Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Biba Xune!!!!

Dokumentuaren akzioak

Biba Xune!!!!

Gaurkoan ez nator dantzaz hitzegitera. Lehen banuen bestelako gaien inguruan solasteko beste txoko bat, baina hau da gelditzen zaidan bakarra eta barkatuko nauzue.

Larunbatean Gartxot, Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren animaziozko filma ikusten izan nintzen. Dagoeneko banuen ikus eta senti nezakeenaren susmo bat, lehendik egindako laburmetraia ezagutzen bainuen. Zeharo hunkitu ninduen filmak. Asisko Urmenetak esana zuen, gaztetan (gazteagotan) Arturo Kanpion-en kontakizuna irakurtzeaz bukatu zuenean halako zirrara bat nabaritu zuela barruan. Kontakizun horretan oinarritutako film laburrak ere zirrara hori barreia zezan lortu zuten autore biek.



Filma luzeak laburmetraiaren zirrara hori handiagotu egiten duela gaineratuko nuke. Oso ongi dago egina, gustu eta maitasun handiarekin, bistan da. Marrazkiak, musika, bikoizleak, euskeraren trataera... xehetasun guztiak daude oso zainduta. Baina nolakotasunei baino "Gartxot"-ek kontatzen duen istorioaren funtsari, mamiari erreparatu nahiko nioke.

XII. mendean, Conques-eko fraideak Orreagan kokatu eta inguruetan eman ziren bizi-ohituren aldaketen inguruko testigantza da Itzaltzuko bardoaren kontakizuna. Norberaren identidadearen eta hizkuntzaren bazterketa bortxatuaren testigantza hain zuzen: Latina eta euskeraren arteko talka, Orreagako gudari buruzko fraide frantziarren idearioaren inposaketa, norkbere tradizioen eta kanpotik indarrez ezarri nahi izandakoen arteko lehia...

XII. mendean kokatua dago "Gartxot" baina erabat gaurkoak egiten zaizkigu kontzeptu horiek, XXI. mendeko gure Nafarroan behintzat.

Esaterako, adibide gisa, filmean Orreagako fraideek Zaraitzuko biztanleei jatekoa nola kentzen dieten agertzen da, haien izaera eta hizkuntzari uko egin diezaioten mehatsu praktiko gisa. 9 menderen ondotik, Nafarroako Gobernuan dauden politikariek jatekoa ukatzen jarraitzen diete euskeraz lan egin nahi duten hedabideei.



Asiskok esan bezala, hizkuntza baten galera ez da boligrafo baten galera bezala gertatzen. Ezinbestean behar du kanpoko indar zirikatzaile bat.

9 mende pasa dira. Gure hizkuntzaren eta izaeraren kontrako 9 jazarpen mende. Eta niretzat miraria da, benetan (ikertu beharrekoa ere akaso), holako 9 menderen ondotik, nola jarraitzen duen bizirik, harnasestuka bada ere, gure hizkuntzak eta bere inguruko nortasun kolektiboak.

"Gartxot" filmean bada pertsonaia bat, esperantzara kondenatzen gaituena ezinbestean, Xune. Bere gain geratzen dira Gartxot eta Mikelot-ek islatzen dituzten baloreen errelebua. Bistan da Xunek bere lana behar bezala bete zuela XII. mendeko Itzaltzun, baita gerora heldutako gisa horretako beste hamaika ataketan ere, eta oraindik ere egin beharko duela, beste hamaiketan ere. Ez dazagun etsi...

Biba Gartxot eta biba Xune!!!!

Gartxot trailerra from Somuga on Vimeo.

Dokumentuaren akzioak

Oier A.
2011/11/22 09:53
Goñiko Udalekuetan, Jesus Mari Arrietaren ahots indartsuarekin ezagutu nuen nik Gartxot. Gauero, "lo aurreko azken instante" haietan, hotzikaraz kiribiltzen ginen ohean Itzaltzuko aita-semeen entzuten. Badut gogoa Gartxot filma ikusteko, baina istoriaz oso oroitzapen gogorrak ditut, eta gure umeak ni garai hartan baino txikiagoak direla kontuan hartuta, ez dakit haientzat modukoa ote den.
aritz
2011/11/22 09:57
Arrazoi duzu Oier, egillek beraiek aipatu dute ez dela umeendako filma. Bukaera gogor samarra egiten da bai!
Irune
2011/11/22 18:01
Ez dakit nonbaiten subtitulurik gabe ikusterik dagoen (agian EAEn?). Azkenaldian euskarazko bi filme ikusi ditut Iruñean eta bietan gaztelerazko subtituluekin ikusi behar izan dut. Gainera azkeneko honetan euskara primeran ulertu eta hor nituen subtituluak. Aldiz, latinez tutik ez eta orduan etzuten euskarazko subtitulurik jartzen! Hori da filmari aurkitutako akats bakarra, zirraragarria iruditu baitzitzaidan. Oso gusto onez eginikoa euskararen eta musikaren aldetik batez ere. Helduendako egokiagoa ziurrenik, amaierarengatik batez ere. Gainera haurrek latina nik baino gutxiago ulertuko dute!
Julen
2011/11/23 17:02

Uste dut, Irune, latina subtitulurik gabe nahita dagoela, alde batetik Asisko eta Juanjo tontoak ez direlako (badakite biztanleriaren gehiengoak latinez ez dakiela), eta beste aldetik ikusleak garai hartan herri xumeak bizitzen zuen berbera bizitzen duelako horrela, hau da, ulertzen ez den hizkuntza batean apaizak solasean entzutea hain zuzen ere. Nik ez nuen ulertu ere, baina ongi iruditu zitzaidan erabaki hori.

Bestetik, ordea, zurekin bat nator Iruñean euskara hutsean, subtitulurik gabeko bertsio bat egotearen eskaerarekin. Egia esan, ez du inork ulertzen nolatan euskara ofiziala den hiri batean euskal filmak derrigorrez gaztelerazko subtituluekin ikustera behartuta gauden.  

Irune
2011/11/23 17:37
Arrazoi duzu sentsazio hori areagotzen dela latina jartzearekin. Baina filosofia horrek ez du bat egiten euskarazkoa gaztelaniaz jartzearekin. Filma subtitulurik gabe izan balitz ziurrenik ez ninduke harrituko latina subtitulatu gabe egoteak (burutik ere ez zitzaidan pasako).
Agian ez dut ongi azaldu baina benetan min ematen didana da nire herrian eta nire hizkuntzan pelikula bat ikusi nahi dudalarik hor ditudala subtituluak nire begiak nahasten eta irudietatik aldentzen! Neri behintzat molestatu egiten didate filma gustura ikusi nahi dudanean. Uste dut Iruñerrian asko dugula egiteko honen inguruan, agian saio batzuk subtituluekin eta beste batzuk gabe jarri ahal zituzten zineman hasteko.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.