Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Sokari tiraka dantzaurreak berriz Zestoako plazan

Dokumentuaren akzioak

Sokari tiraka dantzaurreak berriz Zestoako plazan

Sokari tiraka dantzaurreak berriz Zestoako plazan

Udal ordezkarien dantzaurrea, Zestoa, 2022-09-08. Argazkia: Danbolin

Itxaropena dantza taldeak suziria piztu eta lehertu da festa Zestoako plazan. Udaletxeko balkoia dantzariz bete dugu eta herritarrei dantzarako gonbita luzatu diegu; nola ulertu festak dantzarik gabe? Aurtengo festak bereziak izan dira dantzariontzat. Txupinazoa botatzeko ohorea izateaz gain galtzak bete lan izan dugu, lehenengo aldiz soka-dantzak atera baititugu plazara; bueno, guretzat dantzaurreak. Dantzariak, udal ordezkariak, adinekoak zein gaztetxoak, denak elkarri helduta eskuz esku dantzan aritu gara plazan.

Itxaropena txupinazoa
Itxaropena dantza taldeko kideak udaletxeko balkoian txupinazoa botatzeko prest, Zestoa, 2022-09-07. Argazkia: Danbolin

Hainbat adinekori entzunda genien sokan dantzatzen zirela garai batean. Beraiek “dantzaurrea” erabiltzen zuten aurreskua edo soka-dantza izendatzeko, eta geuk ere hala deitu diegu. Hasteko batekin nahikoa ez eta hiru dantzaurre atera ditugu, ausart, toreroen gisan. Ez da broma! Toreroak ibili diren plaza berean aritu gara, hondar gainean; herriko plaza zezen plaza bihurtzen baita Zestoako iraileko jaietan.

Udal ordezkarien dantzaurrea

Bagenekien 1940eko hamarkada inguruan herriko udal ordezkariek dantzaurrea plazaratzen zutela. Horrela, badira pare bat urte airean utzi niela oraingoek ere atera beharko luketela, baina erdi broman hartu zuten; dantzaria ez den asko “dantza” hitza entzutearekin bakarrik izerditan jartzen baita. Soka ateratzeko hamaika modu bazirela azaldu nien eta dantza zati konplexuenak dantzariok egin genitzakeela. Hala ere, alkatea konbentzitzeko giltza honakoa izan zen: Manuel Olaizola Uztapide herriko bertsolaria ere soka-dantzan ibilia zela.

Soka-dantza 1967 Zaldibia
1967. Juan Inazio Iztuetari omenaldia Zaldibian. Euskaltzaindiako ordezkariak eta Basarri eta Uztapide bertsolariak sokan.

Banekien bazela argazki bat hori frogatzen zuena, 1967an Juan Inazio Iztuetari Zaldibian egin zioten omenaldikoa. Uztapide Berriz plazara I liburuan arakatzen hasi eta ttak! Hauxe topatu nuen:

“Basarri ta ni biok dantza-sokan ibilli giñan orduan. Gure moduko zarrakin osatu zan dantza-soka; ta, aurreskua ateratzeko, gazteak, dantzan egingo zutenak, eta ala moldatu giñan".

 

 

 

 

Uztapidek gure hizkuntza koreografikoa barneratua zuela esan nion eta hona erantzuna: “ba guk ere barneratuko dugu!”.

Udal ordezkarien dantzaurrea
Udal ordezkarien dantzaurrea, Zestoa, 2022-09-08. Argazkia: Danbolin

Horrela, Ama Birjin Egunean, irailaren 8an, plazaratu dugu udal ordezkarien dantzaurrea. Herrian bazen ikusmira: “Zer da dantzaurrea? Programan dagoen gauza hori zuen kontua al da? Baina nork dantzatuko du? Alkatea dantzatuko da?”. Jakin-minak edo seguruago herriko festetako egun handiko mezak eta eguerdiko txikiteoak bultzatuta plazara herritar ugari gerturatu dira. Udaletxe azpitik atera gara, txistularien atzetik, alkatea aurresku dela eta zumitzez egineko uztaia eskuan duela; jarraian, zinegotziak zaharrenetik gazteenerako hurrenkeran, tarteetan dantzariek lagunduta.

Udal ordezkarien dantzaurrea
Udal ordezkarien dantzaurrea, Zestoa, 2022-09-08. Argazkia: Danbolin

Aurtengoan udal ordezkariak ez dira animatu dantzara, dantzariok egin ditugu desafioa eta agurra. Horixe bai benetako oilar-borroka, dantzariak elkarri hondarra botaz hanka altxatze bakoitzean. Agurrean distantziak zaindu ditugu. Alkateak aitortu dit beraiek ez dantzatzearen arantzatxoa geratu zaiola. Hori seinale ona da! Hurrengo urteetarako bidea ireki dugu eta ez da gutxi. Asmoa da hemendik aurrera udal ordezkarien dantzaurrearen bidez txupinazoa botatzeko aukeratua izan den taldea edo pertsona omentzea. Horrela, aurtengoan gure aurreko Itxaropena dantza taldeko dantza irakasleei eskaini diegu agurra eta gonbidatu ditugu sokara. Emozioz eta esker onez hartu dute proposamena, ederra izan da denok plazan elkartzea.

