Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Nafarroa Behereko Dantza-luzearekin jostatuko gara, Duguna Egunean

Dokumentuaren akzioak

Nafarroa Behereko Dantza-luzearekin jostatuko gara, Duguna Egunean

2026/05/22 08:20

Dugunako dantzarion eguna eginen dugu bihar, maiatzak 23, eguerdi aldera Iruñeko Burguen plazan. Ohi bezala, emanaldian Dugunako dantza eskolak eta helduen dantza taldeak parte hartuko dute. Helburua da urtean zehar landutakoaren lagin txiki bat erakustea hurbilduko direnei. Gainera, azken urteotan, esperimentatzeko ere erabiltzen dugu egun hau eta aurtengoa ere bide horretatik joanen da. 

Dantza eskolako lau taldeak ariko dira lehenbizi.

  • Txikienek jostaketa dantza pare bat prestatu dituzte. Zapatain-dantza eta Fricassea dantzatuko dituzte. 
  • Bigarren taldeko dantzari gaztetxoek San Juan bezperako soka-dantzaren zenbait parte dantzatuko dituzte: Sarrera, belauntxingoak, fandangoa, arin-arina eta karrikaingurua. 
  • Hirugarren taldekoek Cortes-eko paloteadoko dantzak emanen dituzte: Sarrera, kortesiak, baltsa eta zinta-dantza doblea.
  • Heldutxoenek Durangaldeko Dantzari-dantzako lau dantza eginen dituzte: Ezpata-joko txikia, binangoa, launangoa eta txontxongiloa

2023-06-18_Duguna-eguna_01
2023ko Duguna eguneko argazkia. Txikien taldeko gaztetxoak Dantzari-dantzako banangoa ematen. Argazkia: Cristobal Puig

Nafarroa Behereko dantzak beste manera batean emanak. Josta gaitezen soka-dantzan!

Azken urte luzeetan Nafarroa Behereko dantzak (ia) beti manera berean eman ditugu: Bolant-dantza, Antrexatak, Euskaldunak, Sorginak, Makilariarena, Martxa, dantza-jauziren bat eta kontra-dantzak. Argiaren Itzala blogeko sarrerak irakurriz ohartu ginen dantzen hurrenkera hori Argiak josi zuela 1970ko hamarkadan Nafarroako dantzen ikusgarria atondu zuenean. Dantza segida hori zoragarria da, esan beharrik ez dago, baina Argiak zerbait erakutsi badigu zera izan da: jaso dugun ondare hori ongi ikasita, ulertuta eta barneratuta dugunean berarekin jolas egitea baino gauza ederragorik ez dela. 

Hartara, jolasean eman ditugu azken hilabeteak, Nafarroa Behereko ohiko dantza horiek beste manera batean plazaratzeko asmoz. Horretarako, gure dantza-ganbaran gordeta genituen zenbat material atera ditugu mahai gainera. Batetik, Maritzuli konpainiak Côté-cour... Còte jardin ikusgarrirako atondutako soka-dantza hartu dugu oinarri. Horrez gain Xabier Itzainak 2007ko Itsasuko Kabalkadarako atondutako Dantza-khordan ere bermatu gara. Itzainaren esanetan, Dantza-luzeak zerbaitengatik gorde du izen hori eta gaur egun ezagutzen duguna parte 'lasterkatuaz' gain —kurrienta deitu diogu guk—, dantza xehea (kontrapasak) eta dantza-jauziak ere hartzen zituen bere barnean.  

Osagai horiek guztiak gure soka-dantzaren egiturako beste zenbait elementurekin gatz-pipertu ditugu, irabiagailuan sartu eta atera zaigun salda bihar ikusi ahal izanen da.

2026-05-21_Soka-dantza-errepika_01
2026-05-21 Atzoko errepikako momentu bat

2026-05-21_Soka-dantza-errepika_02
2026-05-21 Atzoko errepikako momentu bat

Dantzari guztiak bolant

Sinetsita gaude garai berriek dantza berriak eta dantza zaharren ordenu berriak behar dituztela, gaur egunerako balio behar badigute. Eguneratze horiek dantzarien antolamenduan eta jantzietan ere islatuko dira, ezinbestean. Hartara, Dantza-luze honetarako dantzari guztiak —neska ala mutil— bolantez jantziko dira. Puntu honetan, eskerrak eman nahi dizkiegu Maritzuli konpainiari eta Irisarriko Kabalkadako lagunei haien janzki dotoreetatik batzuk prestaturik. 

Bolantek sokaren parte errituala dantzatuko dute eta behin hori finituta, ikusle jendea gonbidatuko dugu sokara. Bolant-dantzariek dantzan eskertuko dute haien borondate ona eta ondotik, ostalerrak eta kontra-dantzak dantzatuko ditugu guztiok batera, Libertimendu bukearetan nola, errituaren barne, baina jadanik aire laxoago batean. Horretarako, 1950 urtean Lasan grabatutako irudi hauetan oinarritu gara. Kontra-dantzak librean dantzatuko ditugu beraz. 

Hau izanen da sokaren egitura:

  • Kurrienta
  • Dantza-xehea —Kontrapasak—.
  • Antrexatak, Euskaldunak eta Sorginak
  • Xibandiarrak
  • Agurra gonbidatuei
  • Ostalerrak
  • Kontra-dantza eta karrika-ingurua

 

GUrpilean dantzan

Kezka dantza taldeko lagunek aste honetan berean ongi ohartarazi diguten bezala, Marian Arregi eta Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako Argia dantzari taldearekin ikasi dugu zirKUluan dantzatzearen zentzu eta indarra. Soka-dantzan, GUrpil itxura hartzen duenean taldeak eta denak elkarri begira dantzan ari garenean, GU gara, norbanakoa, —ZU edo NIa— lausotu egiten da eta kolektiboa, komunitatea da agertzen. 

GU zabal hori gogoan dantzatuko gara bihar, elkar eskuetatik helduta. 

Dugunako dantzarion eguna

  • 2026-05-23 larunbata
  • 12:30
  • Burguen plazan

 

 

 

 

 

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.