Jainko, mito eta errituen artean
Argazkia: ERM
Goiz jaiki eta Tallinngo autobus-geltokira etorri gara.
Autobus-txartelak saltzen dituen Tpilet plataformak ere jaialdietara autobusez joatea gomendatzen du, baina tamalez hemen ez dago guretzako beste jaialdirik aurtengoz, eta gaurko plana museo-txangoa dugu. Ea, goazen.
Tartura heldu gara, Estoniako bigarren hiri handienera. Ehun mila biztanle inguru ditu eta hiriburutik bi ordura dago, hego-ekialdeko norabidean.
Estoniako bizitza kultural, intelektual eta unibertsitarioaren erdigunetzat hartu da betiere Tartu, eta hori zela eta, protagonismoa berezia izan zuen estoniarren iratzartze nazionalean.
Kuriositate gisa, Tartu izenaren jatorriari buruzko hipotesietako batek dio Taarpadu hitzetik etor litekeela, hau da, estoniar mitologiako Taara jainkoaren padura.
Beste jainko batek, Vanemuine kantu-jainkoak, Estoniako teatro zaharrenari ematen dio izena. Autobus-geltokitik irten eta bostehun metrora ikus daiteke eraikin berria. 1870koa sute batek suntsitu zuen; 1906koa, berriz, bonba batek, eta hirugarren hau 1967koa da. Egun orkestra sinfoniko batek, ballet-konpainia batek, antzerki-konpainia batek eta abesbatza batek dute han egoitza.
Vanemuine teatroan estreinatu zen 1943an Eduard Tubin-en Kratt balleta, estoniarretako lehentzat hartzen dena.
Vanemuineko musika-zuzendari gisa, atzerrira bidaiatzeko aukera izan zuen Tubinek. Budapestera egin zuen bidaia batean Béla Bartók eta Zoltan Kodály ezagutu zituen, eta musika folklorikoaren inguruko interesa erantsi zioten. Hiiumaa uhartera joan zen herri-doinuen bila, eta 1938an Süit eesti tantsudest (Estoniar dantzetan oinarritutako suita) konposatzen hasi zen. Lehen mugimenduak Vana valss (Balts zaharra) du izena eta Aurkez-aurke doinua ekarri digu gogora uneka.
Geroago Kratt balleta konposatzeari ekin zion Tubinek. Honek ere kutsu nabariki estoniarra du. Azken moldaketetako batean, sauna-eszena bat ere badago!
Ballet hau famatua egin zen gertaera erdeinagarri batengatik ere. 1944ko martxoaren 9ko arratsaldean, Tallinngo Estonia Antzokian martxan zegoen emanaldia eten behar izan zen, hegazkin sobietarrak hiriburua bonbardatzen hasi zirenean. Antzokia ebakuatu ahal izan zen, baina kalte handiak jasan zituen, baita hirigune historikoaren zati handi batek ere.
Alderdi artistikoari dagokionez, txalogarria iruditzen zaigu Pikk Ingliska eszenarako ballet-estilora egin zuten herri-janzkeraren eta tradiziozko dantzaren azken moldaketa.
Musika herri-doinuetan inspiratuta dago, eta argumentuak, berriz, estoniar folkloreko Kratt izaki magikoa du oinarri. Alekia, esnea, arropa, dirua eta abar lapurtzen dituen su-hegalaria da. Beste zenbait sinesmenen arabera, traste zaharrekin kratt bat sor daiteke, eta bizia eman dakioke haren gainera hiru odol tanta isuri eta arima deabruari salduz gero. Horrela islatu zuen Andrus Kivirähk idazleak Rehepapp ehk November eleberrian, Rainer Sarnet film-zuzendariak 2017an zinemara eraman zuena November izenburuarekin.
Kratt-i puuk ere esaten zaio, hots, mamurra da eta lotura du beste hainbat terminoekin: ingelesezko puck, irlanderazko púca, norvegierazko puke, suedierazko puge... eta berriro ingelesezko bug, kokoa.
