Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Hostoak dantzan ariko dira eta zu barrez begira

Dokumentuaren akzioak

Hostoak dantzan ariko dira eta zu barrez begira

Hostoak dantzan ariko dira eta zu barrez begira

Igartzako dantzariak ibaibazterrean (Arg: I. Erauskin- Aurtzaka)

Ahaztezina izango dugu aurtengoa Joseba, ikusi ez bazaitugu ere, gure artean sentitu zaitugulako eta zure bizitza oparoan zehar, garai ezberdinetan, han edo hemen inguruan izan dituzun pertsona askok eta askok elkartzea erabaki genuelako zu gertuago sentitzeko, eta zuk ere gertuago senti gaitzazun.

Ehun eta bederatzi Igartzako ezpata-dantzari elkartu gara aurtengoan Joseba (egunean bertan ez genuen ongi kontatu, eta handiena utzi genuen kanpoan, Erraldoia!), eta beste hainbat ere bai zurekin, zuretzako dantza egiteko.

109 ezpata-dantzariak prest

Partaide guztien taldea.

Era askotara izan da aurtengoa berezia. Hasteko, gauez egin dugu dantza, 19.30etan elkartu gara herriko plazan eta 21.00ean egin dugu bandera-jasotzea. Aurten Bautista Bazterretxek ordezkatu du Maritxuren doinua eta iluntasuna gailenduta egin dugu Igartzarainoko segizioa, Koldo Bidekietaren gidaritzapean, eta Xabier Ruiz de Azuak inguruan zaldikoa dantzatzen zuela. Soka luze-luze batek jarraitu dio segizioari, zure lagun ugarik elkar-lotuta, zure bizibidean zehar osatu dituzun eta antolatu dituzun soka guzti horien antzera.

Argiz eta kolorez jaso gaitu Igartzak, besteak beste, aurten, Beasainek herri-titulua jaso zuenetik 400 urte betetzen direnez, Iñaki Irastorzak eta Jose Unzuetak atondutako argiztapen berriak lagunduta. Argiz jantzitako ehun eta bederatzi dantzarik, ehun eta bederatzi itzalek urteroko ezpata-dantza egin dugu tartean berritasun batzuk zirela. Aitor Sarriegi bertsolariak bertso izpi distiratsuak tartekatu ditu eta Kofradiako sei kapitain eskarmentudunek, Agurtzane Agirrek, Izaskun Salazarrek, Maider Arruabarrenak, Mikel Apaolazak, Mikel Insaustik eta Mikel Sarriegik, beste zenbait taldekiderekin batera, bereziki zuri eskainitako ezpata-jokoa estreinatu dute ezpata-dantzaren amaieran. Jarraian, Eibarko Arrate, Elgoibarko Errosario eta Andoaingo Santakruzeko kofradia-kideek Gipuzkoako ezpata-dantza bikaina oparitu dizute eta amaitzeko, zure omenez landatu dugun haritzari zure lagun-koadrilakoen eskutik loreak eskaini bitartean, zure inguruko beste hainbeste dantzarik Agurra eskaini dizugu. Gure artean dantzatu nahi izan dute, zuretzako, bai Argiñek bai Marenek, zure dantza-zaletasun horrek etxean jarraipen goxoa izan dezan. Ezin dugu aipatu gabe utzi, era berean, gure beste lagun maite bat: Patxi Zurutuza. Ia-ia zurekin batera utzi gintuena, eta urte luzez hemengo kofradia-kide askoren dantza-laguna izan zena, aupa Patxi!

Zure ondoan egon nahi izan dute baita ere gure kofradiako ohorezko kide ditugun Juan Antonio Urbeltzek eta Argia dantza taldeko lagunek ere.

 

Ondorenean, orain artean egin izan dugun bazkariaren ordez, afaria egin dugu aurtengoan Dolarea parkean estalki handi bat muntatuta. Iban Matek hartu du aurtengoan ere ia berrehun lagunentzako afaria prestatzeko ardura. Urteroko babarrun-janaren ordez, entsalada eta txekor-masailak jan ditugu, eta ez genuke eskerrik eman gabe utzi nahi, bide batez. Eta ez pentsa aldaketa hauek direla eta,  Aiko taldekoek hutsik egin digutenik, afari ondorenean erromerirako prest izan ditugulako urtero bezala.

Aurretik ordea, Izar Sarriegik idatzitako akta hunkigarri hau irakurri dugu, eta ohorezko kofradia-kide izendatu zaitugu zu zeu, Joseba. Besarkada handi bat eta bizi gaitezen dantzan!

Argazkiak: Iñaki Erauskin, Hemen ikusi gehiago.

Bideoa: Goierri Telebistak saioa osorik 

.

Beste batzuk:

Dantzan.eus bideoa. 

Kezka: Igartzako ezpata-dantzarien distiran Joseba Juarez gogoan.

Goierriko Hitza.

Goierriko Hitzaren bideoa.

Unai txistulari-ren bideoa. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com