Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Sanfermin aldapatsuak (eta ez Aldapakoak)

Dokumentuaren akzioak

Sanfermin aldapatsuak (eta ez Aldapakoak)

Aldapa piko baten puntan dago gure alde zaharreko egoitza eta bertaraino egin beharreko bidea bezain maldatsuak izan dira aurtengo gure Sanferminak, dantzari dagokionez. Eta hala izan badira, zergatik ezkutatu! Lanez, emanaldiz eta beraz, urduritasunez betetako asteak izan dira Sanferminen aurrekoak eta enpo eginda iritsi gara bezperaren bezperara. Hartara, festetan lehertu da lehertu beharrekoa!

Uztailaren 6an Foruen plazako ohiko emanaldia Iruñea eta iruñerriko gainontzeko dantza talde guztiekin batera. Gipuzkoako soka-dantza eta Arizkungo dantzak programan. Eskuak elkar emanda atera gara plazara Iruñeko dantza talde guztietako partaideak, gogoan ez genuen argazki indarrez betea eskainiz.

 

Sanferminak 2018_01
Argazkia: Gari Otamendi

Baina gure arazotxoak pixka bat lehenago piztu dira. Foruen plazara ateratzen hasiak dira soka aitzineko lehen dantzariak eta gu beroketako azken zango altxaldiak egiten ari gara, berehala sokara lotzeko. Azken-azken altxaldian, kasik plazara ateratzekotan garenean, eta beraz, beste irtenbideren bat pentsatzeko denborarik gabe, izterrean ziztada moduko bat sentitu du gure sokako atzesku lanak egin behar zituen Aritzek. Gainontzeko soka-dantzariak trenpu onean aritu badira ere, horrelako ezustekoek beti hedatzen dute halako giro bitxi bat taldera. Julen Fagoagak egin ditu aurresku lanak hasi eta buka, baina xakeko endroke  bat eginez, Hasier Morenok bukatu ditu atzeskulariaren egin-beharrekoak.

Sanferminak 2018_02
Argazkia: Ainara Ibañez

Sanferminak 2018_03

Sanferminak 2018_04

Zorionez, ustegabeko gehiago ez dugu izan —ez bada gerrikoren bat askatu dela— Arizkungo dantzen partean. Zortzikoa kemenez dantzatu dute gure 2 zortzikoteek. Sagar-dantza, bere kaos eta ordenaren arteko borroka errespetatuz, txukun. Mutil-dantzak irristaldi handiegirik gabe eta gaita, dantza-saioaren amaierak agindu bezala, saltari! Behintzat ahozapore gozoarekin joan gara gure festei hasiera ematera.

Sanferminak 2018_05

Sanferminak 2018_06

Sanferminak 2018_08
Aunitz Urtez!!!

Sanferminak 2018_09

Uztailaren 7ko eguna gogorra zaigu berez. Bezperako bestondoa —handiagoa ala txikiagoa—, lo gutxi, beroa, 5 ordu t'erdiko segizio amaigabea, jota bat bestearen atzetik, eta gure kasuan, horren guztiaren ondotik, estres betean arropaz aldatu eta dantzara ateratzea. Eta aurten planeta guztiak lerrokatuko zitzaizkigun. Trokeo-dantzekin plazara atera bezain laster antzeman dugu zerbait bitxi badela, presaka bezala ari garela. Makil-handienean hanka-sartzea egin dugu, zinta-dantza frenetikoa izan da, mirakulua izan da ehundu eta desehuntzea —dantzari talkaren bat tarteko, baina gure estres maila areagotu baizik ez da egin. Makil-txikiena ongi joan da, ekaitzaren aurreko barealdi perfektuan. Eta joan gara dorrea muntatzera. Hasi da musika, baina berandu hasi gara, presaka eraiki nahi izan dugu, oinarria ezegonkorra dela konturatu gara baina ez dago atzera bueltarik eta gertatu beharrekoa gertatu da: goraino igotzeko eskalatzen ari zen Maria gaixoak, puntaren puntatik atzeraka erorita, kolpe galanta hartu du aldaka eta eskumuturrean, galtzadarrien kontra. Eta beldurtu gara. Medikuak, anbulantzia, jende saldo bat inguruan eta dena grabatzen ari den pitoren bat ere... ezin esan ikuskizuna eman ez dugunik! Ospitaletik esan digute zorionez Mariak ez duela deus izan, baina nahasita joan gara etxera.

Sanferminak 2018_10
Argazkia: Aritz Romeo

Sanferminak 2018_11
Argazkia: Irati Sorbet
 

Sanferminak 2018_12
Iruñeko gaiteroek jo zituzten trokeo-dantzak uztailaren 7an. Argazkia: Irati Sorbet

Sanferminak 2018_13

Astea pasa da. Kanta, dantza, josta eta ospa aritu gara 8 egunez eta uztailaren 14a heldu da. Eta gure buruari erronka jarri diogu: lasai aterako garela plazara, gozatzera, uztailaren 7ko zapore mingotsa kentzera. Gainera Maria osatu da eta dantzarako dago berriz! Eta dantzara atera aurreko erretolikak eman du bere fruitua, antza, eta zientzia-fikziozko filmetan nola, botoi egokia sakatu bagenu bezala, dena etorri da bere onera. Taldeko gaiteroen doinura eman ditugu makil-txikiena, zinta-dantza eta brokel-dantza istripu handirik gabe, Aldapa pikoan goiti ibili ondotik, gure egoitzaren horizontaltasun goxora iritsi bagina bezala. Eskerrak!

Sanferminak 2018_14
Argazkia: Miguel Oses

Sanferminak 2018_15
Argazkia: Jesus Diges

Sanferminak 2018_16
Argazkia: Jesus Diges

Sanferminak 2018_17
Argazkia: Maite Irizar

Argazki ederrak utzi dizkigute, nolanahi ere, aurtengo Sanferminek eta hona hemen horietatik batzuk:

 

Mila esker Ainara Ibañez, Irati Sorbet, Maite irizar, Ander Lukin, Jesus Diges, Miguel Oses, Dani Fernandez eta gainontzeko argazkilariei horrelako oroigarri ederrak uzteagatik!

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.