Dokumentuaren akzioak
"Argiak dantza egiteko modua aldatu zuen"
Amaiur Aristi Arregi
Fernando Aristizabal eta Mertxe Ibañez, Añorga, 2026-05-29. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA
Añorgako etxean hartu gaituzte Fernando Aristizabalek (Donostia, 1949) eta Mertxe Ibañezek (Donostia, 1949). Mahaiaren bueltan, kafea, pastak eta argazki zahar mordoa. Biak gazte-gazterik iritsi ziren Argiara, 1960ko hamarkadaren amaieran, eta ordutik euskal dantzaren berpizkundearekin batera egin dute bidea. Haien kontakizunean Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregiren itzala ageri da, landa-laneko abenturak, dantzaren bidez herria ezagutzeko grina eta garai hartako ilusio kolektiboa. Argazkiz argazki, oroitzapenak bata bestearen atzetik datoz. Eta berehala ulertzen da beraientzat Argia ez dela dantza talde bat bakarrik izan: bizitza oso bat zeharkatu duen familia, eskola eta konpromiso modu bat ere izan da.
Nola izan zen zuen lehen harremana dantzarekin?
Fernando Aristizabal: Hamazazpi urte nituela izan nuen lehen kontaktua euskal dantzarekin. Alde Zaharrean geunden lagunartean, eta Argiako kide batzuk hurbildu zitzaizkigun taldean parte hartu nahi ote genuen galdetzera. Baietz esan genuen eta Okendo eskolara joaten hasi ginen. Hasieran kuadrillako batzuk ginen, baina denborarekin ni bakarrik geratu nintzen. Astean hiru aldiz egiten genituen entseguak. Hasiera hartan ez nekien dantzan ezer egiten. Han hasi nintzen oinarrizko urratsak ikasten.
Mertxe Ibañez: Nire kasuan ere ez nuen dantzarako aurretiko prestakuntzarik. Fernando ordurako Argian zebilen, eta egun batean Juan Antonio Urbeltzek entsegu batera joateko gonbita egin zidan. Egia esan, ez nekien oso ondo zertan sartzen ari nintzen. Joan nintzen, eta berehala hasi zitzaidan ingurutxoko pausoak erakusten. Handik gutxira taldean sartuta nengoen, erdi engainatu ninduten.
Ordura arte ezagutzen zenuten elkar?
MI: Bai. Bikote ginen ordurako.
Zer aurkitu zenuten Argian lehen urte haietan? Nolakoa zen taldearen dinamika?
FA: Ni sartu nintzenean Argia hastapen betean zegoen. Hasieran talde askotan egiten ziren dantzak egiten genituen: makil-dantzak, zinta-dantzak eta garai hartako errepertorio ohikoena. Baina berehala hasi zen aldaketa. Juan Antonio Urbeltz eta ingurukoak herriz herri ibiltzen ziren dantzak biltzen, eta etengabe iristen ziren material berriak: Berrizko dantzak, Lesakakoak, Jaurrietakoak, ingurutxoak... Horrek ematen zion bizia taldeari. Beti zegoen zerbait berria ikasteko, zerbait berria prestatzeko. Niri horrek eutsi zidan urte luzez. Bestela, agian pare bat urteren ondoren utziko nuen.
MI: Beti zegoen mugimendua. Dantza egiteaz gain, proiektu baten parte sentitzen ginen. Gauza berriak aurkitzen ari ginen etengabe.
Dantza bilketa lan hori gertutik bizi izan zenuten, ezta?
FA: Bai, ez zen erraza, gehienetan lan egunetan egiten baitziren irteerak eta guk lana egiten genuen. Asteburu batzuetan joaten ginen: Zuberoara, Luzaidera, Otsagabira... Herrietako dantzariekin elkartu, ikusi, ikasi eta hurrengo astean Donostian bertan erakusten genuen ikasitakoa.
Nolakoak ziren bidaia haiek?
FA: Gaur ikusita ia sinestezina dirudi, autoan joaten ginen. Herrietara iritsi, bertako dantzariekin egon, ikasi eta bueltan berriro entseguetara. Bidaia horiek sekulako eskola izan ziren guretzat. Euskal Herriko txoko asko ezagutu genituen horrela. Bestela sekula ez genituzkeen ezagutuko.
