Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Argia Dantzari Taldea Martin Zalakain eszenatokietara itzuli da

Dokumentuaren akzioak

Martin Zalakain eszenatokietara itzuli da

Martin Zalakain eszenatokietara itzuli da

Martin Zalakain, Argia dantzari taldea, Beasain, 2021-12-12. Argazkia: Alex Berasategi - Dantzan (cc) by-sa.

Pandemiak behartutako bi urteko etenaldiaren ondoren, Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizuna hasi da gure geografiako zenbait eszenatoki zapaltzen. 2022ko urriaren 23an izango da azken emanaldia, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Zornotzan izango da asteburu honetan eta Getxon hurrengoan.

2017an, San Martin egunez Bilboko Arriaga antzokian estreinatu zenetik, 20 aldiz eskainia izan da Martin Zalakain, 17 herritan, sarreren salmentan izandako eskaeragatik, herri batzuetan bi saio egin baitziren. Orotara, 12.000 ikusle izan ditu orain arte ikuskizunak.

Martin Zalakain 2022 Portugalete
Martin Zalakain, Argia dantzari taldea, Portugalete, 2022-03-19. Argazkia: Alex Berasategi - Dantzan (cc) by-sa.

Geldialdi luzeak ez ditu hoztu Martin Zalakainek jendearengan sortzen dituen berotasuna eta emozioa. Iazko abenduaren 12an Beasaingo Antzizar kiroldegiko harmailak erabat beteta zirela ekin zitzaion pandemia ondoko ibilbideari, eta 2022koari jendez lepo zegoen Portugaleteko Zubi-alde kiroldegian ekin zitzaion martxoaren 19an.

Martin Zalakain 2022 Portugalete
Martin Zalakain, Argia dantzari taldea, Portugalete, 2022-03-19. Argazkia: Alex Berasategi - Dantzan (cc) by-sa.

100 partaide dantza dramatizatuaren inguruan

Argia dantzari taldearen eta Artedrama arte eszenikoen plataformaren zuzendaritzapean sortu zen ikuskizuna, eta Pio Barojak 1908 urtean idatzitako Zalacain el aventurero eleberriaren protagonista den Martin Zalakain mitikoaren abenturak kontatzen ditu dantzaren, antzerkiaren eta musikaren bidez, emanaldi bakoitzean gure herriko leku ezberdinetatik etorritako 100 pertsonatik gora biltzen direlarik jende aurrean.

Martin Zalakain 2022 Portugalete
Martin Zalakain, Argia dantzari taldea, Portugalete, 2022-03-19. Argazkia: Alex Berasategi - Dantzan (cc) by-sa.

Handik eta hemendik bildutako jende guzti honen arteko lankidetzak guztiz berezia bilakatzen du ikuskizunaren prestaketa eta emanaldia bera, ikasketarako une izatearekin batera gozamenerako eta festarako leku bihurtzen baita era berean.

Martin Zalakain 2021
Josu Camara, Martin Zalakain, Beasain, 2021-12-12. Argazkia: Alex Berasategi - Dantzan (cc) by-sa

Pandemia osteko Martin Zalakainen ibilbideak dakartzan berritasunen artean aipagarria da kontakizunaren gidari egiten duen On Pio [Baroja] nobelagilearen papera, Josu Camarak gorpuzten duela orain, lehen txanpan bai aktore lanetan, bai eszenaratzea zuzentzen aritu zen Ander Lipusen tokia hartuz. Dantzari eta musikarien artean ere gertatu dira erreleboak, arizale gazteak sartu direlarik proiektuan. Ikerfolk elkarteak eta Artedramak ekoiztutako ikuskizun honek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso du.

Martin Zalakain 2022 Portugalete
Martin Zalakain, Argia dantzari taldea, Portugalete, 2022-03-19. Argazkia: Alex Berasategi - Dantzan (cc) by-sa.

Emanaldien datak

Bertaratzen diren adin guztietako ikusleengan eragiten duen zirrara ahoz aho zabaltzen denez, geroz eta jende gehiagok jakin nahi du zein den datozen emanaldien agenda. Gauzak horrela, honako hauek dira Martin Zalakain ikusteko azken aukerak:

  • Maiatzaren 7a, Zornotza (Zelaieta Pilotalekua)
  • Maiatzaren 15a, Getxo (Muxikebarri  Antzokia)
  • Ekainaren 19a, Hondarribia ( Jostaldi Pilotalekua)
  • Irailaren 17a, Oñati (Zubikoa Pilotalekua)
  • Urriaren 23a, Donostia (Victoria Eugenia) Azken emanaldia

 

Martin Zalakain 2022 Portugalete
Martin Zalakain, Argia dantzari taldea, Portugalete, 2022-03-19. Argazkia: Alex Berasategi - Dantzan (cc) by-sa.

Dantzariak

  • Argia (Donostia)
  • Duguna (Iruñea)
  • Kezka (Eibar)
  • Haritz (Elgoibar)
  • Arkaitz (Añorga)
  • Astigar (Astigarraga)
  • Maritzuli (Baiona-Miarritze)
  • Elai-Alai (Portugalete)

 

Martin Zalakain 2022 Portugalete
Martin Zalakain, Argia dantzari taldea, Portugalete, 2022-03-19. Argazkia: Alex Berasategi - Dantzan (cc) by-sa.

Musikariak

  • Argia
  • Ezpelur
  • Plectro
  • Lekitto Musika Bandako musikariak

 

Bideoak

Fitxa teknikoa

  • Zuzendaritza orokorra eta koreografia: Juan Antonio Urbeltz
  • Zuzendaritza musikala: Mikel Urbeltz
  • Eszena zuzendaritza: Ander Lipus
  • Gidoia: Harkaitz Cano
  • Dantza Maisu/ Maistrak: Fernando Arisitizabal, Jexux Larrea, Iñaki Arregi, Gari Otamendi, Itziar Otamendi, Josu Garate
  • On Pio: Josu Camara
  • Martin Zalakain: Josu Garate
  • Kattalin Ohando: Onintze Azpeitia, Eider Agirrebeña
  • Karlos Ohando: Gari Otamendi
Argia Dantzari Taldea

Argia Dantzari Taldea