Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Anartz Ormaza Ugalde Bakioko Basigo auzoko jaietan (San Isidroetan) aurreskua sokan, hainbat hamarkadaren ostean

Dokumentuaren akzioak

Bakioko Basigo auzoko jaietan (San Isidroetan) aurreskua sokan, hainbat hamarkadaren ostean

Bakioko Basigo auzoko jaietan (San Isidroetan) aurreskua sokan, hainbat hamarkadaren ostean

Soka-dantza, Bakio, 1950-09-04. Iturria: Uriarte Bilbao familiak utzitako argazkia

San Isidroak Bakion

Joan den asteburuan ospatu behar ziren San Isidroak hainbat herritan, batez ere tradizionalki nekazariak diren herrietan (Isidro Deuna laborarien zaindaria da eta). Gaur egun duen hondartzarengatik ezaguna den arren, Bakioko herria barrualdean dagoen Basigo auzoaren inguruan sortu zen (jatorrizko izena Elexalde duena eta garai baten Bakioko Basigoko elizatea izan zena), eta herri nekazaria izanda, laborarien jaiegun hau bertan ere ospatzen zen. Gure lurraldeko edozein jaietan bezala, musika eta dantza presente egoten ziren jai honetan.

San Isidroak Bakion
Herritarrak San Isidroak ospatzen, Bakio, 50. hamarkada. Iturria: Bakioko Udal Artxiboa (Barturen familiak utzitako argazkia).

San Isidroak Bakion
Herritarrak San Isidroetan dantzan (txontxongiloa), Bakio, 50. hamarkada. Iturria: Bilbao familia (Martin Bilbaok ateratako argazkia).

San Isidroak Bakion
Herritarrak San Isidroetan dantzan, txistularia eta bi dantzari aurrez-aurre, Bakio, 50. hamarkada. Iturria: Bilbao familia (Martin Bilbaok ateratako argazkia).

San Isidroak Bakion
Herritarrak San Isidroetan dantzan, txistularia eta bi dantzari aurrez-aurre dantzan, Bakio, 50. hamarkada. Iturria: Bakioko Udal Artxiboa (Uriarte Bilbao familiak utzitakoa).

Urte luzez jaia ospatzeari utzi zitzaion (mende erdi inguru), baina gaur bost bat urte auzoko zenbait gaztek jaia berreskuratzeari ekin zioten eta 2016an berriro ospatu ziren Bakion San Isidroak, txupin, pelota partidu, auzo-bazkari, erromeria eta guzti. 2018tik soka-dantzarekin ematen zaio hasiera urtero ospatzen jarraitu den jaiegunari. Zer dela eta, aurreskua sokan?

Gerra aurretik sokan

Jakin badakigu 36ko gerraren aurretik Bakion aurreskua sokan dantzatzen zela. Iniaki Prieto “Martiartu” herriko ikertzaileak 90. hamarkada amaieran ekin zion gerra aurreko Bakioko dantzarien gaineko ikerketa lanari eta besteak beste hainbat testigantza jaso zituen orduan oraindik bizirik zeuden gerra aurreko zenbait dantzariren eskutik (gerra aurretik umeak zirenak). 1999an herriko Txirritxola aldizkarian idatzitako artikulu batean jaso zuen soka-dantza elizaurrean egiten zela Andra Mari egunean (abuztaren 15ean), udalbatzaren aurrean. Hilaren amaieran ospatzen diren herriko jaietan ere egiten zen, San Joan Doloztxu egunean (abuztuaren 30an), eguerdi partean Tabernalde inguruan. Gerra aurretik sokan aurreskulari eta atzeskulari aritzen zirenen izenak ere jaso zituen Martiartuk: Ziriako Garai “Farola” (Ardantza baserrikoa) eta Raimundo Bilbao (Aurrekoetxekoa). Gregorio Agirre “Parda”k (Garaitxukoak) eta Ziriako Egiak (Egianekoak) ere egiten omen zuten. (1)

Herriko Itxas-Alde Dantza Taldeko Unai Barrenetxea dantzariak garai beretsuan (1999an) beste kide batzuekin batera egin zuen lan batean (2) honakoa jaso zuen: “Bakion XX. mendeko lehen dantzariak aurreskulariak izan ziren, sokako aurreskulariak alegia. Geroago, 1932. urtean, Bakioko Batzokiak bultzatuta dantza taldea sortu zen. Hobe esateko, talde bi izan ziren: neskena (gorulariak (hilanderak)) eta mutilena (ezpata dantzariak).  Ez zuten dantzaldirik eman 1935. urterarte, ordurarte entsaiatzen eta dantzak ikasten ibili baitziren (Bilbotik zein Bizkaiko beste lekuetatik etorritako txistulariak edo dantzariak lagunduta).Tamalez, 1936. urtean, plazetan urte t’erdi eman eta gero, gerraren poderioz bertan behera geratu zen taldea”.

