Dokumentuaren akzioak
Herriko dantzariak XIX. mende bukaerako argazki zahar batean
Arg1. Beasaingo dantzari-txikiak jardunean, Donibane Lohizune, 1897. Egile ezezaguna [Iturria: Baionako Euskal Museoa].
Joan den martxoaren 13an dantzan.com atarian argitaratu zuten argazki zahar hau (Arg1), Brokel-dantza bat Arrasaten 1845 urtean albistearen osagarri. Baionako Euskal Museoan jasota zegoela azaltzen zuen. Lehen kolpetik eman zigun atentzioa. Dantzari horien janzkera gure Loinazko dantzarien berbera da, galtza zuri belaun arterainokoak, eta batez ere, jaka edo “txaketila” motz horiek oso bereizgarriak ditugulako gure herriko dantzarietan. Argazkiaren datuak eskatu genizkion orduan Oier Araolaza adiskideari, eta nahasiak zirela esan zigun. Argazkia 1900 inguruan Baxenabarren ateratakoa eta zuberotar dantzari batzuena izan zitekeela, baina bere ustez, Gipuzkoa edo Bizkaikoa izateko itxura handiagoa zuela.
Guk berehala lotu genuen Xabier Itçaina iparraldeko folklorezaleari orain urte batzuk jasoa genion aipamen batekin, mende sasoi hartan beasaindar dantzariek Lapurdin egina omen zuten dantza erakustaldiren batekin, hain zuzen ere.
Bi hari mutur hauek lotzeko egin dugun lehen azterketaren berri azalduko dugu honako idazki honen bidez.
Argazkiko datu katalografikoek zera diote: Nafarroa Behera, plaque de verre photographique, Danseurs souletins, Mascarade (1900).
Gure ustez, janzkeraz aparte badago dantzariak zuberotarrak ez direla pentsatzeko arrazoi gehiago, musikarien osaera esate baterako. Bi danbolintero eta atabalariaz osatutako hirukotea ohikoagoa zen hegoaldean. Dantzarien banaketak ere gipuzkoar dantzen antz handiagoa adierazten du.
Argazkiaren atzealdean agertzen den etxeari esker, ekitaldiaren kokapena baieztatzeko modua ere izan dugu. Gaur egun, inguru guztia oso eraldatua dagoen arren, etxe hori ia bere horretan mantentzen da La Corderie kalean, Donibaneko Kasinoaren ondoan dauden Maurice Ravel plaza eta Martin de Sopite kalearen tarte horretan (Arg2, Arg3). “Ongui ethorri” izena du eta La Corderie kaleko 2. zenbakiduna da.
Arg2. La Corderie kalea 1897
Arg3. La Corderie kalea 2009 [Iturria: Google]
Datari dagokionez, urte haietako Eskualduna aldizkariak eskaintzen dizkigun kronika zehatzei esker jakin ahal izan dugu, 1897ko Donibane Lohizuneko Euskal Jaietan beasaindar dantzariak izan zirela bertan:
«...les danses héroiques et traditionelles du Pays Basque-espagnol ont eu leur succès habituel, non-seulement avec les jeunes gens de Beasain qui figuraient au programme...».
Jai horien esku-egitarauak (Arg4) erakusten digu abuztuaren 15ean «...Exécution de la danse national Aurrescu...» egitekoak zirela, eta abuztuaren 16an berriz, «...Danses heroïques et traditionnelles du Pays Basque-espagnol...». Biak ala bietan ere «...exécutées par les jeunes danseurs de Beasain...» zehazten du (Arg5, Arg6). Dokumentu horretan bertan, dantzen deskribapen labur bat egiten da. "Aurrescu" atalean ohiko soka-dantzaren atalak azaltzen dira, eta "danses heroïques" delakoan, brokel-dantzen sailean erabiltzen diren erremintak aipatzen dira -ezpatak, brokelak, makilak eta zahagiak- besteak beste.
