Dokumentuaren akzioak
Non zaude, Nebera?
Ballak eta plazerak
Gaurko 2025eko Domu Santu eguneko egunkarian Ondarroan eta Bermeon izotz fabrika bana eraikitzeko asmoa iragartzen da. Niri “izotz fabrika” irakurri eta, aurrena, Cien años de soledad-en hasiera gogorarazten dit. Ondoren, umetako eguerdietan, Isasiko arraindegiko zilar ikuskizun bizia.
Koko-dantzetan zen, 2009an. Goizean goiz hasita, egun osoan hogei eta hamar bat baserri pasatzekoak ginen, eguerdian Arrateko Kantabrian zeozer pikatu eta atseden hartuta. Kuadrillan ia berrogei lagun gindoazen bideak eta bidezidorrak ibiltze aldera; talde handiegia inor atzean ez gelditu zein furgonetetan igo eta jaitsi egiteko, edota jantzi bakarren bat ere urratuko ez bazen. Aldra galanta eta eguna, luzea. Berandu egin zitzaigun eta ilunduta genbiltzan kaminoetan. Batzuek hoztuta, besteak neka-neka eginda. Nebera baserria geneukan, Hiru Erregeek Belengo estalpea legez, azken-azkenengo helmuga. Nebera, gaineko aldean elurzuloa izandako etxea. Halako batean, gaua barruetaraino sartuta daukagula, heldu gara. Akorduan, atarian argi ederregirik ez eta senar-emazte adeitsu eta edadetu batzuen irudia iltzatu zait. Maria Esnaola eta Jose Urzuriaga izango ziren. Biak falta dira gaur.
Azkena. Juan San Martinek Eztenkadak liburuan kontatzen du: demaseko hotza kanpoan eta bi ehiztarik txabola baten barruan su egin dutelako, baserritarrak errieta. Ez, mantekaua eingo genduan, daguan hotzakiñ! erantzun diote ehiztariek. Kaleko umeak. Baserritarrak. Eta dantzariok joan-etorrietan.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ballak eta plazerak
Ortzadar-en diska zahar bateko Pelegri aidia aurkeztu zaigu akordura. "Adio ballak (ball-ak, baileak, dantzak) eta plazerak" dio une batean. Ballak eta plazerak. Eta pentsatu dugu dantzak ekarri dizkigun poztasun, lan, buruko minak, irakaspenak, pozak edo dena delakoak kontatu, idatzi egin behar genituzkeela edo idatz genitzakeela. Izenburu orokorra: Ballak eta plazerak.