Soka-dantzara bueltatuz, Martiartuk jaso zituen testigantzen artean, 1998an Maria Angeles Larrazabal Unibasori (1924-2015) egindakoa dago, gerra aurreko dantza taldean hilandera izan zena. Honek ondo gogoratzen zuen nola egiten zen aurreskua sokan elizaurrean eta bere eskuz idatzitako idatzi batean jaso zituen honen gainekoak, Martiartuk gaur arte gorde duen dokumentua. Bertan hainbat zehaztapen azaltzen ditu erritualaren gainean: atalak, egitura, ordena, mugimenduen deskribapena…  Txistulari eta atabalariaren, aurreskulari eta atzeskulariaren, mutil eta nesken kokapena eta mugimenduak jasotzen dituen marrazki batekin osatzen du idazkia, gainera. Balio handiko dokumentua, zalantza barik.

Bakioko elizaurreko aurreskuaren azalpena
Bakioko elizaurreko aurreskuaren azalpena, Maria Angeles Larrazabal, 1998. Iniaki Martiartuk utzitakoa.

Gerra ostean oraindik ere sokan

Gerra osteko hasierako urteetan dantzaldiek beherakada izan zuten, eta 60. hamarkadararte Bakion dantza talderik (modu formalean) berriro sortu ez bazen ere (lehendabizi Gaztelugatxe dantza taldea 1962an eta hamar urte beranduago eta aurreko hau desagertu ondoren Itxas Alde Dantza Taldea 1972an), 50. hamarkadan Bakion dantzaldiak egiten zirela jakin badakigu eta artean aurreskua sokan egiten zela ere.

Honen berri ematen dute adibidez herriko Uriarte Bilbao familiak gordetzen dituen zenbait argazkik. Argazkietan, Bakioko medikua zen Jose Maria Cirardari 1950ko irailaren 4an egindako omenaldian herritar taldetxoa ikusten da sokan-dantzan. Gerra aurretik ere aurreskulari aritzen zen eta arestian aipatu dugun Raimundo Bilbao ikusten dugu sokaren muturrean dantzan.

Soka-dantza Bakion, Cirarda medikuaren omanaldian.
Jose Maria Cirarda herriko medikuaren omenaldian soka-dantza, Bakio, circa 1948. Uriarte Bilbao familiak utzitako argazkia.

Soka-dantza Bakion, Cirarda medikuaren omanaldian.
Jose Maria Cirarda herriko medikuaren omenaldian soka-dantza, Bakio, circa 1948. Uriarte Bilbao familiak utzitako argazkia.

Lorenzo San Juan bakiotarrak herrian 50. hamarkadan egindako zenbait grabazioetan (3) ere ikusi ahal izan dugu nola Bakioko jaietako dantzaldi eta erromerietan, aurreskua ordurako bakarka egiten bazen ere, artean sokan ere egiten jarraitzen zela. Jose Mintegi Txistu bakiotarra aurresku eta atzesku lanetan aritzen zen, herriko San Joan Doloz jaietan Oruezarreta (Usarreta) inguruan ospatzen zen erromeriko irudietan (4) ikusi dezakegun moduan.

Bakion erromerian soka-dantza
Jaietako erromeria Urizarretako zelaietan (Jose Mintegi Txistu bakiotarra dantzan), Bakio, 1951. Iturria: Lorenzo San Juanen grabazioetatik ateratako irudia.

