Ordizian, dantzariak handitu egin gara
Oso gauza interesgarria gertatu da Ordizian joan den maiatzaren 6ean. Eta ez da errugbi taldeak Ligako txapelketaren finala jokatzeko txartela lortu izana. Urtero ospatzen zen Dantzari Txiki Eguna, Dantzarien Eguna bihurtu da. Hau da, aurtengoan, haurren taldeez gain, helduen taldeak ere gonbidatuak izan gara bertan parte hartu eta dantzan egitera.
Eta gutxienez interesgarria deritzogu, lehenik eta behin, gaur egun helduen aldetik dantzarekiko interesa eta plaza dantzen inguruan handitzen ari den zaletasunaren erakuslea delako. Ordizia adibide: azken hiru urte hauetan plaza-dantzen ikastaroak antolatu dituzte Jakintza dantza taldeko gure lagunek, eta sekulako arrakasta izan dute. Gaur egun, gizon-emakume multzo handi bat, gazte eta ez hain gazte, dantzak ikasi eta plazan dantzatzeko irrikitan dago Ordizian, eta halaxe erakutsi ziguten joan den igandean.
Bestetik, oso polita izan da, norbere taldeko haurrekin, parez-pare dantzatu ahal izatea. Aukera oso gutxi izaten dira, haurrak eta helduak, baita talde berekoak izanda ere, elkarrekin dantzatzen ikusi ahal izatea. Eta askotan gertatu daiteke, ezta elkar ez ezagutzea ere!
| Iruñako Amaiur dantza taldea |
Goizean, legezko hamaiketakoa egin ondoren, Amaiur taldearekin batera egin genuen gure ibilbidea, tartean hainbat dantza erakutsiz. Eguerdian elkartu ginen talde guztiak (8 talde haur, eta 4 helduenak) Barandiaran plazan.
Jarraian, bazkaritarako frontoian elkartu, eta paella bikaina sabeleratu ondoren, arratsalde osoko dantzaldi luzean aritu ginen Arrabots-eko lagunen musikari esker. Ez genuen aukera galdu, eta Commando dantzan ekimenerako bideoa grabatzeko aprobetxatu genuen, bide batez.
Datorren urtean berriz ere joateko prest gaituzue, Ordizia!
Argazki gehiago hemen.