Koroi-txertoa koroi-birusaren aurka

2020/06/25
Koroi-txertoa koroi-birusaren aurka

Uda hasierako herri-tradizioaren legeari zor, gure Sanjoan Esku-dantzaren ezaugarritako bat da aurreko urteko belar-onak eta loreak sutan erre, urte horretako berriak bildu eta dantzaren bidez bedeinkazioa ematea. Egunean bertan dantzariek bildutako Sanjoan loreekin egiten dute euren koroia, buruan jantzita dantzatu, eta etxean gordetzen dute behinolako belar-onak bezala, osasuna eta ongizatearen berme eta babesgarri. Hurrengo urtean erretzen dira zaharrak, alamartxoan, urteko gaitz, “zapo” eta “sugeekin” batera.

Beraz, aurtengoan bagenuen arrazoi berezia, sekula baino handiagoa, errituala bete eta su garbitzailea egin gabe ez uzteko.

Donibane bezpera hau denon oroimenean geratuko da iltzatua. Zapi zuriak eta musuetako loredunak gehitu behar izan ditugu erritualean eta oso era intimoan estreinatu dugu esku-dantza honentzako esanahi berezia daukan lekua, San Martingo basilikaren ataria.

Lizar-adar eta Sanjoan urarekin “txertua” hartu eta gure koroi zaharrekin batera erreko al genituen izen bera (!) duen birusa eta enparauak.

Dantzariak honakoak izan dira: June Sarasola, June Aiestaran, Ane Arroniz, Leire Barandiaran, Nora Goñi, Uxue Llorente, Amets Zurutuza, Irene Manzano, Garazi Mujika, Izaro Conde, Ane Mendizabal, Irati Aranburu, Naroa Arregi, Chaimae Didi, Iraia Delgado, Nora Heras, June Lopez, Naia Murua, Naroa Zubeldia, Itsaso Aizpeolea, Aitor Imaz eta Eneko Lopetegi.

Libe Mujika ezin izan zen dantzatu osaba goiz horretan zendu zelako. Talde osoak izan dugu gogoan eta eskeini nahi izan dizkiogu gure dantzak Jose Antonio eta familiari, besarkada handi batekin batera.

Dantzan.eus-en albistea:

 Goierri Telebistaren albistea: 

 

Xabier Garmendiaren argazkiak: