Euskal Kultura? 18 urte eta gero hau!

Euskal Kultura? 18 urte eta gero hau!

Argazkiak: Jokin Artola. Urdiñarbe, maskaradak, 2019-01-06.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko kultura harremana sustatzea helburu, Harizko Zubiak Ehuntzen zikloa antolatu du Karrikiri elkarteak 2026ko urri honetan. Kontzertuak, topaketak, solasaldiak... hartu ditu zikloak eta aitzakia baliatuz Antton Lukuk 2008 urtean argitaratutako Euskal Kultura? (Juan Zelaia saiakera saria, 2008) liburu deskatalogatua berriz argitaratzeko baliatu du Karrikirik. Liburuak ia hogei urte pasa eta gero duen jadanekotasuna aztertzeko solasaldia antolatu dute eta bertan aritu gara Peio Berterretx eta biok, Inhar Iraizoz kazetaria gidari —zeharo androzentrikoa geratu zaigu mahaiaren buelta—. Bertan esan nahi izan ditudan eta dilindan geratu zaizkidanen bilduma izan nahi du sarrera honek. 

Txerra ez dugu gehiago atxikitzen

Txerreroaren metafora ederrarekin abiatzen du Antton Lukuk bere liburuttoa —liburuttoa orrialde kopuruari dagokionean, liburutzarra edukiaren sakontasunari erreparatuz gero—. Txerreroa da lehen aitzindaria maskaradetan eta zaldi zurdez egindako txerrarekin maskaradak jokatuko diren plazaren heina berak zehazten du. 

Gure kulturaren plaza zehazteko balio duen txerra hori beste batzuen esku dagoela esanez abiatzen du Lukuk liburua. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako kasuan, Frantziak atxikitzen du txerra eta Frantziak zehazten du bere irizpideen arabera kultura zer den eta zer ez den.

Hau ilustratzeko 2024an jazotako pasadizo hau ekarriko dugu gogora:

2024 urtean Frantziako kultura ministerioak herrialdearen mapa kulturala egin nahi du eta horretarako aditu bat bidali du ikertzera zein den Iparraldeko kulturgintzaren egoera. Azterketa egin eta atera duen ondorioa da Lapurdiko kostaldean badela kultura mugimendu zerbait, baina Zuberoa, adibidez, basamortu kulturala dela!

Frantziarendako maskaradak, pastoralak, zuberotarren kanten errepertorio eta manera bereziak ez dira haien kultura irizpideetan sartzen. Poliki-poliki Frantziaren irizpideak jendartearen buruetan iragazten dira eta geure egiten ditugu. Kultura ulertzeko eta baloratzeko moduen ordezkatze baten kronika da Euskal Kultura? Ordezkatze horrek baditu hainbat hari, zinta-dantza maltzur batean bezala, elkar korapilatu, ehundu eta estalki bilakatu zaizkigunak.

Antton Lukuren hitzaldia, Donostia 2014-12-12. Argazkia: Josu Garate - dantzan CC AT-SA

Kultur ordezkapen baten laginak 

Iparraldeko lurraldeen kultura irizpideak Frantziak atxikitzen dituen bezala, Hegoaldeko lurraldeetan ere beste batzuen maizter gara. Gaur egun kultura —eta haiei lotutako hizkuntza— hegemonikoek markatzen dizkigute dantzarako puntuak. Kultura ezaugarriak kategorizatu dira eta kategoria horiek hierarkizatu. 

Profesional vs amateur

Lukuk Xilaban erakundeek kultura profesionalaren alde egindako hautua azpimarratzen du. Liburua idatzi zuen garai bertsuko antzeko prozesuak gogoratzen ditut Nafarroa Garaian ere. Nafarroako Gobernuko Kultura sailak 1984an jarri zituen martxan Udazkeneko eta Udaberriko errondak eta Herriz-Herri bezalako programak. Programa horiek talde amateurrak —dantza taldeak, abesbatzak, musika talde amateurrak—kurriarazten zituzten 1000 biztanlez peko herrietan barna. 2008ko krisia aitzaki, 2010 urtean bertan behera utzi zituzten.

Aldiz, kultura etxeetarako dirua egon bazegoen. 2003 eta 2011 urteen artean ondoko herrietako kultur-etxe apainak eraiki zituzten Nafarroa Garaian: Noain, Antsoain, Agoitz, Burlata, Artika. Berriozar, Atarrabia, Barañain... 2009an abiatu zuten Nafarroako antzokien sarea, garaiko kultura kontseilari Juan Ramon Corpas-en esanetan kultura profesionala eta kalitatezkoa sustatzeko. 

Laguntza publikorik gabe geratu ziren kultura adierazpenak —euskal dantza, bertsolaritza, txistulari, gaitero eta beste— marruka aritu ziren hamarkada batez, esne eske. Nafarroako Gobernuak mahai baten bueltan elkartu zituen 2021ean. Zer izen jarriko mahai horri eta Folklorearen mahaia. Eduardo Galeanok esan bezala, ezdeusok ez dugu kulturarik, folklorea baizik. 

Dimentsio artistiko vs dimentsio komunitarioa

Gaur egun, neurririk handienean, kulturaren arte dimentsioa baloratzen du Mendebaldeko sistema kapitalistak. Bestelako dimentsioak —sozial, komunitarioa...— bigarren maila batean geratzen dira aurretik aipatutako hierarkizazioan. 

Kultura ulertzeko bi modu horiek ezaugarri ezberdinak dituzte. Artista erdigunean jartzen duen moldean komunikazio monologikoa —hala deituko dut— gertatzen da. Emailea eta hartzailea agertzen zaizkigu —saltzailea eta eroslea— eta haien arteko komunikazioa norabide bakarrekoa izaten da, batez ere. Komunikazioa produktu bilakatzen da kasu horretan. 

Kultura komunitarioan harremana bestelakoa izaten da. Elkarreraginezko komunikazioa gertatzen da, Dialogikoa. Sare moduko eta norabide aunitzeko komunikazioa gertatu ohi da kasu horretan eta praktika sozialak hartzen du garrantzia. 

Eredu batek komunitate loturak sustatzen ditu, besteak ez. Mihi-gaizto jarrita, esan dezakegu lotura horiek hausten dituela. Izan ere, helburua izaten baita merkatua segmentatzea, norbanako bakoitz-bakoitzari —jende gehiagori, alegia— bere produktua saldu ahal izateko.

Sormena vs ezagutza

Artista-jenioa goratzen duen kultura sistema komertzialak, sormena gurtzen du. Artista hori makilatxo magikoarekin ukitua da eta sormenerako dohaina emana zaio. Magia! Hartara, orain dena da sortzaile, sorkuntza, sormen... gure haurrak ere sormenean hazi nahi ditugu. 

Baina ezagutzarik gabe ez dago sormenik. Neurozientziak esana da. Hector Ruiz Martin Neurozientzialariak hala dio:

Sormena da norberak dituen ezagutzak beste modu batean konbinatuz, horiek garatzen dituen pertsonarentzat berriak diren irtenbideak sortzeko gaitasuna.

Oro har, sortzailea izaten ikas daitekeela onartzen da, gaia edozein dela ere. Hala ere, zientzia kognitiboen ikerketatik datozen ebidentziei esker, trebetasun horien garapena ezagutzak eskuratzearekin lotuta dagoela ondoriozta dezakegu. (...) Pentsamendu-trebetasunak eta ezagutzak banaezinak dira. Sormena garatzeko gakoa ezagutzak eskuratzea izango da. Ezagutza esanguratsuak izan behar dute: euren artean ondo lotuak eta ideia handien inguruan antolatuak, ulermenez hornituak eta egoera berrietara transferitu daitezkeenak.

Aurrekoan lagun batek zioen sortzaile izateari beldurra galdu behar diogula. Beste lagun batek erantzun zion ezagutzeari eta errepikatzeari galdu beharko geniokeela beldurra. 

Ezagutza partekatzeko eta errepikapenerako plaza ezin hobea da libertimendua. Antton Lukuk bere liburuan jakitate, filosofia eta mundua irakurtzeko gaitasun berezkoa transmititzeko artilugio gisa azaltzen dizkigu libertimenduaren osagaiak. Ezagutza, esperientzia eta praktika trukerako espazio. 

Ezagutzari muzin egitea kapital kulturala galtzea da, erabakitzeko gaitasuna galtzea!

Garaikide vs Tradizional

Aipatutako kulturaren dimentsioen kategorizazioa, hierarkizazioa eta ordezkatzea gure gorputzez ere jabetu da. Dantzariak garenez gero ohartzen gara gainontzeko hariekin txirikordatzen den gure gorputz hizkuntzaren ordezkatzea ere gertatzen ari dela azken 30 urteotan behintzat. Euskal-dantza  dantza garaikidearekin eta balletarekin ordezkatzen ari gara. 

