Lur emankorra bailiran dantzariak
Argazkia: Toomas-Vahur Lihtmaa
Liluraturik utzi gaitu Tantsupidu dantza-jaialdiak. Mende eta erdiko eredua da, baina haren makineriak lehen egunean bezala funtzionatzen du, antzez, taxuz eta dantzapozez koipeztaturik.
Miresgarria da dantzari hauen ardura. Nekeak ahituta heltzen dira aste honen amaierara, baina denbora gutxi beharko dute indarrak berritu eta hurrengo edizioa gogoan eta oinetan erabiltzen hasteko.
Aurreko kronikan esan genuen bezala, galderaren bat edo beste ere geratu zaigu buruan bueltaka. Potoloena akaso, zer ikusi dugu zehazki? Jaialdiaren izenean, Tantsupidu, ez da dantza adjektibatzen. Dantza gimnastiko gutxi batzuk egon dira egitarauan, baina zein osagarri jarriko liekete estoniarrek ikusi ditugun gainerako dantzei? Gehienek rahvatants (herri-dantza) dela erantzungo lukete ziur aski. Bistan da herriak bere egiten dituela, horretaz ez dugu zalantzarik. Baina harritu egin gaitu egitarauan zeuden dantza guztiek "jaiotza-agiria" izateak, hau da, sortze-data eta egile ezaguna.
Tantsupiduri buruzkoak irakurri ahala, gero eta argixeago egiten digute kontua, baina, era berean, ohartzen gara korapilatsu samarra dela. Ea mataza askatzea lortzen dugun.
Bigarren kronikan estoniar herri-dantzaren glosarioa (eesti rahvatantsu oskussõnastik) aipatu genuen, eta hara jo dugu argibide bila.
Beste ezer baino lehen, jakin nahi genuen nola definitzen duen rahvatants estonieraren hiztegi orokorrak. Hona hemen:
herri-dantza: eskualde edo komunitate bateko dantza tradizionala; estilo nazionalean sortutako dantza eszenikoa.
Glosarioak, berriz, terminoaren bertako ikuspegia azpimarratzen du:
herri-dantza: tradiziozko dantza, dantza eszenikoa eta hauen bitarteko formak barne hartzen dituen termino orokorra.
Katustermin hitzak "teilatu-termino" esan nahi du hitzez hitz, eta horrek lagungarri eskaintzen digu ulertzeko teilatu horren azpian dantza-mota jakin baten munduak duela bere etxea. Badaezpada ere, oin-puntetan sartuko gara bi bizilagunak, pärimustants eta lavatants, elkarrekin nola moldatzen diren enteratzen saiatzera.
Ea zer kontatzen digun glosarioak lehenik:
tradiziozko dantza: hainbat aldaeratan existitzen den dantza-estiloa edo dantza-moldea, forma finkorik ez duena eta folklorearen parte dena.
Sinonimo gisa eta definizio berarekin folkloorne tants (dantza folklorikoa) eta rahvapärimuslik tants (herri-tradiziozko dantza) dakartza, ohar batean zehaztuta ere esanahi ñabardurak testuinguruaren arabera alda daitezkeela.
dantza eszenikoa: XX. mendean garatu zen dantza-estilo nazionala, non dantzen sorkuntza eta aurkezpena ikusleen egotean oinarritzen den eta mugimendu estandarizatu edo tradizionalak erabiltzen diren.
Aurrekoan bezala, sinonimo gisa eta definizio berarekin lavaline rahvatants eta lavarahvatants (herri-dantza eszenikoa), rahvuslik lavatants (dantza eszeniko nazionala), uusloominguline tants (sorkuntza berriko dantza) eta autoritants (egile-dantza). Azken termino honen sarrerak esaldi premonitorioa dakar adibide gisa:
Tantsupidude ajal on rõhk autoritantsudel, hau da, Tantsupiduetan egile-dantzetan jartzen da enfasia.
Laster itzuliko gara esaldi horretara, baina aurretik termino hauei guztiei helduko diegu apur batean, eta horretarako Sille Kapper-Tiisler aurkeztuko dizuegu.
Sille Leigarid dantza-taldeko zuzendari artistikoa da eta Estonian herri-dantzan doktoretza lortu zuen lehena Muutuv pärimustants: kontseptsioonid ja realisatsioonid Eestis 2008–2013 (Tradiziozko dantza aldakorra: ikuskerak eta gauzatzeak Estonian 2008-2013) doktoretza-tesiarekin, hain zuzen.
