Zirrarak gainezka
Lehen aldia izan balitz bezala. Musukoek ezin izan zituzten gure emozio eta sentimenduak estali. Paxatxo laguna gogoan, egun borobila pasa genuen larunbatean, pandemia aurreko egoera eta aukerak neurri handi batean berreskuratuta. 100dik gora partaidez osatutako segizioa gauzatu ahal izan genuen, herriko plazan bandera jasoz alkatearen eskutik. Ohorezko kofrade genuen Xabier Sarriegi “Paxatxo”ren hutsune mingarriarekin, seme Josebak hartu zuen herriko bandera eramateko ardura. Aldaparoko kapitainen azken ezpata-jokoa berari eskaini genion, bere belaunaldiko kofradeek zapi zuriz lagunduta. Ikusleak aulkietan, segurtasun tarteak betez.
Bazkaria, aforo kontuak tarteko, Dolarea jatetxean egin genuen, bikain. Eta bazkalondoan, egunaren akta irakurketarekin batera, besteak beste 15 urtez dantzatutako kofradiakideei euren domina eman zitzaien, bi zinta urdinez atonduta. Ondorengo jai eta erromeriarik gabe, hurrengo urteetan are eta gogotsuago ospatzeko itxaropenarekin eman genion bukaera ospakizunari.
Mila esker laguntzaile eta partehartzaile guztiei!
Hemendik gogoratu nahi dugu, era berean, Arrateko kofradia-lagunen kide zen Abel Iriondo adiskidea, besarkada handi batekin batera bera zen bezalako agur atsegingarri bat bidaliz.
- Beasain dantzan alaitu eta 'Pasatxo' zena oroitu dute Igartzako Dantzariek (Goierriko Hitza, 2021-09-11)
- Los dantzaris de Igartza no olvidaron a 'Paxatxo' (Diario Vasco, 2021-09-12)
- Hemen Donosti City-ko Sonia Urreiztiren argazkiak
Eta jarraian, Mikel las Heras eta Aimar Maiz-ek ateratako argazkien sorta bat. Eskerrak guztioi!