Aipatutako kategorizazio horretan dantza garaikideari honako ezaugarriak esleitu dizkio Txerrero beltzak: moderno, garaikide, berritzaile... —euskal dantza aldiz, zaharkitua, tradizionala, errepikakorra da—. Noski, adjektibo horiek sortzen duten lilurari plegatu zaizkio zenbait dantza konpainia eta horien uhin-hedakorra euskal dantza taldeetara ere zabaldu da. 

Egil Bakka Norvegiako Trodheim unibertsitateko etnografo eta historia irakaslearen arabera:

Mendebaldeko dantzaren Artea munduko leku guztietara hedatzearen aldeko defentsa sendoa egiten denez gero, aldarrikatu nahi nuke indarrean den kolonizazioa dela hori, dekolonizazio ahaleginen erdian.

Produktua vs prozesua

Tantakako ureztatze sistema baten gisara, gure soroan ere putzua egin du kultura kontzepzio hegemonikoak eta gure egiteko modu komunitarioetan ere txerta dadin arriskua dugu. 

Zenbait prozesuren formen eta emaitzen halako kontsumo logika bat usaintzen dut. Ikusi dugu Garaziko libertimendua: "zoragarria! Nik ere horrelako zerbait nahi dut nire herrian!" Emaitza liluragarri hori kopiagarria iruditzen zaigu, gibeleko fondo poetikoa —hala deitzen dio Lukuk metaforen eta berezko iruditeriaren mundu sinbolikoari— eta prozesua eta aipatutako eskola izaera aintzat hartu gabe.

Libertimendua ez da emaitza edo produktu erreproduktiblea. Da bizipena, trukatzea, funtzioa, balio eta egiteko moldeen transmisioa, da politika, gatazkak azaleratu eta negoziatzeko eremua. 

Libertimendua modan da eta beraz, denok nahi dugu gurea, herrian edo auzoan, gehiegi pentsatu gabe hori ote den egokien zaigun festa/erritu eredua. Ezagutzen al ditugu bestelako adierazpenak eta haien ezaugarriak: kabalkada, pastorala, paloteadoa?

Libertimenduaren hedapen sistematikoak kulturaren ekosistema ordezkatzea ekar lezake. Batetik, tokiko antzerki taldeen desagertzea ekar dezake —hauen ahultze bat gertatu da Nafarroa Beherean, esaterako— eta libertimenduaren beraren inpaktu eta funtzio galeran ere eragin dezake. 

Ordezkapena sintetikoki

Kultura eredu komertzial hegemoniko horren unibertsalizazioa ez da gertatu modu naturalean. Indar eta diru asko inbertitua izan da kategorizazioan eta ereduen hierarkian. Garai batean euskaraz hitz egitea jendarte uztez itxi, zaharkitu, tradizional, kalitate gabeko... baten ezaugarria zen. Ahaldundu ginen hizkuntzari dagokionean, baina gure kulturari ez dizkiogu oraino kalifikatzaile horiek gainetik kentzerik lortu. Horrela definitzen ohi dira eredu bat eta bestea:

Kultura hegemoniko komertzialak hala definitzen ohi du bere burua: unibertsala, irekia, garaikidea, modernoa, berritzailea, profesionala, kalitate handikoa, artista goraipatzen du eta bere sormen gaitasuna. Produktua eta emaitza ekonomikoa izaten ditu helburu. 

Aldiz, Tokiko kultura komunitarioari honako ezaugarriak esleitzen dizkio ikuspegi hegemoniko horrek: tokikoa da, itxia, tradizionala, zaharkitua, errepikakorra, amateurra eta beraz, eskasa. Konplexu eragilea izaten da diskurtso hori —diglosia kulturala eragiten du—, baina horiek gainetik uxatzea lortuz gero, gure kultura beste edozein bezain ireki, garaikide eta kalitate handikoa dela ondorioztatuko dugu. Eta gainera, jakitatea, praktika soziala eta komunitate ehuna ekoiztea ahalbidetzen dituela. 

Antton Lukuk dekolonizazio kulturalerako deia egiten digu bere liburuan. Ez dago kultura mota bakarra eta botere hegemonikoek ez dute munduko edozein kultura adierazpen motaren balioaz eta oinarriaz hitz egiteko zilegitasunik. Kultura autozentratua behar dugu.

 

Ongi da kultura homologatua izatera jostatzen bagara —Spoiler: ez gara. Nahiz eta tarteka lilura hori gozagarria izaten ahal zaigun—. Baina hizkuntza hegemonikoen eta haien kulturen jokoan sartuko bagara, berehala agertuko zaigu erredundantzia eta indar korrelazio horretan galtzaile irtengo gara. Tsunamiaren aitzinean, izokin izatea dagokigula uste dut. Korrontearen kontra egin beharko dugu, gure kultura erreproduzitzeko toki egokiaren bila. 

