Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Bakantza bete dantza: Sestaotik Urepelera

Dokumentuaren akzioak

Bakantza bete dantza: Sestaotik Urepelera

Tuterako uztailaren 25eko emanaldia ere Sanferminen ondoko gure 'bakantzetako' sailean sar genezake baina kronika jadanik idatzia dugunez, goazen Sestaotik Urepelera!

Sestaotik...

Uztailaren 31an, San Inazio egunez beraz, nafar manugaitzarena egitera joan gara Sestaora. Bertako Eusko Lorak dantza taldeko lagunek aspaaaldi egin ziguten gonbita eta bateko eta besteko, orain arte ezin izan diegu erantzun egokirik eman. Baina aurten zorra kitatzerik izan dugu! Iruñea eta Tuteratik fresko ditugun trokeo-dantzak eraman ditugu bertara ere. Karrika-inguruarekin abiatu dugu goiza, erraldoi, gaitero eta Eusko Lorak-ekoekin batera eta ondotik, San Pedro plazan egin dugu emanaldia, batzuk besteon ondotik. Honakoan Leire Lasheras eta Imanol Blazquez iruindar/zangozar gaiteroekin aritu gara, gure Leire Leza dantzari/danborjole polibatentearekin batera. Txukunetik gora aritu dira musikariak eta guk dantzan gozatu!

2022-07-31 Sestao-1

2022-07-31 Sestao-2

Gure dantzak eman-eta, Eusko Lorak-ekoek soka-dantza atera dute plazara eta sokara gonbidatuak izateko ohorea ere jaso dugu. Denok elkarrekin bukatu dugu dantzan, 'lan jarduna'. Ezinhobe, beraz!

2022-07-31 Sestao-3

2022-07-31 Sestao-4

Familia argazkia egin eta bazkari eta bazkalburu goxo batekin eman diogu akabera egunari, kantan eta dantzan. Mila esker handi bat Eusko Lorak-eko lagunoi, batzarri goxoarengatik! Ondokoa, gurean!

... Urepelera

Sanferminetan Urepeleko festetan dantzatzeko gonbidapena jaso dugu. Normalean abuztuan dantza-bakantzak hartzen ohi ditugu, baina gonbidapenaren berezia aintzat harturik, ale, bagoaz! erabaki dugu. Kintoan gora eta Esnazun behera heldu gara Urepelera, abuztuaren 20ean. Amerikanoenea interpretazio zentroaren estreina izan da gure emanaldirako aitzakia. Trokeo-dantzak eman ditugu berriz ere, eta tartean, Iruñeko ferietan, nola ez! Julen Leuza eta Beñat Lopez aritu zaizkigu gaitan, autoz kilometrokada bat eginik mertxi! eta Leire Leza berriz ere, danborrean. Emanaldi goxoa izan da bere txikian, lagun zahar eta berriz inguraturik. Etxean sentitu gara dantzan eta dantza egin eta gero! izan ere, bertan lo egiteko xokoa atondu digute urepeldarrek eta afari eta besta goxoa prestatu digute gauerako. Ordu txikiak arte luzatu dute gazteek besta, urepeldarrekin batean!

Honen guztiaren ondotik, Xalbador handiaren hitzak gure eginez, zera esan nahi diegu Sestaoar zein Urepeldarrei:

Lagun on horiekin zinez laketu niz,
orok umorea on, kantuz eta irriz,
Oi, egun eder hori berrituko balitz,
zu(e)k nahi duzu(e)nean, gu prest gira berriz!

 *Irudiak: Kanaldude

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.