Puuk hitzak 'akain, kapar' esan nahi du estonieraz; pukk hitzak, berriz, 'aker'. Ba antza, estonieran ere arakatu liteke mamurren, akerren/ahuntzen eta kokoen/zomorroen arteko harreman linguistiko eta metaforikoa, Juanan Urbeltzen ikerketa eta teoriei jarraiki.
Estoniar herri-kulturan, näärid esaten zaio urte-aldaketaren garaiari. Uharteetan eta mendebaldean zabal zebilen ohitura zen XX. mendearen hasieran. Urteberri egunean, goizean goizik, animali-larruz eta ahuntz-adarrez mozorrotutako gazteak etxez etxe hasten ziren urte berri ona opatzeko, eta etxekoek garagardoa eskaini eta afariko hondarrak ematen zizkieten.
Sobietar garaian galarazita zegoen gabonak agerian ospatzea, eta haien tokia näärid tradizioak har zezala saiatu ziren agintariak. Postal-txartel askotan näärisokk (näärideko ahuntza) irudikatzen zen.
Ahuntzaren mozorroa ez zen bakarra eta beste zenbait ere dokumentatu dira: kurriloa, hartza, oilarra, antzara eta abar.
Hala eta guztiz ere, ohitura galtzeko bidean zen mende honen bueltan, eta 2018an Estoniako Folklore Kontseiluak martxan jarri zuen Hakkame santima! (Goazen eske!) ekimena, eske-errondak berpizteko asmoz.
Mozorroak San Migel, San Andres, Santa Luzia, Santo Tomas eta beste egun seinalatu batzuetan ere ibiltzen baziren ere, San Martin eta Santa Katalina bezperetara mugatu dute ekimena, azaroaren 9an eta 24an.
Sügis (udazken) hitzak milaka urte ditu, baina suvi (uda) eta talv (negu) hitzek baino gutxiago. Antzinako estoniarren sügis San Migel egunean hasten zen, abelburuak ukuiluratzen zirenean. Kolletamispäev esaten dioten urriaren 14rako, laborantza-lanek amaituta egon behar zuten, eta orduan negurako prest zegoen izadia. Sügis garrantzitsu bihurtu zen antzinako estoniarrek ehiztari-biltzaile izateari utzi eta lurra lantzen eta abereak hazten ikasi zutenean.
Estoniako Folklore Kontseiluak ikastaro laburrak antolatzen ditu, eta bertan eske-kantak, errezeta tradizionalak eta abar irakasten dira. Webgunean, berriz, mozorrotzeko eta mozorroei harrera egiteko aholkuak irakur daitezke.
Mardisandid mozorroek kolore iluneko beroki bilotsuak eramaten dituzte jantzirik, beldurgarri agertzeko.
Kadrisandid mozorroak, berriz, parpailez eta kinkilaz apaindutako kolore argiko arropekin janzten dira, estilo urbano eta modernoa irudikatuz.
Bideoan kadrisandid mozorroek Estoniako parlamentua bisitatu eta soka-dantza egiten dute agintari batzuekin.
Ibilaldi luze baten ondoren, Estoniako Museo Nazionaleko atarira heldu gara. Ez da hau ohizko museo nazional bat. Horrela definitzen dute bere webgunean: "Orientazio etnologikoa duen historia kulturalaren museoa da, eta helburua du islatzea eguneroko bizitza eta bereziki kultura bizibide eta bizimodu gisa, haren denbora-, espazio- eta gizarte-aniztasuna aintzat hartuta".
Zenbait aldiz aldatu da egoitzaz 1909tik. Bi urte lehenago zendutako Jakob Hurt-en lan mardulari jarraipena emateko asmoz sortu zuten, eta haren oroimenari eskaini zioten.
Folklorista, teologo eta hizkuntzalaria zen Hurt, eta estoniarren iratzartze nazionalaren aitzindari garrantzitsuenetakoa.
1860an ekin zion folklorea biltzeari, Friedrich Reinhold Kreutzwald-en Kalevipoeg epopeiak inspiraturik. Zenbait dei argitaratu zituen egunkarietan laguntzaile boluntarioen bila eta folklorea nola bildu azalduz. Mila eta laurehun lagunek erantzun zieten deiei, eta beren laguntzari esker, genero guztietako 261.589 folklore-adierazpen bildu zituen Hurtek.