Har dezagun txerra eskutan!

Oier Araolaza
2026/11/01 18:45
Eskerrik asko, Aritz, heldutasunera iritsi den ezinbesteko lan horren gaurkotasuna agerian jartzeagatik. Orain 18 urte Lukuk Iparraldean azalerazi zituenak, gaur egun, Hegoaldean ere, ageriko errealitate da. Okerrena da, kultura kudeatzaileekin batera kulturgileetako batzuk (profesional eta sortzaile ilusioaren liluran dabiltzanak) bihurtu direla kulturgintza merkatuaren eta ordezkapen kulturalaren eskuetan jartzen enpeinatuta daudenak.

Etxeparek eta Eusko Jaurlaritzak Malandain Ballet Biarritzekin hitzarmena egin dute aurreko asteotan, zer eta "Euskal Dantza sendotzeko". Malandain-ek ezin du euskal dantzarik sendotu, ez baitaki euskal dantzan. Kontua da euskal dantza ez diotela deitzen gure gure gorputz hizkuntzari, baizik eta euskal lurretan egiten diren dantza-molde guztiak (eta bereziki garaikidea deritzoten hori) jotzen dituztela euskal dantzatzat. Euskal Kultura?-n Lukuk salatzen duen gure kodeen ezezagutza, goitik behera.

Kulturgintzaz oro har, baina dantzaz zehazki ere, gezi zehatzak jaurti zituen Antton Lukuk "Euskal Kultura?" libur-misilean. Lerro batzuk idatzi nituen horretaz bere garaian ( https://dantzan.eus/[…]/euskal-kulturaz-antton-lukuren-begiradapean ) eta haietatik berreskuratu nahi nituzke dantzari buruzko ondokoak, orain 18 besteko gaurkotasuna edo oraindik handiagoa dutelakoan:


"Sortzen dute euskal konplexatua deitzen dudan arketipoa. Euskal munduak lortu instituzioak holakoez beteak dira. Euskal kultura beren getthotik atera behar dute (zein?) eta kanpotik ekarri behar dituzte aholkua eta eredua, barnekoa ezagutu gabe. Ez dakit bihi batek ere liburu bakarra irakurri duenez, maskarada batean zer baden jakiteko. Baina Urbeltzen sorkuntzetako batetik ateratzean euskal dantzako "adituek" txarra antzematen dute beti. De bon ton da dantzari "eskolatuen" artean, Le temps d'aimer, urteroko Biarritzeko festibalaren klientelan, txarra, eskas, beti berdin atzematea. Irizpideak, berriz, ez ditugu sekula jakinen. Non ez den ez dela aski higitzen. Ez dela aski aldatzen. Berrikuntza nahi dute, baina Urbeltzek draman ezarri dituenak ez dituzte ikusten ere, ez dakitelako alfabeto horren irakurtzen. Joka niro ez duela batek ere ikusten Axeri bodan gauzak ez dituela nafarrak aldatzen, gogoan atxikitzen baitu lantzen duen dantza hori sortu duen testuingurua eta esanahia. Hots, haren ekuazioa dela: "Zaharrek hau erran nahi zuten eta honela erran dute dantzaz, guk hori erran gogo dugu eta, beraz, nola erran?". Etxahun Irurik kantuz kantu errepikatu digu ujantxa zaharren atxikitzea. Godalet dantzaren dantzatzea molde huts eta folklorikoan? Edo lengoaia hori ulertuz, gure dantzaren alfabeto eta kodeak, oinarriak eta gure filosofia horren zimenduak? Egiten zuena Etxahunek mugarik dantza eta antzerkiaren artean? Edo xirula eta poloinak ohatzen zituen etxeko parte berean? Drama antropologiatik ari da Urbeltz ere, euskal dantzatik nahi du erran. Hots, zafratzaile horietarik nehork ez du ulitxarik ikusi edo zer metafora ezartzen duen bere kotillun gorri arrabisitatuetan, edo kulturen arteko zubia bilatzen duela gure lengoaiatik joanez; hots, euskaraz, ausart banendi. Gonzalo Etxebarriaren margoetan irakurtzen den euskara. Baina bon, isil nadin. Hortaz futizen dira, saltzen diren baleten furfuria nahi lukete, hantzeko estakuru litzatekeen dantza. Eta hor ttipi sentitzen dira, pobre eta artaburu. Euskal dantzari?" Antton Luku, Euskal Kultura?, 38-39. orr.