Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Begoña Eizagirre: "Lehen bezain arin ez, baina orain ere egingo nuke dantza!"

Dokumentuaren akzioak

Begoña Eizagirre: "Lehen bezain arin ez, baina orain ere egingo nuke dantza!"

2025/12/02 09:35

Dantzazalea zela jakin gabe sartu naiz Begoña Eizagirreren (1942, Aizarna) sukalderaino, eta hurrengo urteko festetan dantzara elkarrekin ateratzeko zita eginda atera naiz. Bizitza osoan lan eta lan ibili da, oraindik ere hala jarraitzen du, baina dantzarako tartea ere atera izan du. Igandero Aizarnan erromeria izaten zen garaia barre txikiarekin gogoratzen du, eta ederki azaldu dizkit Ama Birjin festetako oilasko-dantza eta dantzaurrea ere. Herriko Danbolin aldizkarirako elkarrizketatu dut Eizagirre; haurtzaroko oroitzapenak, Donostiara lanera joan zenekoak, taberna eta denda bueltakoak, auzoaren bilakaera... baita dantza kontuak ere. Hementxe jaso ditut azken horiek.

Eta gaztaroan dena ez zen lana izango ba? Festarik ez?
Ba asko ez, 22 urterekin ezkondu nintzen eta! Bestela hemen jaiero izaten zen erromeria, Aizarnan bertan. Orduan bai, dantza franko!

Dantzazalea orduan? Nola ikasi zenuen?
Besteei begira, ni ez naiz inon ibili izan ikasten.

Orain asmatuko al zenuke?
Bai, bai. Lehen bezain arin ez, baina egingo nuke! Aurtengo amabirjinetan ez naiz atrebitu eta  pena ederrekin gelditu nintzen.

Hurrengo urtean etorriko naiz eta biok aterako gara.
Ez dut ahaztuko e!

Orain beste era batera egiten dute gazteek parranda, ezta?
Asko aldatu da. Gure garaian 22:00etarako etxera eta orain 22:00etan ateratzen zarete. Zeuk atera kontuak! Eta nik zerbeza edaten ez nuen ikasi. Itxialdi garaian bilobarekin ikasi nahian ibili nintzen, kar, kar, kar!

Zer edaten zenuten ba?
Ezer ere ez. Dantzan egin eta dantzan egin eta egarriak baldin bazeunden, iturrira joan behar ura edatera. Eskerrak ez zegoen urrun!

[Etxera iritsi eta kasuen! Gehien interesatzen zitzaidan galdera ez diodala egin Begoñari akordatu naiz. Ez dakit nola pasa zaidan... Beste egun batean berriz igo naiz Aizarnara. Oraingoan sukaldean kaferik ez, oraingoan gaztainak erretzen ari da Begoña. Bigarren bueltak ere merezi izan du. Ederra merienda!]

Eta zuen garaian ere egingo zen ba oilasko-biltzea?
Bai, horixe. Aurrena oilaskoak biltzen zituzten baserriz baserri gizon gazteek. Goiz bildutakoak azkar ekartzen zituzten beste tabernara, Martinenera eramaten zituzten eta han hil eta prestatzen zizkieten eguerdian bertan bazkaltzeko. Oilasko-biltzea bukatzen zutenean oilasko-dantza egiten zuten plazan. Oilaskoa makila batera lotuta ipintzen zuten eta dantzazale batek begiak itxi pañelo batekin eta hura bilatu behar izaten zuen dantzan eginez. Oilaskoa bilatutakoan hortzarekin mozten zion lepoa. Gero dantzaurrea ateratzen zuten. Zortzi bat mutil ateratzen ziren pañeloak eskuan soinuaren doinura. Aurrenengo joaten zenak neska aukeratzen zuen. Uste dut bi mutil joaten zirela bila eta erdian eramaten zutela. Eta lehenengoak hari dantzatzen zion. Gero neska gehiago ere aukeratzen zituzten dantzarako. Zortzi mutil baziren, zortzi neska. Eta gero denak batera dantzatzen ziren. Polita izaten zen! Umea nintzeneko oroitzapenak dira gero galdu egin zen eta urte batzuetara berreskuratu zen dantzaurrea, baina oraingoa ezberdina da.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.