Sanferminak kutxa beltz batean sartzeko saiakera
Argazkia: Mikel Legaristi
Lapikoa sutan eman eta irakiten hasi baino lehenagoko bor-bor bakan horien gisako zerbait izaten dira maiatz-ekainak Iruñean. Hori, berez, gutxi balitz, aurten baten bati sutara egurra botatzea bururatu zaio. Fermin Cariñena antzerki zuzendariak hauspoturik, Sanferminetako ipuina antzezlan musikala—Charles Dickens-en klasikoaren egokitzapen iruindartua— jokatu da Iruñeko Gaiarre antzokian maiatzaren 29, 30, 31 eta ekainaren 5, 6 eta 7an.
Jokalari-zerrenda jendetsuaz gain, sarao honetara gonbidatuak izan gara La Pamplonesa musika banda, Erraldoi eta kilikien konpartsa, Udal txistulari eta gaiteroak eta gu geu, Dugunako dantzariak. Orotara ehundik gora arizale.
Gure egin beharrekoa ez da handiegia: Udal plazan ematen ditugun trokeo-dantzetako bat eta fandango bat dantzatzea eta uztailaren 7ko segizioaren halako antzezpen bat egitea. Baina horretarako, hamaika errepika.
Lanak arintzeko, hiru arku-dantzari talde prestatu ditugu, bat ostiraletarako, bestea larunbatetarako eta azkena igandeetarako. Denak badu bere alde on eta ez horren ona. Emanaldiak egin ahala, antzezlana eta bakoitzaren parte hartzeak onduz joan diren bezala, nekea ere pilatu zaigu azkenerako.
Gaiarre antzokia sei emanaldietan bete da mukuru eta testua umoretsua baitzen, ikusleek denbora goxoa pasa omen dute sanferminetarako beroketa saiakera honetan. Edozein gisaz argi geratu da, festetako momentu garrantzitsuenetako iruditeria txertatuagatik, sanferminak ez direla kutxa beltz batean kabitzen.
Duguna - Iruñeko dantzariak