MORRIS DANTZA BAT GOIERRIERAZ

2011/12/11

Aspalditik dira ezagunak Inglaterrako Morris dantzak gure hainbat dantzekin lotzen dituzten teoriak. Joan den irailean, Jeremy Carter-Gordon Igartzan izan genuen bisitan, Europako ezpata-dantzak aztertzen ari den Bostongo ikerlari amerikarra. Honi ere, atentzioa eman zioten gure dantzek haiekin duten antzekotasunek.

 

Hemen inguruan egun batzuetan egotekoa zenez, Morris dantzaren bat erakusteko aukera eskaini zigun, eta ez genion muzin egin. “The Parting Glass” izeneko doinuaz dantzatzen den makil-dantza bat erakutsi zigun. Dantza hau egiteko erabiltzen den doinu irlandarra oso ezaguna da, agur esateko erabiltzen baita britainiar pub eta bestelako parajeetan. Gure “zergatik galdu itxaropen”aren antzeko zerbait. Kanta honen bertsioak dauzkate hainbat kantari ezagunek, besteak beste: The Pogues The Dubliners, Sinead O’Connor, Loreena Mckennitt, Bob Dylan...

 

Gure kasuan, taldeko kide ohia eta Igartzako kofradiakidea den Nick Knight-ek kantatu zigun sarrera, bere ahots ederrarekin.

 

Baina ez da gure lehen harremana Morris dantzekin. Kasualitatez, aurten bertan bete dira 30 urte gure taldea lehen aldiz Britainia Handian dantzan aritu zenetik. Orduan ezagutu genituen bertako hainbat eta hainbat Morris talde, beren aberastasun eta guzti.

 

Oraingoan ordea, geuk astindu ditugu zintzarriak, besoak eta makilak euren moduan, baina geure erara, urriaren 22an, Beasaingo Udazken Kulturalean egin ohi dugun dantza saioan: