Folkloretan blai
Argazkia: Rein Leib
Gaur uztailaren 5a dugu, eta euritsu esnatu da. Zer dugu egun egitarauan? Ba eguerdiko ordu batean rongkäik edo desfilea abiatuko omen da Askatasunaren Plazatik, eta Kanta Zabaldegiraino dauden lau kilometroak egingo omen dituzte berrogeita bost mila lagun inguruk. Euripean ere? Ba egiaztatzera goaz.
Larunbata dugu eta apartamentutik hirigunera garamatzaten kaleetan oso jende gutxi dago. Bertan behera geratu ote da desfilea? Narva Hiribidera gerturatu ahala, musika entzuten hasi gara eta handik gutxira partaideak ikusten ere.
Dantza-taldeek, abesbatzek eta musika-taldeek desfilatzen dute, konderrika multzokaturik. Hiribidearen bi bazterretatik, ikusleek adi-adi begiratu eta deiadar egiten diete partaideei animatzearren: Elagu Kiili Koor! (Gora Kiili Abesbatza!). Eta oihuka erantzuten diote partaideek ere elagu bakoitzari.
Estoniarrek txantxa errepikaria dute: Zein da Estoniako eskualde guztien janzkeretan janzki komun bakarra? Euritako kapusai gardena.
Superheroi-kapa bat balitz bezala, soinean jantzi eta aurre egiten diete elementuei bestela bezala.
Goiko argazkian agertzen den argi-zuziaren inguruan kontatuko dizuegu pixka bat.
Lehen Üldlaulupidu edo Kanta Jaialdi orokorra 1869ko ekainean ospatu zen Tartun. XIX. mendearen amaieran, Estonia Errusiar Inperioko probintzia bat baino ez zen, eta laborari estoniarrak lurjabe alemaniarren menpe bizi ziren oraindik. Alfabetatzearen hedapenarekin batera, askatasun- eta burujabetasun-gose eta egarria sartzen hasi zitzaizkien estoniarrei. Kanta Jaialdiak esnatze nazionalaren sentimendu horiek agertu zituen. Gertaera musikala zein soziopolitikoa izan zen, eta norabidea markatu zien geroago etortzeko ziren askapen-mugimenduei.
1969an, Kanta Jaialdiaren mendeurrena zela eta, Tartutik Tallinnera argi-zuzi bat eramango zuen zeremonia bat antolatzea erabaki zen. Oroitzapenezko monumentuaren parean piztu zen argi-zuzia, eta garai hartako barruti-zentro guztietatik igaro zen.
Estoniako Gizonezkoen Kantu Elkartearen ekimenez, 1990ean bigarren aldiz eraman zuten, oraingoan zaldiz, eta harrezkerotik jaialdi orokor guztietan egiten da zeremonia.
2014tik argi-zuzia Estoniako Museo Nazionaleko parkean pizten da, Tartuko aldirian. Urte horretan 4444 eramaile egon ziren eta bizikletaz egin zuten ibilbide osoa.
2019an, zeremoniaren 50. urteurrena zela eta, hogeita hamahiru egun iraun zuen ibilbideak, eta 4200 kilometro egin zituen argi-zuziak.
Edizio honetako ibilbideak hogeita bi egun iraun ditu, eta bere 2500 kilometroak askotariko garraiobideetan egin dira: autoz, motorrez, zaldiz, zalgurdiz, belaontziz, kanoaz, txalupaz, gabarraz, trenez, bizikletaz, irristailuz eta giza kate baten eskutik eskura, besteak beste.
Konderri bakoitzak bizpahiru egunez gordetzen du argi-zuzia, eta hurrengoari eskuratzen dio ekitalditxo batean, bien arteko mugan.
Argi-zuzia uztailaren 2an heldu zen hiriburura, harrera egin zioten Udaletxeko Plazan, eta hurrengo egunean, Kalev Estadioko pebetontzia piztu zuten harekin, lehenengo dantza-emanaldia hasi aurretik.
Orain Lauluväljak edo Kanta Zabaldegira daramate, eta hango pebetontzia piztuko dute arratsaldeko zazpi eta erdietan lehenengo kanta-emanaldiari hasiera emateko.
Baina lehenengoa laburregia gertatuko zitzaigula pentsatu genuen, eta bigarrenerako txartelak lortzeko eskatu genion Tiiari. Prezioa 11 eurotik 70 eurora bitartekoa da. Merkeenak bertan esertzeko zentimetro karratu batzuk belar bilatzeko eskubidea emango digu.
Atzo bezala, gaurkoan ere euria dabil zoritxarrez. Kantaldia ordu bietan hasiko da, eta noiznahi sar bataiteke ere, hasiera-hasieratik ikusi eta entzun nahi dugu.
Hirurogei mila pertsona inguru bertaratzea espero da, eta gehienak garraio publikoz etorriko dira, Kanta Zabaldegia hiriburuaren kanpoaldean baitago. Oinez, bizikletaz edo garraio publikoan etortzeko deia egin du udalak.
Gu esanekoak gara eta bidearen zati bat tranbiaz egin dugu. Jakinaren gainean jarriak ginen aurrez, eta ez dugu aterkirik ekarri, debekatuta baitaude. Atarian, despistatuei konfiskatu eta mahai baten gainean uzten dizkiete, irtetean jasotzeko.
