Dokumentuaren akzioak
Koko-dantzetako briztadak 1: 2024ko San Romangoak

San Romanera ailegatu garenean, bertako etxekoandreak zabaldu digu, eta dantzan eta kantuan egin dugu. Eske-kantuak “dirua baneuka, patrikarako” dio. Etxekoandre hori adi asko egon da, eta “neuk ere bai” gaineratu du, afanik batere gabe, baina hurbilen geundenok entzuteko moduan. Emakumea egon behar zuenera egon da. Bere rolean. Gu dantzara joan eta trukean saria eskatu diogu; bera nolako tenpleaz eskatzen genion, erne. Ondoren eskuzabal eman du, gainetik. Jolas serio hori lortu nahi genuke etxe guztietan.
Igualean, agurtzerakoan “hau etxiau luze gorde daixala” desio izan zaionean, ezpainetatik baina ahotsik gabe “eskerrik asko” erantzun digu. Horrelakoengana iritsita, kaleko ume honi, aurrena, une batez baserritarren gizartea ikutzera ―atzamarren puntekin bada ere― iritsi ahal izan dela iruditu zaio. Bestetik, momentu batean tradizioaren ibai sakon eta sakratuaren ertzeetara arrimatu eta ikusi egin ahal izan duela. Epifania hori sentitzea ez da, seguruena, ezinbesteko osagaia, baina niri behintzat goiz parteko koko-dantzetan jarraitzeko arrazoirik sendoenetako bat egiten zait.
San Roman baseliza txukuna baserritik hamar metrora dago. Aginaga auzoko aurreneko eliza izan omen zen. Juan San Martinek idazten du Santa Ageda egunean baseliza inguruan erromeria egiten zela. Antxon Aguirre Sorondok Santa Ageda egunaren hurrengo domekan egiten zela. Guk talde-argazkia egin dugu ermitaren aurreko aldean.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Ballak eta plazerak
Ortzadar-en diska zahar bateko Pelegri aidia aurkeztu zaigu akordura. "Adio ballak (ball-ak, baileak, dantzak) eta plazerak" dio une batean. Ballak eta plazerak. Eta pentsatu dugu dantzak ekarri dizkigun poztasun, lan, buruko minak, irakaspenak, pozak edo dena delakoak kontatu, idatzi egin behar genituzkeela edo idatz genitzakeela. Izenburu orokorra: Ballak eta plazerak.