Sillek berak laburbiltzen du:
Nire doktoretza-tesian gaur egun pärimustants (tradiziozko dantza) deritzon dantza-motaren kontzeptua eta kultura azaltzea nuen helburu. Fenomenoa ez da berria berez, baina pärimustants hitza 2000ko hamarkadaren erdialdetik aurrera baino ez zen jendarteratu. Neurrigabeki hedatutako rahvatants (herri-dantza) kontzeptuaren zati bat izendatu nahi zuen hitz berriak. Ordurako rahvatants hitzaren esanahiaren hedapenak muga guztiak gaindituak zituen, eta herri-jantzian egiten zen ia guztia hartzen zuen barne, urtebetetze-festa bateko gizarte-dantza bat ere, adibidez. Aldi oro zehaztu beharra zegoen zer-nolako rahvatantsez ari zen. Osagarria aipatzen ez bazen (eszeniko, egile-, folkloriko, tradiziozko, etab.), solaskideek ez zioten elkarri ulertuko ia ziurrenik.
Irrikatutako argitasun-unea laburra izan zen, jendea askotariko esanahiak esleitzen hasi baitzen pärimustants kontzeptuari ere, beren ezagutza eta eskarmentuaren arabera. Adierazgarri garrantzitsu asko proposatzen ziren, kontraesankor batzuk ere: tradiziozko dantzaren bereizgarri gisa, inprobisazioa, aldakortasuna eta denboran zeharreko egonkortasuna aipatzen ziren. Nagusiki tradiziozko dantza iraganekoa edo komunitate jakin baten bizitzakoa zela uste zen. Batzuetan dantzarien arteko harremana eta ikusia izateko pentsatutako dantzarekiko antagonismoa bihurtzen ziren tradiziozko dantzaren funtsezko ezaugarri. Beste batzuetan egilerik eza ere aipatzen zen. Hala ere, askotariko enfasiekin batera, pentsamenduaren ildo komun bat sortu zen, tradiziozko dantzaren kontzeptua gaur egun iraganeko laborarien dantzaz dugun irudiarekin lotzen zuena.
Aurreko kroniketan kontatua genuen Anna Raudkats eta Ullo Toomi, besteak beste, tradiziozko dantzak biltzen ibiliak zirela. Eesti rahvatantsud (Estoniar herri-dantzak) izeneko liburu bana idatzi zuten. 1953ko Ullorenaren aurkibideak honela dio:
- Soka- eta inguru-dantzak
- Talde-dantzak
- Bikote-dantzak
- Gizon-dantzak
- Emakume-dantzak
- Sorkuntza berriko dantzak
Azken atalak liburuaren erdia hartzen du.
Dantza berrien lehen lehiaketa 1950an deitu zen, Toomik zuzendu behar zuen tantsupidurako, eta aurkeztutako hogeita hamarretatik bat sartu zuten edizio hartako egitarauan.
1955ean egungo kokalekura aldatu zen jaialdia. Kalev estadioaren neurriak erronka eszeniko berriak ekarri zituen. Toomiren ustez, ez zen nahikoa dantzak ematea bakarrik, eszenaratzeko beste aukera batzuk ere erabili behar ziren; ondorioz, figura konplexuagoak probatu ziren eta egile-dantzen proportzioak gora egin zuen nabarmen.
Ez dugu ahaztu behar orduko beste kontu nagusi bat: Estoniak ez zion ihes egin dantza folkloriko eszenikoa sortzearen fenomenoari, Sobietar Batasun osoan kultura-propagandarako tresna gisa erabili zena "nazionala forman, sozialista edukian" formulapean. Aitzindari eta paradigma nagusia Igor Moiseiev koreografo errusiarra izan zen, balletaren teknika edozein dantza profesionalerako funtsezkoa zelakoan.