Jende dezente dago daborduko, baina lortu dugu lurzatitxo bat gureganatzea, eta bandera landatu dugu. Zazpi orduko kantaldia dugu aurretik. Ez dakigu euriak tregoa emango digun, baina oraingoz bi euritako pontxoren azpian aterpetzen gara.
Ahoa garbitzeko, Kanta Zabaldegi honi buruzko xehetasun batzuk:
Lehenengo eszenatokia egurrezkoa zen, estilo neoklasikokoa, eta garai hartan ospetsua zen Karl Burman arkitektoak diseinatu zuen. 1928ko laulupiduan mustu zuten, eta 12000 kantari kabitzen zituen.
Egungo eszenatokian hiru mila gehiago kabitzen dira, 15000 guztira. Elementu nagusia du forma hiperbolikoko markesina. Garaiz azkendu zuten 1960ko Laulupidurako.
Publikoarentzako zabalguneak 75000 lagun kabitzen ditu, eta ezkiz inguratuta dago, akustikari laguntzeko asmoz.
Gure bi eskukatutako esku-programetako bat ekarri dugu jaialdiari jarraitzen saiatzeko. Ziurtatu behar genuen bat gutxienez bizirik irtengo zela, eta bestea apartamentuan utzi dugu. Teatajak kanta bakoitzaren xehetasun guztiak ekartzen ditu, hitzak barne. Teknologiari laguntzioa eskatu, eta listo! Itzultze nahiko doiak.
Kobre-orkestrek jo dute aurrenik, eta gero haur-abesbatzei utzi diete lekua. Geroago gizonezkoenak, emakumezkoenak, mistoak... guztira 32022 kantari igaroko dira eszenatokitik.
Mota bakoitzeko abesbatzek lauzpabost kanta abesten dituzte, eta pasa daitezela hurrengoak!
Kanta bakoitzak bere zuzendaria du, eta batzuetan abeslari famatuek ere hartzen dute parte bakarlari gisa; adibidez, Liisi Koikson-ek Siin ta on, see minu kodu (Hemen dago, hau da nire etxea) kantan.
Helduen abesbatza guztiek bat egingo dute azken bost kantak abesteko. Amen batean aurkitu dute norbere lekua 19196 kantarik eszenatokiaren gainean edo parean. Honezkero gainezka egin digu gure harritzeko ahalmenak.
Azkenurrena Ta lendab mesipuu poole izango da. Letra Juhan Liiv-en 1905eko poema bat da.
Zirrara airean dabil. Biserako, Hirvo Surva zuzendariak ez jotzeko eskatu dio orkestrari, eta a capella abestu dute.
Poemaren bigarren ahapaldia Maarjamäeko sobietar okupazioaren biktimen omenezko monumentuan ere irakur daiteke:
| Ja langevad teele tuhanded, veel koju jõuavad tuhanded ja viivad vaeva ja hoole ja lendavad mesipuu poole. |
Eta milaka eroriko dira bidean, baina beste milaka helduko dira etxera eta neke eta ardura ekarriko dute aldean eta erletxerantz egingo dute hegan. |
1965eko edizioaz geroztik, Mu isamaa on minu arm (Aberria dut maitea) kantarekin ematen zaio amaiera jaialdiari. Lydia Koidula olerkari nazionalak idatzi zuen 1867an, eta bi urte geroago Aleksander Kunileid-ek musikatu zuen lehenengo laulupidurako. Hala ere, egun abesten den doinua Gustav Ernesaks-ek jarri zion 1944an.
Sobietar okupazioaren garaian, ereserki nazional ofiziosotzat hartzen zuten estoniarrek. Zenbait ediziotan zentsuratu zuten sobietar agintariek, "gehiegizko abertzaletasuna" adierazten zuelako, baina 1960ko jaialdia bukatutakoan, bat-batean ekin zioten partaide guztiek hura kantatzeari, eta baimendua izan zen harrezkero.
Behin Estoniaren independentzia aldarrikatuta, ereserki nazional gisa proposatu zen, baina Ernesaks bera ez zen alde agertu, abesteko oso zaila zela iruditzen baitzitzaion.
Heli Jürgenson aurtengo laulupiduaren zuzendariak berak zuzenduko du azken kanta hau. Horren harira, lehenengo aldiz, dantza-, kanta- eta musika-jaialdien hiru zuzendari nagusiak emakumeak dira.
Egitarautik kanpo, bonus track gisa eta ohitura den bezala, 88 urteko Neeme Järvi orkestra-zuzendaria podiumera igo da Kodumaa kanta jostagarria zuzentzera. Ondoren eman dioten lore-sorta publikoari botatzen saiatu da, baina oreka galdu eta podiumetik erori da lurrera. Isiltasuna egin da segundo luze batzuez. Zuzendariei ematen zaien haritz-hostozko koroak kolpea moteldu du mirariz, eta Neeme podiumera bueltatu da bisa zuzentzera.
Eta akabo jaialdia! Lau egun oso trinkoak izan dira.
Bihar, astelehena, eta ia mundu osoan bezala, hemen Estonian ere museoak itxita egongo dira; beraz, denbora-pasa ibiliko gara. Etzi, berriz, Tartura joatekoak gara Estoniako Museo Nazionala eta Laulupiduaren museotxoa bisitatzera. Hurrengo kroniketan kontatuko dizuegu.
- Aurreko kronika: Lur emankorra bailiran dantzariak
Bi kofi









