Dantzan 2000-2022: 20 urteurrena 2 urte beranduago
Dantzan.com domeinua 2000ko maiatzaren 8an erregistratu zen Whois-en ikusi dudanez. Beno, ez zen bakarrik erregistratu. Anaiak egin zuen. Gari Araolazak eraiki zuen Dantzan-en lehen webgunea. 1997-98 ingurutik Kezka dantza taldeari buruzko informazioa jarrita zeukan Garik sareko txokoren batean. Arrakis? Geocities? Ez dut gogoratzen.
1998. urtean <eibartarrak> posta zerrenda sortu zuen Luistxok eta horretan oinarrituta <dantzan> posta zerrenda sortu genuen. Dantzari buruzko albisteak posta zerrendara bidaltzen genituen; batzuetan elkarrizketa eragiten zuten eta beste batzuetan ez. Dantzari buruz paperean aldizkari bat egiteko proiektua nuen esku artean, baina hori martxan jartzeko finantziazioa lortu bitartean posta zerrendan trukatzen genuen informazioa webgune batean jartzen joatea bururatu zitzaigun. Gariri esan eta horrela sortu zen dantzan.com.
copy/paste
Musical Traditions aldizkaria interes handiz jarraitzen nuen sarean eta horren eredura eskatu nion Gariri eraiki zezan Dantzan.com. Hain eredura ere, lehen webgunea erabat kopiatu genuela, bai kodea, bai egitura, bai diseinua ere. Copy/pastearen aitzindariak. Dantzan.com-ez Archive.org-ek duen lehen kaptura 2001ko martxoaren 12koa da. Hauxe hain zuzen ere:
Eta hauxe berriz Mustrad aldizkaria, urtebete lehenagoko, 2000. urteko martxoko kaptura batean:

2000. urte horretan bertan sortu zuten CodeSyntax enpresa eta 2001ean egin ziguten webgune berria. Gari Araolaza arduratu zen teknikoki eraikitzeaz eta Maite Rementeriak egin zuen diseinua. Gaur arte iraun duten osagai nagusiak hor zeuden dagoeneko: egitura eta atalak, python hizkuntzan oinarrituta zopen sortuta zegoen (gaur egun horren bilakaera den Plonen), kolore gorriaren nagusitasuna eta.... Dantzan-en berezko ezaugarri diren oinak, abarketa zuri-gorriekin, muriska egiten.
Urte batzuk beranduago CodeSyntax enpresako Mikel Larreategik hartu zion erreleboa Gari Araolazari alor teknikoan eta Zaloa Etxanizek Maite Rementeriari diseinuan, eta hainbat eguneratze eta berritze lan egin dizkiote urte guzti hauetan, bai lehen txandakoek, zein bigarrenekoek, CodeSyntaxeko hainbat lankideren laguntza eta aholkuekin. 2010. urtean adibidez tankera hauxe zuen:

2015ean .com -etik .eus izatera pasa ginen eta 2022an logoa berritzeko enkargua egin diogu Tandem enpresako Erkuden Mendizabaleri. Dantzan Bizi kanpaina berak diseinatu zuen orain 10 urte eta proiektua primeran ezagutzen zuenez lankidetza goxoan aritu gara irudi berria prestatzen. Dagoeneko aste batzuk dira webgunean eta gainontzeko eremuetan ikus daitekeela.

Hemen dago Dantzan-en marka berria 2022tik aurrera darabilguna.