Laburbiltzen jarraitzen du Sillek:
Rahvuslik lavatants (dantza eszeniko nazionala) estiloa, sobietar garaian forma bereziki definitua hartu zuena, iraganeko laborarien dantzaren oinarrizko mugimenduak erabiltzen saiatzen da eta, beste alderdi batzuetan, mundu-ikuskera tradizionala irudikatzen ere, eta aldi berean "anaia nagusiaren" balletean oinarritutako estetika imitatzen du. Halaber, Estonian hiruzpalau belaunaldi ezin izan dira hazi dantza eszeniko nazional horrekin nolabaiteko harremanik izan gabe, dela ikusle gisa, dela partaide gisa. Hori dela eta, dantza eszeniko nazionalaren ohiko elementuak, ustez laborarien kultura islatzen dutenak, tradiziozko dantzara ere transferitzen dira, eta batzuetan gaitzespena sortzen badu ere, askotan inor ez da horretaz ohartzen.
Dantzak ulermenean, ezagutzan eta trebetasunetan du oinarri. Horiei, oro har, "kontzeptu" esaten zaie, eta dantzan edo dantzaldi bakoitzean agertzen dira. Dantzaren praktika gidatzen duen ezagutzak komunitatearen balio historikoak eta lehentasunak, eta gizabanakoen trebetasun, gaitasun eta ohiturak (kulturalki koherenteak) hartzen ditu barne. Horrela islatzen ditu dantzak kulturaren lege orokorrenak; hortaz, oraingo tradiziozko dantza gure iragan hurbil eta urrunaren, eta egungo aurrerapenen arteko uztarketa miragarria da. Egungo tradiziozko dantzan nabari dira sobietar garaiko kolonialismo sozialaren aztarnak. Hasieran dantza eszeniko nazionalean gertatu ziren ageriko aldaketek oraingo tradiziozko dantzan diraute, Estoniak independentzia berreskuratu zuenetik hiru hamarkada baino gehiago igaro direnean. Dantza eszenikoaren estetika "goratua" hain sakon barneratu da gure gorputzetan, non elementu eszenikoak erosotzat eta egokitzat hartzen ditugun, ez bakarrik jaialdietan eta emanaldietan, baita edozein festatan lagunekin dantzatzean ere. Posible litzateke kulturaren deskolonizatzea, (auto)kolonizazio kulturala lehengoratzea? Ez nion galdera horri erantzunik bilatzen, baizik eta dantzak gure egoera sozialaz zer adierazten duen ulertzea.
Egungo tradiziozko dantzak geruza historiko ezberdinak iradokitzen ditu, autokontzientzia nazionala eta tokikoa gorpuzten ditu, eta komunitateko kide izatearen zentzua sendotzen du. Ezagutzaren gorputz-adierazpena indibiduala eta subjektiboa da dantzan, gizarte aske batean bezala. Ikerketak erakusten du tradiziozko dantzak zeregin garrantzitsua duela aro modernoan, iraganarekiko loturen zaintzaile gisa, eta kide izate- eta segurtasun-zentzuaren ekarle gisa. Dantza-mota hau beharrezkoa da jende askorentzat. Beraz, ez dago beldurrik tradiziozko dantza laborarien kulturari lotutako dantza-mota gisa desagertzeko, noizean behin arrisku hori aipatzen bada ere. Bestetik, esan beharra dago fenomeno kulturala dela, soilik eta zentzu guztietan, ez dela edoskitzen amaren esnearekin batera, ezta biologikoki transmititzen ere (ez behintzat modu esanguratsuan, ikerketa berrienen arabera), baizik eta nagusiki irakaskuntza eta hezkuntzaren bidez. Egoera honetan zer eta nola ikasi edo irakatsi dantzariari zein dantza-maisuari dagokion erabakia da.
Ba itzul gaitezen orain goiko esaldira. Zergatik jartzen da tantsupiduetan enfasia egile-dantzetan? Egile-dantza eszenikoaren aldeko apustua da, tradiziozko dantzaren kaltetan? Antolaketa kontua da?
Beste bi galdera mahaigaineratuko ditugu, baina hauek eginak zeuden honezkero:
Zergatik ez dago tradiziozko dantzarik tantsupiduan? Zergatik hitz egiten dugu bereiz tradiziozko dantzaz, eta zertan bereizten da tantsupiduan ikusten dugun herri-dantzatik?
Estoniako irrati publikoak Laulupiduko istorio ikusezinak izeneko elkarrizketa-sorta egiten du urtero. 2023an Sille elkarrizketatu zuten, eta goiko bi galderek izenburua ematen zioten elkarrizketari. Hona hemen zati batzuk:
Zertan dira ezberdin tradiziozko dantza eta, nolabait esateko, ohiko herri-dantza?
