Duguna-eguna 2026
Argazkia: Toño Asin
Maiatzarekin bat heldu zaizkigu bihurguneak, ordura arteko bide lasai samarrean. Ekainean ere lana izanen dugunez eta sanferminetarako bezperetan izanen garenez, Duguna eguna hilabetez aurreratzea deliberatu dugu.
Hartara, maiatzaren 23ko eguerdi aldera bildu gara Dugunako dantzari gazte zein helduak, ikasturte amaierako saio bateratua egiteko asmoz. Egun ederra izaten da, nahastekoa, partekatzekoa, elkar ikustekoa. Taldeko txikienek abiatu dute emanaldia eta Fricassea eta zapatagin-dantza eman dituzte. Muñuñuak dira eta berehala sortu dute halako gertutasun eta lotura bat ikusleekin —asko eta asko gurasoak dira, beraz, logikoa—. Baina haien muñuñutasunaz gain, dotore aritu dira gainera!
Bigarren taldekoek hartu dute plaza ondotik. Bai eta nortasun eta aiurriz hartu ere. Haien neurrira egokitutako soka-dantza moldatu dute haien irakasleek. Plazara sartu eta belauntxingoa egin dute aurreskuak eta atzeskuak. Ondotik, dantzari bakoitzak nahi izan duen gonbidatuari agurra egin eta haiekin dantzatu dute fandangoa eta arin-arina. Karrika-inguruan utzi diete plaza ondokoei.
Txistulariak, gaitak hartu, eta gaitero bilakatu zaizkigu derrepente. Korteseko paloteadoko dantzak ekarri ditu hirugarren taldeak. Eta multzo jendetsua dutenez, bi zortzikotetan antolatu dira. . Sarrera, kortesiak, baltsa eta zinta-dantza doblea eman dituzten hurrenez-hurren. Tarteka, dantzari aldaketak egin dituzte, gaztetxo guztiek dantzan egiteko aukera izan zezaten. Zinta-dantza korapilatzea eta deskorapilatzea lortu dute!
Txikien taldeko koxkorrenen txanda! Hauek Durangaldeko Dantzari-dantzako hainbat dantza ekarri dituzte plazaren erdira: ezpata-joko txikia, binangoa, launangoa eta txontxongiloa. Hauke ere txandan-txandan aritu dira batzuek besteei dantzarako tokia uzten. Eta txukun demonio egin dute haien emanaldia, taldeko helduak ere pixka bat harritzeraino. Biba!
Ororen buru, helduen aldi. Nafarroa Behereko dantzak beste manera batean ere plazaratu genitzakeela oharturik —txotxolo aurpegia geratzen zaigu orain—, deliberatu dugu Dantza-luzearen bertsio berezi bat muntatzea. Irakurri ditugu Xabier Itzainaren testuak eta miatu ditugu bere eta Maritzuliko lagunen aurreko bertsioak. Eta horietan bermaturik, Bolantez bakarrik osatutako soka atera dugu plazara. Soka-dantzek ohi dutenez, izan da aurresku eta atzeskuaren arteko agurra, izan dira gonbidatuak, izan da haiei dantzatutako beste agur bat eta izan da denek —beztitu eta gonbidatuek— elkarrekin dantzatutako dantzarik. Kasu honetan, kontra-dantzak. Metal Orkestra berezak gidatu du dantza —eskerrak Unai Perez de Obanos eta Ion Osesi— eta Maritzuli eta Irisarriko kabalkadako lagunek utzitako jantziek dotoretu dute gure piura.
Horrekintxe eta belaunaldien arteko bazkari eder batekin eman diogu akabera egunari. Baina sobera jan gabe, berriz bihurguneak datoz-eta!
Duguna - Iruñeko dantzariak