Dokumentuaren akzioak
Euskal dantzen eskola Katmandun
Globalizazioari eta hiri-ereduei buruzko testu interesgarri bat argitaratu zuen 1995ean Rem Koolhaas arkitekto herbeerearrak. Hiri generikoa zuen izena, eta gaur egun etengabe ahotan ditugun hainbat arazo aurreikusi zituen. Jarduera ekonomikoa globalizatzearekin batera, hiri-ereduak aireportuen moduan homogeneizatzen ari zirela zioen, eta horrek eragin zuzena zuela tokiko nortasunean. Estereotipoak mugaraino eramanda, bere buruaren klixea sinestea eta gainditzea beste erremediorik ez dute hiriek, beraz. Esaterako, Paris baino paristarragoa den ezer ezin da existitu.
Era berean, Donostian gentrifikazioa tokiko nortasun-elementuak irensten ari da, australiar turista batek pintxoak bosnaka jaten dituen abiada bertsuan. Eta geure kultur estereotipoak sinistu ezeze, gainditu egiten ditugu, modernizazioaren izenean. Konplexuz betetako hiri kosmopolitan.
Izurriak, baina, gastronomia edota turismoa gainditu ditu. Donostiako Musika Eskolan... barka, Donostiako Dantza eta Musika Eskolan dantza-irakasle izateko deialdia da horren adierazle bat. Nafarroako Euskara Legearen oinarrian dagoen hizkuntza-zonifikazioaren mailako banaketan, dantza irakasle gisa aritzeko irakaslearen profilean bateratu dituzte dantza garaikidea, ballet klasikoa eta delako euskal dantza. Eskaera-merkatuak agindutako profila omen da.
Paperak eta teoriak guztia onartzen duten neurrian, baleko planteamendua da... Errealitatea bestelakoa da, ordea. Izan ere, dantza garaikidea, likidotasunaren ikurra, dantzaren munduko ingeles hizkuntza, New Yorken, Buenos Airesen edota Tokyon ikas liteke. Ballet klasikoa, estandar akademiko gailenak dituen diziplina, dantzaren munduko frantsesa, mundu osoan irakasten dute, eta milioika Pas de Basque eta Saut de Basque egiten dira egunero munduan zehar.
Logika horren arabera, teorian eta paperaren gainean beti ere, euskal dantzak mundu osoan ikasteko aukera anitzen aurrean geundeke. Ez genuke kezkatzeko motiborik izango Donostialdean dantzako irakaskuntzara dedikatzen den erakunde publiko nagusiak tokiko dantzak irakasteko diskriminazio positiborik ez egiteagatik. Ezta, Back to Future filmean gertatzen zen moduan, Donostiako Dantza eta Musika Eskolatik gertu dagoen Iztuetari eskainitako eskultura desagertzen hasita balego ere.
"Iya guriak egin du", baina ez dago kuidadorik, Bilintx. Heldu den ikastaroan Katmanduko euskal dantzen eskolan matrikulatuko naiz.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11