Ziur aski tradiziozko dantzaren eta herri-dantza eszenikoaren arteko desberdintasun argiena funtzioa da, edo bestela esanda, zertarako dantzatzen dira tradiziozko dantzak. Eskuarki komunitate batek, jende-multzo batek, bere baitarako dantzatzen ditu, bere bururako, lagunekin edo ahaideekin egoten direnean ere. Herri-dantza eszenikoak, aldiz, publikoak ikus dezan du helburu; jende talde batek konposizio jakin bateko koreografia jakin bat ikasi du, eta beste jende talde batek, gehienetan ugariagoa, begiratu eta txalotzen ditu.
Beste desberdintasun handi bat dute elkarren artean: dantzari bakoitza da tradiziozko dantzaren sortzailea, askotariko arau edo sinesmen tradizional eta komunitarioen esparruan; herri-dantza eszenikoak, berriz, egile bakarra du gehienetan. Egile horrek pentsatu du zein den dantza horren gaia, zer kontatu nahi duen, zer nolako emozioa helarazi nahi duen. Egile-dantzan dantzaria interprete moduko bat da, egile baten ideia interpretatu eta aditzera ematen du taldearekin batera. Baina tradiziozko dantzan dantzariak aditzera ematen duen ideia berea da neurri handi batean.
Inoiz aurkeztu al da gure tantsupiduen historian tradiziozko dantza jatorra eta egokia?
Galdera litzateke zein dugun tradiziozko dantza egokitzat zentzu hertsian. Idatzita dagoena, hainbeste pausorekin norabide jakin batean eta delako doinuarekin? Edo egokitzat al dugu testuingurua eta egoera jatorrak baldin badira, dela ezkontza batean, dela lagunekin ondo pasatzeko? Egokitasuna alde batera utzirik, nik uste dut tantsupiduan ezin dela tradiziozko dantza-molde pururik egon. Tantsupidua aurkezpen eszenikoa da, dantzariak ate batetik sartu eta bestetik irteteko antolatu behar ditugu, eta bitartean figurak ere egin behar dituzte, eta horregatik ez da jadanik benetako tradiziozko dantza, nahiz eta dantza-testua edo mugimenduak musikarekin guztiz bat etorri. Baina horrek ez dio baliorik kentzen jendeak jostetan egiten duen beste edozein tradiziozko dantzarekin alderaturik. Hitz batean, tantsupiduan beti dantzatzen dira tradiziozko dantzen moldaketak; hori dela eta, norbaitek moldatu eta zerbaitetarako aldatu du, eta hala, bere mezuaren adierazpide bihurtu ere.
Ba al dago aukerarik tantsupiduan tradiziozko dantzetarako momentua sortzeko?
Inoiz ez esan inoiz ez, baina egia da jaialdi handien formatuak galarazten digula nolabait. Hala ere, dantzaldi txikiagoetan tradiziozko dantza-molde jatorragoak aurkezten saiatzen gara.
Sillek aipatzen dituen dantzaldi txikiago horietako bat Estoniako Aire Zabaleko Museoan gertatzen da udako larunbat eta igande goizero. Izan ere, Leigarid taldea asmo zehatz horrekin sortu zen 1969an. Kristjan Torop folkloristari dantza-talde bat eratzea proposatu zioten, museoko bisitariei estoniar herri-dantza eta herri-musika erakusteko.
Pentsatzeari ekin nion zer izan zitekeen egokia holako museo batean dantzatzeko eta jotzeko. Nik neuk egile-dantzak sortuak banituen ere, argi neukan han ez zetozela bat. Ez nuen dantza folklorikoarekin berariaz lan egina, eta trebatu behar izan nuen alor horretan. Egia esan, nahiko azkar aurkitu genuen gure estilo propioa. Folklorean oinarritutako talde bat fenomeno aparta zen urte haietan.