Udal ordezkarien dantzaurrea
Udal ordezkarien dantzaurrea, Zestoa, 2022-09-08. Argazkia: Danbolin

Gaztetxoen dantzaurrea

Herriko agintarien bideari jarraika, herriko gaztetxoen txanda iritsi dira festetako azken egunean, Umeen Egunean, alegia. 12 urteko gaztetxoak udaletxera igo dira eta alkateak herriko agintearen ikurra den zumitzezko uztaia eman dio zaharrenari, plazan aurresku arituko denari. Denak balkoira irten dira, Umeen Eguneko txupinazoa bota eta pregoia irakurri dute.

Gaztetxoen dantzaurrea
Gaztetxoen dantzaurrea, Zestoa, 2022-09-11. Argazkia: Danbolin

Dantzaurrean atera dira denak, zaharrenetik gazteenera. Plazan itzulia eman eta zubiak eginda irten dira, xume-xume. Sokan serio eta lotsati ibili dira. Haize zakarrak ere ez du asko lagundu, hondarra altxa eta txapel bat edo beste airean bota ditu, desafioetan dantzariek botatzen dituzten bezalaxe. Segidan, zahagi-dantza egin dute, helduek gero egingo duten moduan. Orduan lasaitu dira eta makilekin eta zahagiekin ederki gozatu dute.

Gaztetxoen zahagi-dantza
Gaztetxoen zahagi-dantza, Zestoa, 2022-09-11. Argazkia: Danbolin

Pepita Iriondok Nire Pausoak liburuan herriko hainbat jaietan umeak dantzaurrean aritzen zirela idatzi zuen: “Sanjoanetan eta Santakutzetan erromeria ederrak egiten ziren plazan tartean dantzaurreak. Dantzaurreak helduentzat eta txikientzat izaten ziren”. Umeen Eguneko dantzaurrearekin haur izatetik gaztetxo izaterako saltoa irudikatu nahi izan da. Izan ere, 12 urtetik aurrera Azpeitira joaten dira ikastera. Bizitzako ziklo aldaketa esanguratsua izan ohi da zestoarrontzat. Beraz, festetako dantzaurrea eta zahagi-dantza haurtzaroari agur esateko erritu izan daiteke. Herriaren aurrean dantzatu eta hurrengo egunean hasi dute ikasturte berria alboko herrian.

Zahagi-dantzarien dantzaurrea

XX. mende hasieran ohitura zen iraileko festetan herriko hoteletan zahagi-dantza dantzatzea eta bukaeran plazara iritsi eta aurreskua egitea. Honela kontatzen du Juan Jose Saezmiera Maixuak Zestoari Gorazarre liburuan:

"Herriko plazan, barrerak oraindik kendu gabe egon ohi ziren, […]. Horrela, plaza nagusian aurreskua dantzatzen zen eta baita beste dantza berezi bat ere, Joxe Mari Barrenak oilasko-dantza egiten baitzuen".

Zahagi-dantza
Zahagi-dantza, Zestoa, 2022-09-11. Argazkia: Danbolin

2017an herriko aspaldiko ohitura berreskuratu eta festen agurra zahagi-dantzarekin egiten hasi ginen. Orduan ez ginen ausartu dantzaurrearekin, baina aurten bai! Udaletxe azpitik trikitilarien atzetik atera gara Laranjadi plazara. Hantxe egin dugu lehen zahagi-dantza txistularien doinuan; jarraian, Gurutze alboan, txurro-denda eta tiro-pitxoiaren artean. Autotxoke eta tiobiboen argi eta musika artera zahagi-dantzariak agertzean ez dakizuen ze estanpa ederra sortzen den! Eta, azkenik, Erdi Kalearen hasieran dantzatu gara. Kalean gora plazarako sarrera saltoka egin dugu, oraindik bost eguneko festez nazkatu ez diren parrandazaleen oihu eta txalo artean.

Zahagi-dantzarien dantzaurrea
Zahagi-dantzarien dantzaurrea, Zestoa, 2022-09-11. Argazkia: Danbolin

Plazara iritsi, zahagiak eta makilak bazter batean utzi eta dantzaurrea atera dugu: desafioa, zubiak, alpargatak, agurrak, zubiak, fandangoa, arin-arina eta biribilketa. Larri, oso larri bukatu dute askok dantza sueltoan, azken urteetako festarik luzeenek eta bi urteko entrenamendu faltak faktura ederra pasa baitiete hainbati.

Zahagi-dantzarien dantzaurrea
Zahagi-dantzarien dantzaurrea, Zestoa, 2022-09-11. Argazkia: Danbolin

Nekatuta, baina gustura bukatu ditugu aurtengo lanak. Dantzaurrea ez zuten ezagutzen herritarrek, festak bukatzerako, ordea, ideia garbia dute orain. Jakitun gara hobetzeko margen handia dugula, baina ireki dugu bidea, lehena izaten dela zailena esan ohi da eta hori egina dago.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.