MI: Gure adineko gazteentzat abentura handia zen. Bat-batean Urdiñarbe, Otsagabi, Luzaide edo beste hainbat herri ezagutzen genituen. Garai hartan ez zen gaur bezala. Mundu berri bat ireki zitzaigun.
Frankismoaren azken urteetan gertatzen ari zen hori guztia. Zentzu politikorik ere bazuen, ezta?
FA: Guretzat bai. Ez alderdi politikoen zentzuan, baina bai herria egiteko modu batean. Euskal Herria ezagutzea, bertako kultura ezagutzea, jendearekin harremanak egitea... Hori guztia militantzia mota bat zen guretzat. Herriz herri ibiltzeak eta kultura hori berreskuratzen laguntzeak bazuen konpromiso kutsu bat. Guk horrela bizi genuen.
Bildutako material hori oholtzara eramaten hasi zineten gero. Nola gogoratzen duzue prozesu hura?
FA: Gaur egun normala dirudi, baina garai hartan sekulako berrikuntza izan zen. Jaurrietako programa, adibidez, benetako aurkikuntza izan zen. Dantzak ikasi, musika prestatu eta jantziak berregin behar ziren.
MI: Jantzien atalean lan handia egiten genuen. Argazki zaharretatik eta dokumentaziotik abiatuta prestatzen ziren. Ez zen dantzatzea bakarrik; josten ere ikasi genuen. Bakoitzak bere abarketak apaintzen, jantziak prestatzen laguntzen zuen... Talde lan handia egiten genuen. Jaurrietaren estreinaldia ikaragarria izan zen
Eta emakumeen papera ere aldatu zen garai hartan, ezta?
MI: Jaurrietaren muntaketa nahiko modu naturalean etorri zen. Juan Antoniorekin herrira joan ginen, dantzak eta materiala ezagutzera, eta handik bueltan entseguetan hasi ginen. Ez zen gaur egun bezala dokumentazio eta baliabide asko zegoen garaia; genuenarekin eta bildutakoarekin osatu genuen dena. Jantziak ere argazkietan eta aurkitutako informazioan oinarrituta egin genituen.
Estreinaldia oso ondo gogoratzen dut. Gu oso gazteak ginen, nobato hutsak, baina ilusio handia genuen eta dena oso ondo atera zen. Oso pozik geratu ginen emaitzarekin. Gainera, garai hartan emakumeok ez genuen aukera handirik dantzan. Gehienetan mutilen inguruan egiten ziren dantzak, eta Jaurrietako dantzek beste aukera batzuk ekarri zituzten: bikoteka dantzatzeko moduak, ingurutxoak eta ordura arte emakumeentzat ohikoak ez ziren rolak. Guri egokitu zitzaigun une hura bizitzea, eta egia esan, zorte handia izan genuen.»
Bereziki hunkigarria izan zen 2019an Jaurrietara itzultzea, estreinaldi haren 50. urteurrena ospatzeko. Mende erdi geroago, berriz ere dantzan aritu ginen herrian bertan. Une horretan, Jaurrietako emakumeekin batera sokaren buru egiteko aukera izan nuen, Juan Antonio Urbeltz alboan nuela.
Zer izan da Argia zuentzat?
MI: Familia bat. Hamazazpi edo hemezortzi urterekin sartu ginen, eta han sortu genituen lagunik estuenetako asko. Juan Antonio [Urbeltz] eta [Marian Arregi], Mikel Lizartza, Joxean Lizarribar eta beste hainbeste gure familiaren parte bihurtu ziren.
FA: Nik ere hala esango nuke. Familia izateaz gain, kulturako mundu oso bat ezagutzeko aukera eman zigun. Oteiza, Basterretxea, Ez Dok Amairuko jendea... Bestela sekula ezagutuko ez genuen jendearekin harremanak egiteko aukera izan genuen. Argiak herri honetako kultur mugimenduaren barruan kokatu gintuen.