(Kristjan Torop)
Ba bai, fenomenoa omen zen. Garai hartako estoniar herri-dantzaren triunbiratua Toropek berak, Mait Agu-k eta Ilma Adamson-ek osatzen zuten. Esamesak zebiltzan elkarrekin nola moldatzen ziren. 2014an, Leigarid taldearen 45. urteurrena zela eta, Jaan Ulst koreografo independenteak haien Viies Pöripäev (Bosgarren solstizioa) ikuskizuna zuzendu zuen, eta elkarrizketa batean auziari buruz galdetu zioten:
Sobietar garaian, Tallinngo Opor-Parkeen Zuzendaritzako kolektibo bat zen Leigarid. Garai hartan, bazegoen nolabaiteko aurkakotasuna Kristjan Toropen taldea, eta Mait Agu eta Ilma Adamsonen herri-dantzaren eskolaren artean. Oker ez banago, Toropen lanak folklorea eta jatortasuna zituen oinarri nagusiki, eta beste eskolak, aldiz, beste elementu asko txertatzen zizkion dantzari. Aurkakotasun horrek hor dirau oraindik?
Kristjan Torop eta dantza eszenikoaren arteko aurkakotasuna handizkatu izan da. Desadostasunak bazeuden ere, neurri handi batean Toropen bizialdian zehar gainditu ziren. Elkar ulertzen zuten bi alderdiek. Bai Kristjan Torop eta bai Mait Agu oso burutsuak, irekiak eta jasanberak ziren. Biontzat ere garrantzitsua zen gauzak zehatz eta zuzen izendatzea. Biak izan ziren etenbako ikastunak, pentsalari sakonak eta sortzaile jakinguratsuak, nor bere ezaugarriekin, baina alderdi batzuetan oso antzekoak. Leigarid-ekoek dantzan garrantzitsutzat jotzen duten jatortasunak ez dakar gatazkarik beste dantza-eskolekin. Berezitasunak ez du zertan aurkakotasunik ekarri behar.
Mait Agu dantzari eta koreografo polifazetikoa izan zen. 46 urte zituela hil zen auto-istripu batean, 1999ko tantsupiduan zuzendari eszeniko orokor gisa ziharduela ere, baina amaiera goiztiar hark ez zuen estoniar dantzaren mito bihurtzea ekidin.
1997an bere bizitzari buruzko dokumental bat filmatu zen, Tantsivad kõik (Guztiok dantzatzen dute) izenekoa, eta bertan bere gogoeta batzuk entzuten dira, baita herri-dantzari buruzkoak ere. 16:15 minututik aurrera, Toropen adierazpen mamitsu batzuk ere agertzen dira, baita Mait Agu eta Sille Kapper-Tiislerren arteko iritzi-trukaketa ere, Tallinngo Pedagogia Institutuan irakasle eta ikasle ari zirenean hurrenez hurren.
Mait-ek Peiar folkshow taldea ere sortu zuen. Hona hemen taldeko bideo bat. Estilizazioaren eta karaktere-dantzaren aldeko bere apustua nabaria zen.
Zein garrantzi ematen zaion gaur egun tradiziozko dantzari? Nahikoa ote da?
Kristiina Siig Kikkapuu koreografiaren zuzendari eszeniko gisa ikusi genuen aurreko kronikan. Dantzari gisa Leigarid taldean trebatu zen, eta egun Leesikad taldeko zuzendari artistikoa da, baita Sabatants tradiziozko dantza jaialdiko kolaboratzailea ere.
Gazteen Tantsupiduan adin guztietako eskola-umeek eta eskola-gazteek hartzen dute parte. Kristiina 2017ko edizioko batzorde artistikoko kidea izan zen, eta tradiziozko dantza sartzen saiatzearen esperientziaz idatzi zuen:
Pärimustants tantsupiduan?
Tradiziozko dantzaren ezaugarri nagusiak inprobisazioa, aldakortasuna eta ezagutza kolektiboa dira. Herri-tradiziozko dantzek, herri-kantek, esaera zaharrek eta abarrek bezala, ez dute egile jakin bakarra. Nire ustez, estoniar tradiziozko dantzaren ezaugarririk garrantzitsuena funtsean gizarte-dantza izatean datza. Hitz gutxitan: dantzatua izateko da, ez ikusia izateko. Ikusleen presentzia edo dantzaren arrakastari buruzko iritzia ez dira garrantzitsuak tradiziozko dantzaren kasuan.
Tantsupidua, ordea, hainbat egileren lanean oinarritutako ekoizpena da, tematikoki zein bisualki trama jarraitu batean oinarri duena, hau da, istorio oso baten kontaeran. Tantsupiduko dantzak sorkuntza berrikoak dira eta mugimendu figuratiboaren bidez eszenaratzen dira. Tantsupiduan onartua izateko, dantza-taldearen trebetasunak eta horien arabera ezartzen den sailkapena hartzen dira kontuan.
