Soka erakusketaren bisita gidatua Beasainen
Soka, Euskal Dantzaren Urratsetan erakusketa Beasainen da egunotan, Igartza jauregian, eta Oier Araolazak erakusketara bisita gidatua eskaini du irailaren 29an. Euskal Kultur Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin prestatutako erakusketak euskal dantzaren bide-lerroetan bidaia aberatsa, dokumentatua, eta ikus-entzunezkoz oso ongi hornitua eskaintzen du, eta erakusketaren barrunbeetan nabigatzeko hainbat aholku eta jakingarri eskaini dizkie bisitara hurbildu diren herritarrei, dantzariei eta musikariei.
Lau atal nagusitan antolatutako edukiak jasotzen ditu Soka erakusketak, dantzaren sentipen intimoetatik abiatuta, dantzak historian eta gizartean dituen ikuspegi desberdinak jorratuz eta sorkuntzara begira borobilduz. Aipatzekoak dira dantza irudiak jasotzen dituzten filme ederrak, argazki handiak eta propio erakusketarako produzitu diren ukipen pantailak, ikusentzunezkoak eta testuak.