Adio, Karla laguna!

2018/06/10
Adio, Karla laguna!

Eguna eguzkitxu esnatu zaigu Iruñean, baina laster goibeldu zaigu. Goiz erdian hartu dugu deia: Karlos Iriarte zendu da! Min garratzez eta penaz bete zaigu gogoa, baina baita oroitzapen ederrez ere.

Aspaldi hasi zen Karla horrela deitzen zioten lagunek— eta gure taldearen arteko harremana. Mikel Larunbek, gure taldeko dantzariak irakasten zien dantzan, berari eta beste hainbat laguni Donibaneko kirol elkartean. Harreman horri esker, hain zuzen, eraman gintuzten Parisko Euskal Etxearen 50. urteurrenean dantzatzera 2005. urtean, bertako bazkideekin Karlak eta Lurdesek zeukaten harremana tarteko. 

2005ean, Arc de Triomphe-ren aitzinean

Denborarekin harremana estutuz joan zen. Edurne Irigoien dantzariak hartu zion txanda Mikeli Donibaneko dantza eskolan, Sanduzelaiko —bere auzo maiteko— hainbat gaztetxo sartu ziren gure taldean eta ez baitzen geldi egoteko gizona, hainbat emanaldi antolatu zizkigun auzoko jaietan, beste hainbat urtez. Beti umoretsu, Iruñeko dantzariak ezezik, Sanduzelaiko dantzariak ere baginela zioen, eta ia noiz joanen ziren Sanduzelaiko dantzariak haien auzora dantza egitera. Karlak deitzen bagintuen, edonoiz!

Ezpalak zela, Sanferminak zirela, Sanfermin txikiko ezpata-dantza zela... han zen beti Karla, argazki makina kolkotik zintzilik. Zenbat argazki eder ez ote dizkigun hartu!

Hau...

Karlos Iriarte

hau...

Karlos Iriarte

... edo beste hau, esaterako!

Karlos Iriarte

Gure lana estimatzen zuen, baita guk berea ere! Argazkilaritzazale izateaz gain, arotza zen ofizioz eta egur-eskultorea afizioz. Bere lanetako batzuk gure dantzetan oinarritu zituen eta bere tailla honek atontzen du gure egoitza, gaurtik aurrera inoiz baino zentzu handiagoz:

Karlos, laguna. Karlos, Sanduzelaiko alkatea, zure dantzariok ez zaitugu ahaztuko!