DANTZASOKA BAT FUSILATUEN OMENEZ

2012/11/24
1936ko uztailak 28a gau odoltsua gertatu zen Beasainen. Diotenez, Gipuzkoako lehen fusilatuak gure herrian izan ziren, Nafarroatik sartu ziren tropa altxatuek eraginda.

Herritar talde baten ekimena medio, eskultura bat jarri zen kalean joan den azaroaren 10ean Beasainen gerraren biktima zuzenak izan ziren haien omenez, eta aurkezpen ekitaldian parte hartzeko eskatu ziguten dantza-taldekooi.

Herriko agintarien soka-dantzan erabiltzen diren herriko zapi zuriak hartu genituen sinbolikoki herria ordezkatzeko eta omenduak sokaren partaide egiteko. Familiartekoek zapi bana ekarri zuten udaletxetik eta zapi horiek jasoz egin genien harrerazko arkua, kontrapasaren doinupean. Zapiekin lotu genuen soka-dantza eta eskaini genien dantza bana.

Hunkigarria gertatu zen ekitaldi osoa, eta balio izan zigun gure herriko historiaren nahikoa ezagun ez den zati hori hobeto ezagutzeko.






Ekitaldiaren albistearen bideoak:
Goierriko Hitza
Goierri Telebista