1869ko lehenengo laulupidua egin eta hurrengo urtean, eta bere traszendentziaren eraginez, ikasle-multzo bat biltzen hasi zen Kalevipoeg-i buruz hitz eta gogoeta egiteko, eta Hurt izan zen gonbidatu zuten adituetako bat. Segituan eratu zuen talde hark Unibertsitateko Ikasle Estoniarren Elkartea (EÜS), eta erabaki zuten bandera urdin, beltz eta zuri bat izango zela beren ikurra. Apurka-apurka eta herrialde osoan zehar, beste ikasle asko hasi ziren debekatutako kolore horiek erabiltzen, baita zenbait abesbatza ere kanta jaialdietan, eta estoniar abertzaletasunaren kolore bihurtu ziren azkenean. 1918an Estonia independizatu berriaren bandera ofizial gisa ezarri zen, eta airean dantzan dabil berriro 1991tik.
EÜS-en lehen bandera hura, emalipp edo ama bandera deritzona, 2016an ekarri zuten museoaren egoitza berrira, inauguratu eta gutxira.
Eraikin berria sobietar garaiko bonba-hegazkinen base baten pistan kokatzen da, eta hortik bere itxura luzanga. Base militarra egoteak Tartu bisitatzea galarazten zien atzerritarrei. Egun, ordea, atzerritarrak urteko 200.000 bisitarien %15 gara.
Museoak harreman estua du herri-janzkerarekin. Erakusketa biziki interesgarriak antolatzeaz gain, 2005ean Jantzigintza Eskola hartu zuen bere baitan. Eskola 1988an sortu zen Tallinnen, Estoniako Herri Kultura Etxearen babesean. 1987ko Iraultza Abestuaren eta independentziaren berrezarpenaren garaian, berezko sustraien bilaketa bereziki garrantzitsu bihurtu zen, eta gero eta jende gehiagok nahi zuen bere jatorrizko eskualdeko herri-jantzi bat eskuratu. Horrela hasi zen eskola herri-janzkeraren historian eta jantzigintzan interesatuak trebatzen, eta museoa ezinbesteko laguntzaile izan zuen, herri-jantzien bilduma ugaria, artxiboko materialak eta ikertzaileak baititu.
2017ko ekainetik 2018ko abendura, inoizko herri-jantzi estoniarren erakusketarik handiena egin zen hemen. Rahvarõivas on norm. Igal aastaajal (Herri-janzkera dugu araua, urtaro guztietan) zuen izena eta museoan mende batez gordetako 150 jantzi baino gehiago erakutsi ziren.
Zoritxarrez beranduegi heldu gara, baina zorionez, erakusketa amaitutakoan, erakutsitako 45 jantzi bilduma iraunkorrari gehitu ziren eta ikusgai daude oraindik.
2017an ere beste erakusketa bat antolatu zuen museoak estoniar motibo herrikoietan inspiratutako 134 jantziekin. Zenbait hilabetez bi erakusketak aldi berean bisitatu ahal izan zirenez, Riina Reinvelt komisarioak azaltzen zituen bi ikuspegiak erkatu ahal izan zituzten bisitariek:
1928an Laulupidua eta Estoniako Errepublikaren hamargarren urteurrena ospatu zirenean, herri-jantziak berreskuratzeko ideiak indarra hartu zuen, eta horren gainean bi ikuspegi sortu ziren. Bata herri-jantzi jatorrak kopiatzea zen, museoan gordetzen ziren ereduetan oinarriturik, eta bestea arte herrikoiaren elementuak hartu eta jantzi modernoetara egokitzea.
Museoko irteerara bidean, ezagun batek esaten digu agur, lehenago aipatutako November filmean agertzen den Kratt-ak.
Laulupiduaren museoa gelditzen zaigu bisitatzeko. Goazen harantz.
- Aurreko kronika: Folkloretan blai
Bi kofi