Bata folklorea da, bestea genero artistikoa. Bata gizarte-jarduera parte-hartzailea da, bestea kalitate profesionala eskatzen duen eszenaratze masiboa. Bata eta bestearen dantzakera, estetika eta balioak ez dira elkarren ezberdinak bakarrik, batzuetan gatazkan ere sartzen dira. Era berean, bi dantza-mota hauek ez genituzke hierarkizatu behar. Seguruenik ez litzaiguke bururatuko contact inprobisazio baten eta ballet klasikoko produkzio baten arrakasta neurtzea berga beraz. Bakoitzak bere helburua, teknika(k) eta arauak (baita ez idatziak ere) ditu. Bakoitza ongi ala gaizki egin daiteke. Hala ere, badago ikuskera zabala, tradiziozko dantza zerbait primitibotzat duena, eta herri-dantza estandarizatua haren bilakaera interesgarriago eta konplexuagotzat. Egia esan, herri-dantza estandarizatuak bizitza erabat independentea izan du, berezko estetika eta balioekin, tradiziozko dantzarenen nahiko bestelakoak direnak.
Batetik, tradiziozko dantza ikasi eta irakatsi egin daiteke kultura eta historia hobeto ulertzeko. Bestetik, gorputza, espazioa eta mugimendua sentitzen ikasteko aukera ona eta bitxiki "garaikidea" da. Tradiziozko dantzan gorputzaren erabilera eta mugimenduak organikoak dira, benetako gorputzean ardaztuak, eta inprobisatuak tarteka. Bikote-dantzak leku nabarmena du estoniar tradiziozko dantzan. Norberaren gorputzaz gain, bikotekidearen mugimenduaren pisua, norabidea eta abiadura ere sentitzen dituzu. Dantza-korroaren tamaina eta kokapena aukeratzeak espazioa hautematea eta kontuan hartzea eskatzen du, batez ere dantzari asko eta espazio gutxi baldin badago, edo alderantziz, atari zabalean kasurako. Tradiziozko dantza eta musika eskutik doaz, eta ezinbestekoa da erritmoa entzutea eta hautematea. Tradiziozko dantzan asko dago ikasteko eta asko laguntzen die pertsonei garatzen.
Lur emankorra bailiran dantzariak
Herri-dantzariek estoniar herri-dantzarekiko interesa dute nagusiki. Bestela ez zuten zaletasun hau aukeratuko. Askotan, herri-dantza eszenikoa ez da gizarte-dantzatik bereizten; ez da sakontzen jokatzen ari denean —oinarrizko urrats estandarizatu bat, landa-lanean bildutako mugimendu jator bat edo sorkuntza berri bat ote den—; aitzitik, irudia da laborarien kultura tradizionaletik sortutako dantza dela, eta berarekiko interesa eta maitasuna zintzoak direla. Herri-dantzariek tradiziozko dantzaren zenbait mugimendu bereizgarri ezagutzen dituzte. Oinarrizko urratsak mekanikoki perfekzionatu daitezke entrenamenduetan, eta berariazkotasunak indibidualen ordez, oinen eta gorputzaren jarrera finkoak erabili daitezke. Baina bikoteka biratuz aurrera egiteko gaitasuna, bikoteka dantzatzeko gogoa, doinuaren erritmoan —askotan biribilean— dantzatzen ari garela jakitea, elkarrekin nola gurutzatu jakitea eta abar, gaitasun horiek ez dira ez nolanahikoak ez unibertsalak.
Interesak, zenbait trebetasun izatearekin batera, ingurune egokia sortzen du. Lehen hezkuntzako haur batek, noski, ez du oraindik ez gaitasunik ez interesik: gaitasunek ez dute oraindik garatzeko denborarik izan, eta ez dago inolako interesik, besterik gabe, herri-dantza derrigorrezko eskola-programaren derrigorrezko zati baita, edo haurra dantza-talde batean sartu dute. Hala ere, tradiziozko dantzan sar genezake haren ikusmirak zabaltzeko eta lehen deskribatutako mugimen-trebetasunak ikasteko. Berdin antzerkia, kirola eta artearekin ere. Agian hainbat haurrek tradiziozko dantzan aurkituko dute grina, eta euren buruak ere akaso.