Sokarik gabe hamarkadetan

Momentu batetik aurrera ordea, aurreskua sokan egiteari utzi zitzaion eta ez dugu Bakion ordutik atzera soka-dantzarik ezagutu. Garai batean sokan egiten zuten dantzariak adinean gora egin ahala, ez zen antza denez belaunaldien arteko transmisiorik eman, eta 1962. urtean sortu berri zen Gaztelugatxe taldeko dantzari gazteek aurreskua bakarka egiten ikasi zuten. Dantzari gazte hauetako bat Ander Ormaza (1948) izan zen, urteetan eta orain ez hainbeste arte aurreskua dantzatzen ikusi duguna. Anderrek diosku berak ez duela elizaurrean sokan egiten zen aurreskua ezagutu ere egin, bera dantzan hasi zenean (14 urterekin 60. hamarkada hasieran), soka-dantzan aritu izan ziren herriko aurreskulariak ezagutu bai, baina ordurako oso nagusiak zirela. Ez zuten aurreskua hauen eskutik ikasi, Julen Renteria herritarrak erakutsita baino. Julen urte batzuk lehenago Bilbon sortutako Bizi Nai Dantza Taldean ibiltzen zen dantzari eta haren eskutik ikasi zituzten dantzak sortuberri zen Gaztelugatxeko dantzariek. 70. hamarkada hasieran sortutako Itxas Alde Dantza Taldeko dantzariek aurreskua aurretik Gaztelugatxen aritutakoetatik ikasi zuten (beti ere bakarkakoa), eta hori bai, belaunaldiz belanualdi transmititu eta jaso dugu, gaur arte.

2000. hamarkada hasieran, Iniaki Martiartuk Bakioko jai batzordetik bultzatuta, urte pare batez Galdakaoko Andra Mari Eusko Dantzari Taldeko dantzariak etorri ziren herriko San Joan Doloz jaietan soka-dantza egitera. Tartean Mikel Goitia aritu zen sokan, gerra aurrean aurreskulari ibiltzen zen eta lehen aipatu dugun Ziriako Garai bakiotarraren iloba berau. Baina esan bezala, urte pare batez egin zen eta ez zuen jarraitasunik izan.

Erronka: sokaren berreskurapena (eta mantentzea)

2016-2017 ikasturtean EHUk antolatutako “Euskal dantzak: tradiziotik sorkuntzara” ikastaroan parte hartu nuen eta kurtsoa bukatzeko lan bat egitea eskatu zitzaigun. Lana ikastaroan ikaskide eta Bakion Itxas Alde Dantza Taldean dantzakide dudan Katalin Zaraterekin batera egin nuen eta Lorenzo San Juanen grabazioak lanerako oinarri hartzea erabaki genuen. Lanaren parte moduan, alde batetik Bakioko dantzaldietako argazki zaharrak eta bestetik San Juanen grabazioak nire aita Juan Ormazari (1940) eta izeko Isabel Ormazari (1932-2018) erakustea erabaki genuen, ikuskatze horretatik zer edo zer ateratzeko esperantzarekin (gero hari-punta horretatik tira egiteko, nolabait ere). Bai eta atera ere. Grabazio horietako batean (lehen aipatutako 1951ko Urizarretako erromeriakoan hain zuzen) izeko Isabelek bere burua aurkitu zuen guztiz ezustean (honen gainekoak hurrengo batean zabalduko ditut).

Bakion erromerian soka-dantza
Jaietako erromeria Urizarretako zelaietan (Jose Mintegi “Txistu” Isabel Ormazari dantzan), Bakio, 1951. Iturria: Lorenzo San Juanen grabazioetatik ateratako irudia.

Hau ez zen, ordea, “aurkikuntza” bakarra izan. Izan ere, aitak aipatu zuen (bera eta arreba soka-dantzako argazkietan nor edo nor ezagutzen zuten begira zebiltzan bitartean), berak bere aita (gure atxitxe) gogoratzen duela dantzan, noiz eta San Isidroetan: “Sokan dantzan, nire aita ere ikusi dut, San Isidro egunean, Basilin atzean (nekazarien kooperatiba zegoen lekuan). Ba badakizu, jauzi bi, hankak altzatu (artazia egin), besteak egin (zehaztu gabe zer), horrela egin (eskuarekin burutik txapela kendu eta agurtzeko keinua egiten du) eta ala, aurrera!](5). Bera ume (10 bat urte izango zituen) eta bere aita adineko zela (65 urte bueltan) gogoratzen du dantzan, 50. hamarkada hasiera inguruan, hortaz. Bat dator aurretik beste testigantzek aipatutakoarekin: ordurako sokako aurreskua jente edadetuak egiten zuen (argazkietan ikusi izan dugun bezala), dantzari gazteek dantza modu honetan jarauntsi ez zuten eta.

Kordelien jantzan, neure aitxe be ikusi dot, San Isidro egunien, Basilin atzien. Ba bakizu, saltutxu bi, kaderak altze, bestiek ein, holan ein, eta ala, eurrera!”

