Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea “Txinparta”, dantza erroetan

Dokumentuaren akzioak

“Txinparta”, dantza erroetan

“Txinparta”, dantza erroetan

Jesus Mari Garate Aurtzakako zuzendaria 1983an. Argazkia: J.M. Fernandez

 (Jesus Mari Garate, 1949-2018)

Dantza oinetan daramala, esaten da, honek edo halakok. Gure lagun Jexuxmarik, oinetan ez ezik, buruan, soinean, erraietan eta erroetan ere eraman du betidanik, sakoneraino txertatua.

Familiatik datorkio Txinparta goitizena, eta izenak izana egiten duela egia baldin bada,  dantzaren tximistak jo zuen txiki-txikitatik burutik behera, oinetaraino, eta bertan geratu zitzaion, odolean eta erroetan, betirako. Eta zartada horren txinpartak, indarrak eta astinduak jaso ditugu bere inguruan izateko zortea izan dugun guztiok, eskuzabal jokatzen zuelako dantzarekin zerikusia izan zezakeen guztiarekin.

Ordiziako dantza-maisu zaharren lekukotza zuzena jaso eta gero, “Goierri” dantza taldearen bultzatzailea izan zen, eskualdeko dantza-talde guztien oinarriak eraikiko zituena. Haren segidakoan, “Aurtzaka” taldearen sortzaileetako bat izan genuen, maisu gidaria, eta bere ezagutzen transmisio aberatsa jaso ahal izan genuen belaunaldi hartakoek. Guzti honengatik, besteak beste, izendatu genuen 2012. urtean Igartzako Dantzarien Ohorezko Kofrade.

Belaunaldi haiek asko zor diogu geure dantzari-izatean, eta okerrik gabe esan dezakegu goierritar dantzariok behinik behin, izugarri zor diogula gure “kapitaina”ri. Eta horrelakoetan gertatzen den bezala, behar hainbat eskertu ez izanaren eta ezin izanaren gazi-gozoa geratuko zaigu. Ez da erraza izango bere ibilbide osoa ezagutu eta jasotzea, garai bateko ordiziar dantza-maisu ospetsu haien gisara, batean eta bestean, etengabe ibili baitzen bere txinpartekin nonahi eta noiznahiko suak pizten.

Ez dakigu buruan, oinetan, erroetan edo erraietan, baina ziur, nolarebait, berarekin eraman duela dantzarako grina dagoen lekura, eta jarriko dituela dantzan bertan egoteko zoriona duten guztiak.

Mila esker bihotzez, maixu!

  

Oharra: hileta apirilaren 16an, astelehenean, arratsaldeko 19etan Ordiziako elizan izango da. Elizkizunaren ondoren, dantza soka bat egingo dugu guztion artean, bera ezagutu genuen dantzari eta txistulari guztion artean. Txapela edo lepoko zapia, eta sokan lotzeko zapi txuria ekartzea proposatzen dizuegu.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com