Tantsupiduaren prozesua
Tantsupiduaren prozesuak, eta bereziki bere hirugarren etapak —dantza-maisuentzako mintegien etapa—, honezkero tradiziozko dantzarekiko interesa izan dezaketen hogeiren bat mila dantzarirengana iristeko aukera ematen du. Beraz, tantsupiduan tradiziozko dantzak ZERGATIK ikasi galdetzeak jada ez dirudi zentzugabea. Baina erantzuteke dagoen galdera da NOLA egin.
Plana prest
Tradiziozko dantzak tantsupiduaren prozesuarekin sistematikoki lotzeko lehen saiakera 2011ko Gazteen Tantsupiduan egin zen. Talde-mota bakoitzeko bi dantzetako bat tradiziozko dantza baten moldaketa izatea proposatu zuen batzorde artistikoak.
Hala ere, dantzariei ez zitzaien irakatsi tradiziozko aldaera. Dantza batzuen oharretan, tradiziozko elementuak zeintzuk ziren adierazten zen. Dantza-maisuek, eta are gutxiago haurrek, ez zuten tradiziozko dantzari buruzko ezagutza esanguratsurik eskuratu tantsupidu hartan.
2017ko Gazteen Tantsupiduaren aurretik, kontua sakonago aztertu eta hainbat zatitan banatutako zeregina formulatu zen:
- Talde-mota bakoitzak bi dantza eman behar zituen: batetik, sorkuntza berriko dantza bat, eta bestetik, tradiziozko dantza baten moldaketa bat edo elementu tradizionalak erabiltzen zituen dantza bat.
- Lehenengo mintegian, sorkuntza berriko dantza bat eta moldaketaren oinarri zen jatorrizko tradiziozko dantza irakatsiko ziren. Helburua zen dantza-maisuak animatzea tradiziozko dantzak irakastera, eta horrek erraztu egingo zuen gero dantza berria ikastea.
- Bigarren mintegian, arestian aipatutako moldaketa irakatsiko zen, onura praktikoaz gain (tradiziozko dantzaren bidez, dantza berriaren leitmotivak argi baitaude), horrek ezagutarazi beharko baitzizkien bai haurrei bai dantza-maisuei dantza-konposaketaren teknikak, inspirazioa biltzeko aukerak eta dantza-materialaren ikuspegi sortzailea.
- Lehen ebaluazioan, talde-mota bakoitzari dagozkion dantzez gain, ikasitako tradiziozko dantza dantzatuko zuten, ahal zela zuzeneko musikaz lagunduta, baina azken dantza hori ez zen ebaluatuko.
- Musika-tresnen festaren programan askotariko tradiziozko dantzak egongo ziren, dantzariek simman (erromeria) gisa eman zitzaten.
- Tantsupiduaren material didaktikoen artean egongo ziren talde-mota bakoitzaren tradiziozko dantzaren deskribapena, artxibo-erreferentziak, partitura eta grabatutako doinua.
Helburuak ondo edo gaizki lortu ziren. [...] Etorkizunean, txikienen errepertorioa tradiziozko dantzek bakarrik osa lezakete agian. Oraindik ez dira gai tantsupidurako egile-dantzek eskatzen dituzten figurak osatzeko, eta biribilean edo figura errazekin ematen dituzte egile-dantzak. Alderdi honetan ez dira egile-dantzak tradiziozko dantzak baino onuragarriagoak. Orduan, zergatik ez irakatsi lehendabizi tradiziozko dantzak txikienei? Geroago egile estoniarren sortze-lana ere ezagutuko dute.
[...] Neskatoek eta gazte-talde mistoek errepertorio handixeagoa zuten eta hiru dantza esleitu zitzaizkien: tradiziozko dantza bat, aurrekoan oinarritutako egile-dantza bat, eta egile-dantza bat propio esanda.