Eta gaur egun zer herentzia utzi duela uste duzue?
FA: Euskal dantzaren gaur egungo egoera ulertzea ezinezkoa da Argiaren ekarpena kontuan hartu gabe. Dantza egiteko modua aldatu zuen. Errepertorioa aldatu zuen. Talde guztiek, neurri batean edo bestean, Argiaren eragina dute. Agian Iruñeko Duguna eta Eibarko Kezka taldeetan ikusten da garbien jarraipen hori, baina egia esan Euskal Herriko talde guztiak dira neurri batean Argiaren seme-alabak.
MI: Eta horrek erakusten du egindako lanak merezi izan zuela. Guk gure garaian egin genuena gaur arte iritsi da.
Uda garaiko emanaldiak ere oso biziak izango ziren. Hasiera hartako birak?
FA: Oso intentsuak. Abuztuan astebetean hiru edo lau emanaldi izatea ez zen arraroa. Goizean herri batean, arratsaldean beste batean eta biharamunean hirugarren batean. Jantziak kamioian, dena presaka eta kilometro asko. Batzuetan arratsaldeko bero izugarrian dantzatu behar izaten genuen. Lehenik desfilea herrian barrena, gero emanaldia frontoian edo plazan. Gaur egun gogorra iruditzen zaigu, baina orduan natural bizi genuen.
Mi: Aldagelak ere ez ziren gaur egungoak bezalakoak. Batzuetan suhiltzaileen parke batean aldatzen ginen, beste batzuetan frontoi batean edo ahal zen tokian. Jantziak kamioietan zintzilik. Gaur kontatuta barregarria dirudi, baina horrela ibiltzen ginen.
FA: Eta hala ere izugarri gustatzen zitzaigun. Gazteak ginen eta dena zen abentura.
Euskal Herritik kanpora ere ibili zineten?
FA: Bai, baina hasierako urte haietan batez ere Euskal Herrian aritzen ginen. Kanpora joaten ginenean jaialdi edo nazioarteko topaketetara izaten zen. Euskal Herritik kanpo ere hainbat esperientzia izan genituen. 1980an, Juan Antonio Urbeltz eta Marian Arregirekin batera egon nintzen Namurren (Belgika). Handik urte batzuetara, gutxi gorabehera 1985 inguruan, Mertxe eta biok Amsterdamen izan ginen, Het Folkloristisch Danstheater dantza talde profesionalean. Mundu osoko dantzak lantzen zituen talde hark, eta guk Euskal Herriko hainbat dantza irakatsi genizkien. Geroago, 1991n, berriz ere Juan Antonio eta Marianekin batera, astebeteko egonaldia egin genuen Paranán (Argentina).
Hala ere, gure lanaren muina hemen bertan zegoen.
Herrietan nolako harrera izaten zenuten?
FA: Oso ona. Jende askorentzat berria zen ikusten ari zena. Gaur egun ezagunak diren hainbat dantza edo programa ez ziren ezagunak garai hartan. Herri askotan ez zuten sekula ikusi guk eramaten genuen errepertorio hori.
MI: Harridura ere bazegoen. Jendeak gustura hartzen gintuen, baina askotan ez zekien zer ikusten ari zen. Horrek ere bazuen bere xarma.
Zuberoako dantzek lotura berezia izan zuten Argiaren ibilbidean. Zuek ere gertutik bizi izan zenuten prozesu hori.
FA: Bai. Zuberoara hainbat aldiz joan ginen. Han ezagututako jendeak eta ikasitakoak eragin handia izan zuten guregan. Gogoan dut Mixel Bedaxagar. Sorotik zetorren lanean arituta, botak jantzita, eta gero dantzan hasten zen naturaltasun ikaragarriz. Horrelako gauzek txunditzen gintuzten. Ikusten zenuen dantza ez zela ikuskizun hutsa; bizimodu baten parte zela.
Zuberoako programa berezia prestatu zenuten gero.
FA: Bai, eta sekulako lana izan zen. Pertsona askoren lana behar zuen, kantariak, dantzariak eta musikariak elkartzen zituen. Horrelako muntaketek arazo bat dute: pertsona jakin batzuk falta badira, zaila da guztia aurrera eramatea eta ez zuen asko iraun. Hala ere, garai hartako proiekturik ederrenetakoa izan zen.
