Hide Dohino: "Dantzaren bidez komunitatea berriro batzeko modua ikusten dut"

Hide Dohino: "Dantzaren bidez komunitatea berriro batzeko modua ikusten dut"

Hide Dohino, Eibar, 2026-03-27. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

1766ko Gipuzkoako matxinada ikertzen ari da doktore tesian Hide Dohino (Yokohama, Japonia, 1994), eta bidean dantzarekin egin du topo. Garai hartako auzi judizialetan, matxinaden kontakizunetan eta herritarren mobilizazioetan dantzaren presentzia ageri da. XVIII. mendeko soka-dantzen arrastoari tiraka, udako oporraldian Japoniatik Euskal Herrira etorri, eta hainbat soka-dantza bertatik bertara ezagutu nahi izan ditu. 

2019an ezagutu ginen Malerrekako inauterietan, eta aurten Dantzanera etorri zara soka-dantzei buruz galdezka. Zer dela eta interesatzen zaizkio japoniar bati Euskal Herria eta bertako errituak?
Bai, orduan euskara ikasten hasi berria nintzen. Zertxobait hobetu dut, ezta? Kar, kar, kar! Nik Europako historia, bereziki Espainiako historia, ikasi dut eta Madrilen ari nintzen masterra egiten. Aurretik gaztelania ikasia nuen, eta euskara ere zerbait ikasten hasia nintzen; beti sortu izan dit kuriositatea. Madrilen nenbilela ikasten, penintsulako beste zenbait lekutan izan nintzen, eta baita Euskal Herrian ere. Historialaria naiz eta historia, antropologia interesatzen zait. 

Hide Dohino Dantzanen, Oier Araolaza, Amaiur Aristi eta Josu Garaterekin. Eibar, 2026-03-27.

Eta orain Gipuzkoako 1766ko matxinadaren inguruko doktore tesia egiten ari zara EHUn.
1766ko matxinadaren arrazoi nagusia, besteak beste, zerealen eta oinarrizko elikagaien garestitzea izan zen. Herritarren eguneroko bizitzan eragin zuzena izan zuen, eta penintsulako hainbat lekutan izan ziren altxamenduak. Gipuzkoan Azpeitia eta Azkoitian hasi zen eta gero zabaltzen joan zen.  Bazituen bere tokiko berezitasunak, eta interesgarria iruditu zitzaidan hori aztertzea. Horren bidez, garai hartako gizartea eta jendearen bizimodua ezagutu nahi ditut. Eta horrexegatik luzatu zait orain arte, kar, kar, kar! Baina bukatzen ari naiz.

Eta ikusi duzu garai hartan dantzak bazuela presentzia. Nola iritsi zara dantzara?
Leku guztietan ez, baina askotan matxinadak dantzan amaitu ziren. Matxinatuek, prezioak igo zituzten jauntxo horiek dantzarazi zituzten, ileordeak kenduta eta baserritarren modura jantzita. Dantza horiek komunitatea berriro batu edo lotzeko modua izan zirela interpretatu dut, komunitatearen berrezartzea edo. Uste dut hitzaren bidez zailagoa dela adostasunera iristea; gehiago korapilatzeko edo haserretzeko arriskua dago. Dantzaren bidez, berriz, elkartzeko modua izan zitekeen.

Zehazki nola dantzatzen zuten orduan ezin izan dut jaso, baina soka-dantzak egiten zituztela aipatzen da. Xehetasun koreografikoak ez dira ageri; “ohitura den moduan” edo antzeko adierazpideekin agertzen dira. Baina bai agertzen dira, adibidez, aurresku edo atzesku lanetan aritu izan zirenen izenak. Baita interesatzen zait dantza eta autodefentsarako alardeak zenbateraino ziren lagungarriak herritarrak diziplinatzeko eta mobilizazioa antolatzeko. Pentsatzen dut halako esperientziek zerikusia izan zezaketela matxinadaren antolaketan.

Hide Dohino, Dantzaneko liburutegian, Eibar, 2026-03-27. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Aurten Euskal Herrian soka-dantzak ikusten ibili zara. Zein ikusi dituzu eta zer bilatu nahi izan duzu bertatik bertara?
Badakit orduan eta orain ez dela berdin dantzatuko, baina dantzaren esentzia edo dantzaren inguruko pistak aurkitu nahi izan ditut, nik nolabait imajinatzeko orduan nola dantzatzen ziren. Berastegin San Lorentzo egunean, abuztuaren 10ean, izan naiz; Adunan, oilasko biltzean, abuztuaren 13an; eta Elgoibarren, San Bartolome egunean, abuztuaren 24an.

Adunan baserriz baserri ibili ziren herritarrak, eta gero, eguerdian, plazan soka-dantza dantzatu zuten. Berastegin, arratsaldean, San Joan dantzen ondoren dantzatu zuten helduek, eta Elgoibarren, eguerdian, Haritz dantzari taldekoek.

Enteratu naiz Euskal Herrian soka-dantzak garai batean galdu egin zirela, baina gero berriki berreskuratzea lortu dela. Hori ere esanguratsua da, eta pozgarria da globalizazioaren testuinguruan.

Hide Dohino Berastegin, soka-dantza ikusi ondoren Dantzanen bueltako lagunekin; Haitz Gurrutxaga, Eneko Etxaniz, Amaiur Aristi, Hide Dohino, Nagore Irureta eta Asier Etxaniz. Berastegi, 2026-08-10.

Dantzaz gain, errituek ere interesa pizten dizute. Zer bilatzen duzu errituetan, eta zer kontatzen digute gizarte bati buruz?
Luzaroan irauten duten kontuak interesatzen zaizkit. Tesirako, adibidez, garaiko auzi judizialak asko ikertu ditut, eta ikusi dut auzi horietan dantzak ere presentzia handia zuela. Dantza borrokarako arrazoi izaten zen askotan, ohorea edo beste zerbait zegoen jokoan. Nork dantzatuko zuen ere borrokarako arrazoia izan zitekeen. Hor ikusten da dantzak orain eta orduan ez zuela balio bera.

Euskaraz aritzen zara, bertsotan ere bai zertxobait. Dantzan, noiz?
Ba, dantzan ere zerbait egiten dut. Adunan, adibidez, dantzatu nuen. Kar, kar, kar! Aristerrazun ere izandakoa naiz, eta imitazioz fandangoak eta arin-arinak dantzatu izan ditut. Nahiko errepikakorrak dira; behin egitura ulertuta, ba, egin izan dut zerbait. Aurrena ulertu eta gero apurtu! Kar, kar, kar! Gero nortasun propioa ematen baitiot.

Barrenak jasotako bideo honetan Hide Dohino Elgoibarren da soka-dantza ikusi ondoren Haritz dantzari taldekoekin eta Uxue Alberdi bertsolariarekin. 

[Bideoa]

Hide Dohino Elgoibarren soka-dantza ikusi ondoren Haritz dantzari taldeko kideekin eta Uxue Alberdi bertsolariarekin. Elgoibar, 2026-08-24. Argazkia: Barrena