Dokumentuaren akzioak
Berriztasuna Taldeak kolorez eta kulturaz beteko du Portugaleteko Alde Zaharra
Hiru Jauzitan Jaialdia ospatuko dute urriaren 18tik 20ra, Portugaleteko Merkatuan
Jaialdiaren 2 edizioa izango da aurten, dantzatik haratago doan eta Portugaleteko Alde Zaharra folklorearen elkargune bilakatuko duen ekitaldiarena, hain zuzen ere. Berriztasuna Taldea Euskal Herriko dantzak eta kultura babesteko duen grina eta dedikazioagatik da ezaguna. Iaz, formatu berri honen aldeko apustua egin nahi izan zuten helburu argi batekin: portugaletar guztiak erakartzea eta, bereziki, beren sustrai kulturaletatik urrun senti daitezkeen belaunaldi berriak.
Asteburu osoan zehar, haur zein gazteentzako ekitaldi anitz izango da. Ostiralean, urriaren 18an, hitzaldi-tailerra izango dira Patxi Monterorekin, “Euskal Herriko plazetako dantza berriak” proposamena aurkeztuko baitu. Ostean, Meñakoz Dantzari Taldeak, Zelako Kultur Ideiak-ek, Iholdi Beristainek eta Peru Irastortzak “Suak Su” eskainiko dute oholtzan. Lehenengo egunari amaiera emanteko, Berriztasunak berak eskainiko duen kantu-birarekin Alde Zaharreko kaleak alaituko dituzte.
Larunbatean, 19an, Portugaleteko ZuBira erraldoien kalejirarekin hasiko da eguna. Ostean, bertso-saio musikatuaz gozatzeko aukera egongo da Bertsozale elkartearen eskutik, Uxue Alberdi, Mikel Inuntziaga eta Jon Maiarekin. Arratsaldean, berriz, talde antolatzailea izango da taula gainera igoko dena. Dantza-emanaldia Portugaletik, Vila Praia de Âncoratik zehazki, etorritako talde gonbidatuarekin batera eskainiko dute.
Igandean, ostera, Euskorleans eta Kukairen ikuskizun ibiltariak dantzaz eta musikaz bustiko ditu kaleak, La Ranchería enparantzan hasita. Ostean, herri bazkaria egongo da Merkatuan eta, egunari eta jaialdiari amaiera emateko, dantza gidatuak Tipika taldearekin.
Egunotan aukera egongo da Berriztasuna Taldearen sare sozialetan informazio zehatzagoa jasotzeko; besteak beste, @berriztasuna Instagrameko profilean, Facebooken edota berriztasuna.eus webgunean. Jaialdi hau etorkizunerantz emandako urrats ausarta da, eta, aldi berean, bere sustraiak eta tradizioak omentzen ditu. Euskal dantzaren aro berri honetan Portugaleteko komunitate osoaren partaidetza eta babesa izatea espero du elkarteak.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Eneritz Mancisidor