1980ko hamarkadan taldeak une zailak ere bizi izan zituen.
FA: Bai. Juan Antonio Urbeltzek osasun arazoak izan zituen eta taldea pixka bat ahuldu zen. Hala ere, lanean jarraitu genuen. Programa txikiagoekin, ahal genuen moduan, baina taldeari eutsi genion. Helburua ez zen handitasuna; bizirik irautea zen. Entseguak egiten genituen, emanaldiak prestatzen, eta taldearen sua piztuta mantentzen saiatzen ginen.
1987 inguruan etorri zen berpizkunde moduko bat.
FA: Bai. Une erabakigarria izan zen. Juan Antoniok argi ikusi zuen talde bakar batekin ezin zirela programa handiak egin, eta beste talde batzuekin elkarlanean hasi ginen. Donostiako Goizaldi, Añorgako dantzariak, Elgoibarko Haritz dantzari taldea eta beste hainbat talde batu ziren. Horrek dimentsio berria eman zien ikuskizunei.
Argiak zuen bizitza pertsonalean ere eragina izan zuen. Nolakoa izan da bikote moduan bide hori egitea?
MI: Guretzat oso naturala izan da. Gazte-gaztetatik bizi izan dugu dena elkarrekin. Entseguak, bidaiak, emanaldiak, lagunak...
FA: Ingurutxoak eta bikoteko dantzak elkarrekin egiten genituen normalean. Azkenean, dantza gure bizitzaren parte bihurtu zen.
Azken urteotan Argiaren historiari buruzko erakusketa antolatu da San Telmo museoan. Zer sentitu duzue han zuen ibilbidea ikusita?
FA: Oso lan txukuna egin dela iruditzen zait. Kristoren dokumentazio lana dago atzean. Nire ustez, Argiak egin duen bidea ondo azaltzen du.
MI: [Aurpegia aldatu zaio, hitzik gabe gelditu da momentu batez] Niri ez dit tristurarik edo nostalgiarik sortzen. Kontrakoa. Oso pozgarria iruditzen zait. Horrek esan nahi du egindako lan guztiak merezi izan duela. Gainera, inaugurazioan aspaldiko lagun asko elkartu ginen. Batzuk hogeita hamar urtean ikusi gabeak genituen. Horrek ere erakusten du Argiak utzitako arrastoa. Askok esaten ziguten, “baina ia argazki guztietan zuek agertzen zarete”. Hala da, hor egon baikara.
Eta gaur egun, erretiroan egonda ere, loturak bizirik jarraitzen du?
FA: Bai. Astero elkartzen gara Juan Antonio [Urbeltz], Iñaki [Arregi], Jesus [Larrea] eta beste lagun batzuk. Harremana ez da galdu.
MI: Dantza gutxiago egingo dugu, baina lotura hor dago oraindik.
FA: Azkenean, Argia ez da bakarrik dantza talde bat izan. Bizitza oso bat da. Lagunak, familia, bidaiak, ikasketak eta herri baten kultura ulertzeko modu. Horregatik jarraitzen du gurekin gaur ere.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Amaiur Aristi Arregi
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Arkaitz Pascuas: "Nagore eta biok entsegu maitaleak gara. Gehiago disfrutatzen dugu egunerokoaz emaitzaz baino"
- Amaiur Aristi Arregi on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Haurrak, haurrak... on Garaian garaikoa: Dantzen eta festen infantilizaziorik ez, mesedez
- Amaiur Aristi Arregi on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Xabier Etxabe on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Oier Araolaza on Gaur ez noa udalekuetara dantza egin behar dugu eta
- Dantzan on 50 urte eta gero orduko eta gaurko kaskarotak dantzan Donibane Lohizunen
- Patxi Montero on Lepoan hartu eta segi kantura
- Oier Araolaza on Erreferenteen garrantzia transmisioan, dantzariak ikastetxeraino sartzen direnean
- Xabier Etxabe on Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero 2019/12/09


