Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Arrastariako entradillak Urduñan

Dokumentuaren akzioak

Arrastariako entradillak Urduñan

Arrastariako entradillak Urduñan

Otxomaioak, entradillak, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Arrastariakoen jaia izaten da maiatzaren 9a, Otxomaio biharamuna. Jaia hobeto ezagutu nahian eta batez ere arrastariarrek dantzatzen dituzten entradillak ikusteko asmotan Urduñara abiatu gara.

Otxomaioak, entradillak
Otxomaioak, segizioa, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Egun Amurrioko udalaren parte diren Aloria, Artomaña, Delika eta Tartanga herriek osatzen dute Arrastaria harana. Lau herriak Araban kokatzen dira, Bizkaiarekin muga eginez. Jai egun berezian, Urduñara (Bizkaia) joaten dira arrastariarrak. Prozesioan denak batera igotzen dira Antiguara, baina arabarrek bakarrik dantzatzen dute.

11:00ak pasatxorako Urduñako plaza dotorera iritsi gara. Ez dabil jende asko kalean, baina festa giroa soma daiteke: txosnak, dendatxoak... Udaletxeko balkoian dagoen erraldoiak eman digu atentzioa. Gero kontatu digute "Bihotz" txistularia dela, XIX. mendeko Urduñako txistularia eta festetako bihotza. 1980ko hamarkadan, otxomaioak berreskuratu zituztenean, festetako figura edo pertsonaia gisa hartu zuten.

Txistularia gidari

Oraindik ere jaietan txistulariak protagonismo handia duela ikusi dugu. 11:30ean abiatu dira Arrastariako biztanleak segizioan Antiguako baselizara. Urduñako sarreratik abiatu dira pendoiekin eta parrokietako gurutzeekin prozesioan. Arrastariako, Amurrioko udaleko eta Arabako Foru Aldundiko agintariak ere hemen dira. Urduñako txistularia buru dela egin dute ibilbidea. Aurrena txistularia eta atzetik Arrastariako lau herrietako banderak, entradillak dantzatzen dituzten gazteak, agintariak eta herritarrak.

Otxomaioak, entradillak
Otxomaioak, segizioa, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Meza bitartean, entradillak entseatzen aritu dira dantzariak txistulariaren laguntzarekin. Tartetxo batean egungo eta lehengo Urduñako txistulariekin egoteko aukera izan dugu. Joseba Larrietak (1933) orain dela hamar bat urte eman zion lekukoa Koldo Ulibarriri (1985).

Urduña-entradillak 2008 040
Joseba Larrieta eta Koldo Ulibarri txistulariak, Urduña, 2008-05-09. Argazkia: Oier Araolaza-Dantzan CC-BY-SA

Ulibarrik azaldu digu azken urteetan aldaketarik ez duela nabaritu, baina bideo zaharrei begiratua, dantzatzeko moduan urratsak edota estiloa zertxobait aldatu direla. Larrietak, berriz, lehen pertsonan bizi izan ditu aldaketak, "Lehen bazeuden dantzari oso onak, gorputzari grazia handia ematen ziotenak, naturalago aritzen ziren. Lehen aurreneko zatia motelagoa zela esango nuke". Nabarmendu digu, bere garaian dantzaria moldatzen zela doinura eta, orain, txistulariak moldatu behar izaten duela dantzarien mugimenduetara.

Otxomaioak, entradillak
Otxomaioak, entradillak entseatzen, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Garai batean, Larrieta bera aritzen zen herriz herri Arrastariakoei entradillak erakusten. 85 urte ditu, baina oraindik sasoian dela erakutsi digu, bere garaian entradillak erakusten zituen moduan dantzatu dizkigu, arin eta natural. Egun, dantzari bakoitzak etxean edo bere kabuz ikasten omen du.

Meza ondoren entradillak eta berriro Uruduñara

Jendeak, mezetatik irten orduko, baselizaren sarreran zirkulu moduko bat osatu du; entradillak dantzatuko dituztenentzat dantzarako lekua eginez. Garai batean lau herrietako gazteek dantzatzen zituzten, egun gaztetxoek eta haurrek; helduren bat ere animatu da. Lau herrietako kideak, txandan-txandan dantzan hasi dira. Dantzak amaitzean, agintariek txanponak eta karameluak bota dituzte airera dantzarientzat. Han ibili dira elkarri bultzaka eta harrapaketan dantzari gazteenak. Garain batean, puruak eta guzti botatzen zituztela esan digute.

Otxomaioak, entradillak
Otxomaioak, entradillak, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Otxomaioak, entradillak
Otxomaioak, entradillak, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Otxomaioak, entradillak
Otxomaioak, entradillak, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Otxomaioak, entradillak
Otxomaioak, haurrak agintariek botatako karameluak eta txanponak jasotzen, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Segizioan itzuli dira denak Urduñara, berriro txistulariaren atzetik; beraiekin jaitsi gara gu ere. Bidean, alkateek aginte makilaren trukea egiten dutela ikusi dugu eta kalean behera ostatu zaharrera iritsi gara. Agintariek, banan-banan, ohiko diskurtsoa eta mankomunitatearen urteroko balantzea irakurri dizkie herritarrei balkoitik.

Otxomaioak, entradillak
Otxomaioak, agintariak makilekin, Urduña, 2018-05-09. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Argazki galeria: Urduña 2018 entradillak

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.