien gantza edo ez dakit ze zati botatzen hasi da. Ez ustekoa gurea Zirtzil batek nire kide bati haragi zati hori bota eta gainean erori zaionean! Gainera, gutxi ez balitz, sagardo botila zabaldu eta “dutxa” goxo bat jaso dugu. Ikusle guztiok haragi zati hori ez erortzeko tentsioan egon arren, giroa ikaragarria da, haurrak oso pozik dantzan eta korrika plazatik. Jai eta inauteri giroa nabaria zen, musika, barreak, familiak, koadrilak…

13:00etan puntu-puntuan hasi da azken emanaldia. Barrikadetan bezala, joaldunek hasiera eman diote emanaldiari, dantzariak sartu eta txikiek berriz ere “Ni ez naiz zomorro bat” dantza eskaini digute. Emanaldi honetan ere ez dira falta izan bertsoak eta musika. Bertsolariek emanaldia aurkeztu eta jarraian dantzariak makil txikiekin artzain inudeetako eskotixa egin dute. Dantza zoragarria benetan, txundituta geratu naiz, dantzaren amaiera hurbiltzean dantzariek nola makilekin  azkartu duten, musikariekin batera, erritmoak harritu nau. Oso zaila iruditu zait aurpegia estalita dantza zehaztasun horrekin egitea. Izugarria! 

Ondoren sartu dira Zirtzilak, “Giri” buruzagi gisa. Bertan urteko aldarrikapenak egiten hasi dira, urtean zehar izan dituzten arazoak salatu dituzte; hala nola, dantza taldea ez dela aurten Boiseko Jaialdira joango.

Dibertimendua
Dibertimendua, Añorga, 2025-02-22. Argazkia: Eider Rubio - Dantzan CC-BY-SA

Antzerkia eta bertsoak tartekatuz, dantzariak kaldereroetako abestiarekin brokelez lagunduta, mazurka eskaini dute. Ez dira Zirtzilak dantzarik gabe gelditu eta bikote dantza bat eskeini digute. Amaitzerakoan, Goizuetako zahagi-dantzaren melodiarekin eta makil handiez lagunduta, dantzan izan dira dantzari ertainak. Hauek “Giri” harrapatu eta emanaldiari amaiera borobil bat emateko, “Giri” epaitu eta sutan erre dute, “Herri zahar hau” abestiaz lagunduta. Hori bai hunkigarria izan dela, herri guztia sute ondoan abesti bera abesten eta haien artean besarkatzen. 

Esperientzia hau ez dut inoiz ahaztuko, lehen aldia da Añorgako Dibertimenduei buruz entzuten dudala eta bertaratzen naizela, eta eskerrak horrela izan dela, gehiago ikusteko eta jakiteko gogoekin geratu bainaiz!

Lan ikaragarria komitibak egindakoa! Zorionak Añorga!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Eider Rubio Ariño

Eider Rubio Ariño

Barakaldo, 2004

Dantzaria naiz. Txikitatik Brakaldoko Laguntasuna dantza taldean dantzan ibili naiz. Dantzerti dantzako goi mailako ikaslea naiz.