Akondiaz

2025/10/09
Akondiaz

Ez, ez zaigu kontrako eztarrian trabatuko Elgoibarko Haritz dantzari-taldean zenbat ikasi genuen aitortzea. Kiloko arrazoi puskak izan arren ere ez. Edo horrexegatik, hain zuzen. J.I. Sarasua zenak, Lurdes Odriozolak eta dantzari disdiratsu haiek guztiak eraikin dotore eta guretzat zein abegikorra eraiki zuten. Urteetan, urri aldera kurriloen antzera, geuk ere Elgoibarko beste ekosistema ezin egokiago hartara migratu ohi genuen astero, martitzen eta ostirale iluntze ia guztietan.

Ostiraletakoa bereziki, eibartarrok jaiegun handi bihurtua genuen. Elgoibartik itzuli eta Jazzman-en izan genuen gure afaltokia baino askoz gehiago: Akondia berdea izeneko otartekoaren inguruan, hantxe ospatzen genuen gure meza profanoa. Parrokiano haiek fidel mantendu gintzaizkien gure sinismenei, eta gerora wasap bidezko sekta ere “Akondia berdeak” izendatu genuen.

Idatziaren betelana orain. Pandemia sasoian Eibarko Klub Deportiboak oinezko mendi-igoera bat antolatu zuen Arrateraino, tartean hainbat emanaldiz alaitua. Kezkakoek gerra-zelai izandako Akondia mendigunean ez ohiko aurresku bitxia eskaini zuten, ahokoak jantzita oraindik eta dantzariak zapi bidez lotzen zirela. […] gudaren aurkako txertoa baitirudi dantzak, idatzi zuen Oierrek, txertoa hitzak konjuru balioa zeukan egunetan.

Oraingoan Aresatzek deitu gaitu Akondia berdeen hurrengo kapitulura. Orduko Jazzmaneko Juan Luisek Amañan prestatzen ei ditu otartekoak, eta fede horren aurrean guk ez dugu beste arrazoirik behar.

Akondia berdeak Akondia berdeak jaten, 2025-03-25.