Horrela konfirmatu genuen, Andra Mari egunaz eta herriko San Joan Doloz jaietaz gain, San Isidro egunean ere soka-dantza egiten zela (eta bide batez gure atxitxe Gregorio Ormazak (1887-1978) ere, lanbidez laboraria berau, moduren batean soka-dantza egiten zuela, ordurarte entzun gabe genuena).

Hortaz, ikastaroko bukaerako lanaz haratago, erabaki genuen berreskuratu berri ziren Basigoko jaietako hurrengo urterako soka-dantza egitearen ohitura berreskuratuko genuela.

Bagenituen nahikoa osagai aurreskua sokan berriz egiteari ekiteko: berreskuratu berri zen jaia, Maria Angeles Larrazabalen idazkia (eta bertako azalpenak) eta Lorenzo San Juanen grabazioak (musika gabekoak eta dantza zatiak erakusten zituztenak). Zer urrats sartu, baina? Beste leku batzuetan egiten diren soka-dantzen pausuak hartzea baino, egokiagoa ikusi genuen 60. hamarkadatik gaur arte belaunaldiz belanualdi iritsi zaigun bakarkako aurreskuko atal eta urratsak moldatzea, eta sokara ekartzea. Jakinda ez zirela aurretik Bakion egiten zen sokako aurreskuaren urratsak izango, baina bai behintzat azken 60 urteetan egin izan ditugunak, dagoeneko "bakiotartuak" daudenak. Sokatik irten zen aurresku bakartua sokara berriz ekartzea izan zen egin genuen bidea.

Eta horrela, erabaki legez eta hamarkaden ostean, 2018an auzoko dantzari eta gazte talde xume bat Basigoko San Isidro jai egun euritsu hartan sokan dantzan atera ginen (auzoko frontoiaren babespean). Iaz ere frontoian egin behar izan genuen jaiegunari hasiera eman zion dantzaldia (aurreko urtekoari moldaketa batzuk eginda), berriro ere euriak jaian parte-hartu nahi izan zuelako. Aurton euririk ez, baina aski ezaguna den birusa agertu zaigu plazara eta beste leku askotan gertatu den moduan, ezin izan dugu dantzarik egin. Basigoko jaietan berriro dantza egiteko gura datorren urterako gorde eta 2018an egindako aurreskuaren bideoaren bertsio laburtua ikuskatzearekin animatu (konformatu ez esatearren) gara oraingoz. Tradizioa bizirik mantentzeko eta garatzen jarraitzeko gogoak bere horretan dirau.


Soka-dantza Bakion 2018
Soka-dantza Basigo auzoko jaietan (San Isidroak), Bakio, 2018

Soka-dantza Bakion 2019
Soka-dantza Basigo auzoko jaietan (San Isidroak), Bakio, 2019

Aurreskua (soka-dantza) Basigo auzoko jaietan (San Isidroak), Bakio, 2018. Bideoa: Xabi Hernando.

 Iturriak:

(1)  Martiartu, I (1999): Txirritxola, 28, 23 orr. Bakioko Udaleko web orrian ere jasoa: http://www.bakio.eus/eu-ES/Turismoa/Historia/Orrialdeak/Costumbrespopularesenlasfiestas.aspx

(2)  Barrenetxea, U; Berrostegieta, A; Etxarri, E (1999): Euskal dantzak Bakion, Itxas Alde dantza taldea. Argitaratu gabea.

(3)  Dantzan.eus: https://dantzan.eus/albisteak/lorenzo-san-juan-dantzak-erromeriak

(4)  Dantzan.eus: https://dantzan.eus/bideoak/tag/erromeria

(5)  Juan Ormaza eta Isabel Ormazari elkarrizketa, 2017-05-06.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Anartz Ormaza Ugalde

Anartz Ormaza Ugalde

Bakio (1981)

Arkitektoa, hezitzailea, dantzaria eta dantza irakaslea. Bakioko Itxas-Alde dantza taldean 4 urterekin hasi nintzen eta gaur arte bertan dantzari eta hainbat urtez dantza irakasle moduan ere banabil. 2018tik zuzendaritza-batzordeko kide. 2010tik hona euskal dantzetako tailerraren arduraduna eta irakaslea ere banaiz Deustuko Unibertsitatean. "Euskal Dantza, tradiziotik sorkuntzara" ikasketak egin nituen 2016/17 ikasturtean EHUn. 2018an hasi nintzen Aiko Taldean partaide eta dantza maisu moduan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako kide ere banaiz, 2023tik.

 

dantzan.eus babesle