AURTEN BAITA SANJOAN ARBOLARI ERE

2010/07/07

Berrogei urte baino gehiago omen da, Igartzan Sanjoan arbola jarri zen azken urtetik. Aurten, Sanjoan bezpera egunean, auzoko hainbat laguni esker (eta bertako lanen batzordeburu Juantxo Agirre Mauleon-en ekimenez), ohitura ezagun eta zahar hori berreskuratu da.

 

 Gure sanjoanetako neskatxen eginkizuna izan zen ekitaldi hori Barrendainen pizten den suarekin lotzea.

Arratsaldean bildu ziren Igartzako Jauregi eraberrituan, aurretik bildutako loreeekin buruko koroiak egiteko. Jauregian bertan afaldu zuten auzoko lagunekin batera, eta hemendik hasi zuten beraien eginkizuna. “Sanjoan dala” kantatuz, arbolari dantzatu zioten, lore-sorta eskainiz, eta jarraian Barrendain plazaraino bideratu zituzten euren urratsak.

 

 

Bertako alamartxoaren inguruan berritu zuten Sanjoanetako eskudantza, eta berritu zituzten Sanjoan belarrak, zaharrak suari eskainiz, eta berriekin dantzatuz. Aurtengoan, gainera, janzkiak ere berritu dituzte, ospakizun honetarako bereziki egindako linu-harizko soinekoekin, baita India urrunetik ekarritako zetazko zapi koloretsuekin ere. Uxatuko al genituen gaztañeriko sorgin gaiztoak!

 

 

Aurtengo dantzariak: Uxue Sarriegi (aurreskua) eta Nerea Antxia (atzeskua), Maddalen Sarasola, Paula Sukia, Laida Antxia, Leire Dorronsoro, Arantxa Blanco, Irati Cortes, Nahia Rodriguez, Amaia Agirre,  Leire Martinez de Santos.

 

Argazkiak Koldo Bidekieta eta Izar Sarriegirenak dira. 

Argazki gehiago hemen

Sanjoan arbola jartzen (Goierri Telebista)

Aurreko urteetako argazkiak