Arg4. Euskal Jaien esku-egitarauaren 3. or., Donibane Lohizune, 1897. [Iturria: Koldo Mitxelena Kulturunea]
Arg5. Egitarauaren 8. orrialdea
Arg6. Egitarauaren 9. orrialdea [Iturria: Koldo Mitxelena Kulturunea]
Honenbestez, argazkiko dantzariak Beasaindik joandakoak zirela ziurtatu dezakegula uste dugu.
Dantzari taldearen aurrean, kapitainaren figura agertzen da, eta haiekin alderatuta, janzkera eta dantza-urrats desberdinak erakusten dizkigu. Gainera, zaharragoa dirudi.
Jakin badakigu, Beasaingo udal-aktei esker, 1896tik aurrera herriko dantzarien irakaslea Justo Irastortza “Morroko” ordiziar dantza-maisua izan zela. Garaitsu horretan, Iztueta eta Olano zaldibitar dantzari ospetsuen jarraitzaileetako bat da Justo, Jose Lorentzo Pujana ezagunagoarekin batera. Oso litekeena da beraz, argazkietan agertzen den buruzagi edo “kapitaina”, Justo Irastortza dantza-maisua izatea.
Halaber, argazkian agertzen diren txistulariak beasaindarrak izan daitezkeela pentsatzen laguntzen digute Joxe Zufiaurrek bere Beasaingo Musikak liburuan jasotzen dituen datuek. Urte horiexetan osatu baitzen Beasaingo lehen udal danbolinteroen banda ofiziala. Lehen danbolintero Joan Viktor Zabalo-zuazola Rezusta zen, 1850ean “Kantoikoa” izeneko etxean (“Barras doradas”) jaiotako zapataria. 1865. urtearen erdialdera hasi omen zen herriko txistulari-lanetan. 1894an, Udalak beste bi lagun ere bil zitzala eskatu zion, 1. txistulariaz, 2. txistulariaz eta atabalariaz osatutako banda formala egiteko asmoz.
Beraz, oso litekeena da, argazkietan ikusten diren hiru musikari horiek, Beasaingo lehen udal txistularien banda osatu zutenak izatea.
Orain arteko datu hauekin, ezin dugu ziurtatu zein egunetako saioari dagokion argazkia, abuztuaren 15eko igandeari ala 16ko astelehenari. Ez eta zein dantza egiten ari ote diren, nahiz eta ikusten den ezpata edota erremintarik gabe ari direla.
Orain arte ezagutzen genuenagatik, beasaindar dantzarien ohiko errepertorioan sartzen ziren Loinazko ezpata-dantza (San Martin Loinazkoaren prozesioarekin batera egiten dena) eta soka-dantza, baina ez geneukan brokel-dantzen ziklokoak Beasainen sekula ikasi zituztela esateko daturik.
Berez balio handikoa deritzogun argazki honi esker, berri guzti hauek ezagutu ditugu eta bere horretan ezagutzera eman nahi izan ditugu, duten interesagatik. Hala ere, gure asmotan dago, datu guzti hauek osatu eta aurrerago, ekarpen osoagoa egin ahal izatea, ondo bidean.
Eskerrik beroenak luzatu nahi dizkiegu dantzan.com atariari eta Oier Araolazari, Baionako Euskal Museoari (Elisabeth eta Audrey) eta Beasain Jaietan aldizkarikoei, eskainitako laguntzagatik.
Bibliografia
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aurtzaka dantza taldea
Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab.
Aurtzaka dantza taldea
Garmendia Otaola 9
20200 Beasain
www.aurtzaka.com
aurtzaka@gmail.com
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Aurtzaka dantza taldea on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Oier Araolaza on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Agurtzane Agirre Mujika on Joseba 2014/11/08
- Emak Bakia Dantzan on Joseba 2014/11/08
- Jon Goya on Joseba 2014/11/08
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joseba 2014/11/08
- Izaskun Salazar on Joseba 2014/11/08
- Oier Araolaza on Joseba 2014/11/08
- Mikel Sarriegi on Joseba 2014/11/08