Oraingoan ez dira izan lorontzi

2013/10/04

2006. urtean gure taldea Eibarren eta Basaurin dantzan egitera gonbidatu zuten. Bi kasuetan, Beasaingo tradiziozko dantzak erakusteko izan zen gonbidapena, eta bertara eraman genituen Loinazko Ezpata-dantza eta Soka-dantza. Orduan, gure artean hainbat gora-behera eta txantxa-trukea ibili genuen, mutilek bakarrik dantzatu behar genuela eta. Emakumeak soka-dantzako bikote laguntzaile gisan aritzeo bakarrik joan behar omen zuten, eta beste behin ere, "lorontziarena" egitera.

7 urte beranduago Eibarrera itzuli gara Arrateko egunean, baina oraingoan taldeko emakume horiexek berak, orduan “lorontzi” sentitu zirenak, bihurtu zaizkigu protagonistak, eta ez nolanahi ere: Arrateko ezpata-dantzako gonbidatu bereziei dagokien moduan, ezpata txikien azkendari eta trokeo-dantzen buru egin baiziuten. Kezka taldeko lagunek Jaione Barandiaran, Nerea Mendizabal eta Izaskun Salazar gonbidatu zituzten ohore handiko betekizun hori osatzera. Paperak aldatuta, laguntzailearena egin behar izan zuen Mikel Sarriegik.

2013-09-08_Arrate-eguna-IMG_9276_IZ

 

2013-09-08_Arrate-eguna-IMG_9640_IZ

Arg: Iñaki Zugasti (Kezka dantza taldea)

Eskertzekoa iruditu zitzaigun eibartarren ekimena, dantza-taldeetan hainbeste lan egiten duten emakumezkoak, gehienetan lan isil eta ezkutuan geratzen zaizkigunak, eta dantzari moduan gizonezkoen enbidiarik ez dutenak, bistara ateratzeko eta aitortza egiteko balio izan duena.

Kezka taldearen blogean egunaren kronika egin dutela aprobetxatuz, egun polita eta sekula ez ahaztekoa pasa genuela adierazi nahi diegu hemendik. Eskerrik beroenak eman beharrean gaude Arrateko dantzariei, egindako eskaintza, harrera eta opariagatik. Hurrengora arte.