Igartzako dantzarien eguna lehendabizikoz

2007/09/03

Dantza atsegin-iturri dugulako. Dantzari izateaz harro gaudelako. Ohiturak eta tradizioa bizirik dauden zerbait direla pentsatzen dugulako. Bizirik egoteko, elikatu eta aberastu behar ditugulako. Harria herririk gabe ezer ez delako. Herrikideei kultur ekarpen berri bat egin nahi diegulako. Poza adierazteko modu bat dugulako. Asko garelako. Beti izan garelako. Izaten jarraitu nahi dugulako. Eta dantzatuz gozatu nahi dugulako.

 

 

Igartzako Dantzarien Kofradia osatuko dugu irailaren 9an, eta gure arrazoi guztiak erakutsiko dizkiogu Beasaingo herriari eta inguratzen den edonori. Herriko plazatik Igartzara, Igartzako ingurumarian, zubia eta jauregia, errota nola burdinola, ermita zein Dolarea, denak lotuko ditugu ezpata-dantzen sokarekin, eta bilduko ditugu txistu, danbor eta musikatan, apaindura berria jantziko diogu, eta bizi berria hartuko dute aspaldiko harriek, bidexkek, zuraje eta egiturek.

 

Bagara 60 dantzari eta 15 musikari. Baditugu jantzi berriak prest.

Eta ezpatak, zapiak, apretak. Igandean da zita, eguerdiko 12etan plazan.

Ondoren izango ditugu sagardoa eta odolkia denontzat, Igartzan bertan. Gonbidatuak zaudete denok.

 

oier
oier
2007/09/04 11:36
Itxura bikaina iragartzen du marrazkiak! Egun bikaina opa dizeugu Eibartik Igartzako dantzariei. Gozatu dantzan!
oier.