Udazkena Beasain eta Lazkaon
Beasaingo Udazken Kulturala
Urtero legez, gure dantza saioa eskaini genuen herriko plazan joan den larunbatean, azaroak 1, 2008ko Udazken Kulturalaren Egitarauaren barruan. Hitzordu hau baliatzen dugu herritarkideek gure lanaren berri izan dezaten, eta askotan urteko gure ekintza guztien laburbiltze moduko bat izaten da.
Larunbatekoan, Goierriko ezpata-dantza, soinu-zahar, inauteri eta erromeriarekin osatu genuen saioa, orain bizpahiru urtez geroztik Beasainen bertan erakutsi gabe genituenak. Dagoeneko ohikoa bihurtu zaigu era berean, taldeko musikariek antolatzen diguten sorpresatxoa ere; eta aurtengoan, bertsolari-sindikalista bihurtu zitzaizkigun, hainbat kopla-erreibindikatzaile tarteko.
Saioa bukatzeko, udal txistularien zuzendari den JoxeAgustin Olanok prestatu eta oparitu zizkigun hainbat doinu herrikoi berriri dantza jarri genien: kontrapasa, zortzikoa, baltsa, polka eta biribilketa bezalakoekin amaiera polita emanez.
Plazan bertan dantzatzeak harreman eta giro berezia sortzen du ikusle eta dantzarion artean, eta eskerrak eman beharrean gaude nahiko fidela dugun ikuslegoari, sasoi honetan izan ohi den hotz eta eguraldi desatseginari ausart eta gogotsu aurre egiten diolako.
Lazkaoko Arerian hurrengoa
Joan den irailean inauguratu zuten Lazkaoko Areria Kultur Gune berria, eta bertan daukaten Auditorio ederrean dantzatzeko gonbidapena jaso dugu datorren azaroak 14ean. Honela bada, bertan erakutsiko dizkiegu lazkaotarrei Goierriko Dantzak, tartean Lazkao bertako hainbat dantza-ohitura direla.
Gure dantzak egiten lagunduko digute gainera bertako Oin Arin dantza-taldeko haurrek.

GOIERRIKO DANTZAK
Noiz: azaroak 14, ostirala, 22:00etan
Non: Areria Kultur Gunean, Lazkaon.