Hemen sortu zen jatorrizko ideiatik lehen desbideratzea. Mundu perfektu batean, dantza-maisua eta bere taldea poztuko lirateke, tantsupiduaren errepertorioaz gain, noizbait elkarrekin dantzatu lezaketen tradiziozko dantza bat ikasi dutelako. Kalitate handiko grabazio musikala ere ematen zitzaien (talde gutxik dituzte euren musikariak eta zuzeneko musika erabiltzeko aukera). Bizi garen munduan eta dantza-maisu askorentzako, tradiziozko dantza osagarri ulertezin eta alferreko bihurtu zen, zama gehigarria ere, apendizearen antzeko zerbait, helbururik ez omen, baina oso mingarria handituz gero. Derrigorrezkoa zen Gazteen Tantsupiduaren egitarauaren parte ez zen dantza bat ikastea eta lehen ebaluazioan ematea, baina ez zen ebaluatuko! Bai, holako pentsamenduk zekena eman lezake ikuspuntu orokor batetik. Hala ere, zenbait gauza hartu behar ditugu kontuan: Estoniako dantza-maisu gehienek ez dute trebakuntzarik dantzan, eta are gutxiago folklorean; tradiziozko dantzak ez ziren aurretik bereiz nabarmendu Gazteen Tantsupiduaren prozesuan eta ez zitzaien arretarik jarri haien irakasteari, ikasteari eta jokatzeari; Gazteen Tantsupiduan parte hartzeko, hautaketa-prozesutik pasa eta dantza egin behar da oniritzia lortzeko. Hori guztia kontuan hartuta, ulertzen dut norbaitek horrela pentsa dezakeela.
Labur-zurrean
Txikienen artean izan zuen arrakasta gehien tradiziozko dantzak ikasteak eta dantzatzeak.
[...] Nire logikak dio tradiziozko dantzak txikiagoak garenean ikasi beharko genituzkeela, eta geroago egile-dantzak —izan ere, berdin hasten gara mundua ezagutzen: familiatik, etxetik eta hiritik gero eta urrunago ausartuz eta gure ikusmirak zabalduz—, baina ez nator bat ideia horrekin. Tradizioz gazteei erreserbatutako esparrua izan da dantza, adin berekoekin, kontrako sexukoak barne, harremantzeko aukera ematen baitu. Gazteen Tantsupiduaren bidez, egungo nerabeak tradiziozko dantzaren munduan ez ezik, gizarte-dantzaren mundu xarmangarrian ere sar genitzake.
[...] Tradiziozko dantzek irakastea eta dantzatzea merezi dute; kontzeptualki horretan ados bagaude, orduan hausnar dezagun zein modutan hitz egiten dugun haietaz. Hitzekin balorazioak ematen ditugu eta ulermena moldatu. Ez genituzke erabili behar tradiziozko dantzari buruzko esamolde jakin batzuk, hala nola "denbora pasatzeko dantzatzen dugu", "oinak berotzeko dantzatzen dugu", dantzari balioa kentzen diotenak, edo "nahi duzun bezala dantza ahal duzu", kultura tradizionalaren irudi sinplifikatua ez ezik, erabat faltsua ere eskaintzen duena.
Utziguzue itzultzen apur batez Sille Kapper-Tiislerren elkarrizketara eta bere esaldietako batera, hain zuzen ere: «Tantsupiduan beti dantzatzen dira tradiziozko dantzen moldaketak».
Ilustratzearren, moldaketaren baten bila jo dugu ikusi dugun tantsupiduaren egitaraura. Adibidez, Maire Udras-ek Estoniako hego-ekialdeko bost tradiziozko dantzaren suitea osatu eta Kagukandi klaar izena jarri zion. Bost dantza horietatik lehena, Nellätands.
Eta amaitzeko, bitxikeria bat. Hurrengo bideoa Leigarid taldeak Estoniako Aire Zabaleko Museoan udako larunbatero eta igandero egiten dituen emanaldietako batekoa da, 1989koa hain zuzen. Luzea, bai, baina interesgarria goitik behera, bai dantzatzen dutenagatik, bai Kristjan Toropen hitzengatik.
Bidezidor honek bitxikeriara eramango zaituzte zuzen.
Juudi polka (Judu-polka) edo Naljapolka (Txantxetako polka) izena du dantzak. Oraindik ez dugu lehen izenaren zergatia ikertzeko denborarik izan, baina interesgarria dirudi kontuak.
Neguko bertsioa nahiago? Ba beste hau Tallinngo Gabon-azokan grabatu zuten 2012an.
- Aurreko kronika: Ez dago hau azal dezakeen esku-programarik
- Hurrengo kronika: Folkloretan blai
Bi kofi





