Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan Denda 2020 Dantzan denda: liburuek eta diskek abarketak ordezkatu zituztenekoa

Dokumentuaren akzioak

2020 Dantzan denda: liburuek eta diskek abarketak ordezkatu zituztenekoa

2021/02/09 09:00

2020a ahaztu nahian gabiltzan honetan Dantzan dendatik iazko produktu salduenen errepasoa egiten jarri gara, eta, batez ere, liburuak zenbatzen jardun dugu. Urtearen hondarretan argia ikusi zuen portada_Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan Oier Araolazaren Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan liburua izan da produkturik salduena baina ez dugu abarketa pare bakarra ere saldu! Kontrara, gaitz erdi, beste urte batzuen aldean liburuen eta musika diskoen eskaerek, oro har, gora egin dute nabarmen.

Ez da doakoa, ordea, albistea: urteko lehen hiruhilekoan ohikoak izan genituen dantzarako txapinen ala makila txikien eskaerak, urteko lehenak eta azkenak izan ziren. Covid-19 izenburuarekin etxeetan sartu gintuen filma distopikoak bertan behera utzi zuen, besteak beste, dantzaren jarduera, eta jakina, hari eragiten zion beste edozein ere, dantzan aritzeko produktuak tarteko.

Urteko salduenak

portada_Bailar el caos. La danza de la osa y el soldado cojo Gorputza apenas mugitzerik utzi digutenean, ordura artean astirik aurkitzen ez zuten jarduerei kolpe egiteko une egokia zela iritzi zion zenbaitek, eta izerdiaren plazera irakurketak eskaintzen duen gozamenaz ordezkatzea erabaki zuen. Aipatutako Araolazaren Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan urteko argitalpen freskoaz gain, eskaria luzatu diguten etxeetara helarazi ditugu erreserbako ardoa bezala denborak ontzen jarraitzen duen bi liburu, irekitzen diren bakoitzean beti gordetzen dutenak zer berririk: Juan Antonio Urbeltzen lanaren oinarria jasoko zuen  Bailar el Caos. La danza de la osa y el soldado cojo saiakera liburua eta  J.M.Guilcher-ek 60-70 hamarkadetan Bearno eta Ipar Euskal Herrian zein Nafarroako mugetan egindako dantza, eta musika bilketa lan ikaragarria jasotzen duen La tradition de Danse en Béarn et Pays Basque Français liburu mardula.   portada-gaita dantzan

Horietaz gain erosketa saskia bete zuten  Jon Gaminderen Gaita Dantzan  partitura liburu ederra eta Ikerfolkek argitaratutako Jira Galdua aldizkariko lehen eta hirugarren zenbakiak, Gipuzkoako dantza-maisuen taula gimnastiko-koreografikoa eta Aitzineko Püntiak hurrenez hurren, Gipuzkoako eta Zuberoako bi dantza-teknika hauen oinarri eta urrastegia laburbiltzen dituzten koadernoak.

Musika erosiena

 Eta itxialdiei aurre egiteko, irakurketa saio eder baten ostean, zer hoberik egongelako besaulkia eta mahaitxoa albo batera eraman eta musika ederraren doinura etxeko portada_arineketanburbuilan dantzan aritzea baino! Eta asmo horretan imajinatu ditugu jaso ditugun diskoen eskariak, besteak beste: Aiko taldekoen  Aurrez-aurre, Herri musika ta dantza edota Oinak kantuz disko dantzagarriak, ala J.Astiazaranek eta I.Sastrek txistua eta pianoa uztartuz Iztueta dantza-maisuak jasotako piezen moldaketa jostagarriz osatu duten Arineketan diskoa.

Jantzi dantzan

Etxera begiratzen hasi gara eta berriz barrura begiratuz bukatuko dugu sarrera hau, etxe honetako marka daramaten kamiseten aipamena eginaz, izan baita gure Dantzan marka soinean jantzita etxe honi eta dantzari atxikimendua erakutsi nahi izan dionik. Bihoaz gure esker onak! Bina kamiseta eta poltsa eredu ditugu salgai, dantzan.eus eta soka-dantza izenpean, gorri zein beltz, txiki zein ez hain txiki, neska-mutil zein aiton-amona, dantzarako zein ogia erostera joateko, norberarentzat zein oparitzeko. 

Eta gure erakusleiho xumean aurkitzen ez duzun zerbaiten bila bazabiltza, idatz iezaguzu ea lortzerik ote dugun, ahaleginik ez da faltako eta!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Dantzan Denda

Dantzan Denda

Dantzan Denda, Dantzan.com, dantza sustatu eta hedatzeko elkartearen produktu bat da. Bertan dantzarekin lotutako hainbat artikulu aurkituko dituzu salgai, eta aurkitzen ez duzuna esan iezaiguzu eta ahaleginduko gara zuretzako aurkitzen.

https://denda.dantzan.eus/