Albaro Carballo: "Galiziarrek eta euskaldunek elementu asko partekatzen ditugu dantzan eta musikan, baina hizkuntza ezberdinak dira"
Alvaro Carballo, Eibar, 2026-09-30. Argazkia: Amaiur Aristi / Dantzan - CC-BY-SA
Galiziatik Euskal Herrira ekarri dizkigu dantza eta musika tradizionalaren inguruko esperientziak Alvaro Carballok (Pontevedra, 1995). Eta gureez galdetu digu. Eibarko Galizia Etxean ibili da gaita eta dantza irakasten bi astez, eta Dantzan elkartean izan dugu bisitan. Tradizionala denaren definizioaz, transmisioaz, egin dituen ikasketez eta lanez... aritu zaigu.
Galiziako gaita eta dantza erakustera etorri zara Eibarrera, ezta? Zer dela eta?
Galiziako Xuntaren programa batek Galiziatik kanpoko galiziar etxeei aukera ematen die, urtean behin, hamabost egunez irakasle bat izateko. Beraz, programa horren barruan etorri naiz Eibarko Galizia Etxera.
Kontatu pixka bat egonaldia.
Egia esan, oso ondo. Asko harritu ninduen taldeak, maila handia dute, batez ere musikan. Lau urte daramatzat Galiziatik kanpoko galiziar etxeetan horrelako ikastaroak ematen. Eta, bueno, egia esan, jendea oso-oso atsegina da; esperientzia polita izaten ari da. Gainera, beti balio dizu galiziar jatorriko jendea eta inguru berriak ezagutzeko. Eta, oraingoan baita zuek ere, Dantzaneko kideekin egoteko ere aukera polita izan da. Harreman interesgarriez gain, Eibar inguruak ezagutzeko aukera izan dut; Arrateko gainera eraman naute, Deban ere ibili gara...
Zer ari zarete lantzen egun hauetan Eibarko Galizia Etxean?
Gaitan zein dantzan lantzen dudan errepertorioa musika tradizionalean oinarritzen da. Egun hauetan bi dantza lantzen ari gara: bata Pontevedrako Barro de Arénekoa da, eta bestea Cervantesko Padornelo herrixkakoa. Landa-lanean oinarrituta egiten dut lan. Beraz, normalean, hasierako zatian beti erakusten diet landa-laneko material hori, laneko iturria, ditudan bideoak. Kasu honetan, adibidez, Cervantesko herrixkako dantzarekin erabiltzen ari naizen materiala nik neuk grabatutakoa da. Ni joan nintzen grabatzera, 2010 inguruan edo. Eta bestea, Barro de Arénekoa Pichi Abolladok utzitako materiala da; nire irakasleetako bat izan zen.
Iturriak erakutsi eta gero praktikara egin ohi dut salto. Galizian, dantzetan, bi egitura oso argi ditugu: puntua eta buelta. Lehenengo puntua lantzen dugu, normalean konplexuagoa izaten delako, eta gero bueltak. Ondoren, koreografia bera osatzen dugu. Musikariei, berriz, dantzan erabiliko ditugun melodiak erakusten dizkiet. Denok batera aritzen gara, eta saiatzen gara ikusten zer elementu estilistiko dauden bai musikan eta bai dantzan.
Pentsatzen dut Galiziatik kanpo, Euskal Herrian bezala, beste leku batzuetan ere aritu zarela dantza eta musika erakusten.
Brusselan izan naiz hiru aldiz irakasle lanetan, Genevan, Suitzan... Eta emanaldiekin ere Europako leku askotan ibili naiz, batez ere, Portugalen.
Euskal diasporan dantzak eta musikak oso funtzio garrantzitsua dute sustraiekiko loturari eusteko. Galiziarren kasuan ere horrela ikusten duzu?
Bai, erabat. Eta uste dut hori dela, nolabait, aingura. Leku bakoitzean egokitzen joan da, baina elkartzeko lekuaren funtzio sozial horri eusten dio. Izan ere, migrazio-prozesu handi horiek gertatu zirenean, oso une gogorrak izan ziren. Jendea lanik eta janaririk gabe joaten zen, ezagutzen ez zuen leku batera iristen zen, eta kasu askotan, hizkuntza ere arrotza zuen. Orduan, galiziar etxeak sortu zituztenean, ez zen soilik ezagunekin edo gertuko jendearekin berriz elkartzeko espazioa; nolabait, sustraiekin lotura mantentzekoa ere bazen. Eta baita guk morriña esaten diogun horri aurre egitekoa ere, hau da, herriminari.
Gaur egun, uste dut beste funtzio bat betetzen duela. Adibidez, Suitzan, nik ikastaroak ematen dizkiedan guztiak hirugarren belaunaldikoak dira; Eibarren, berriz, bigarren belaunaldikoak dira. Egia da gaur egun, garraioarekin eta abarrekin, denek nahiko harreman estua dutela Galiziarekin. Hego Amerikan dauden Galiziako Etxeetan daudenen egoera aldatu egiten da; baina, oro har, Europan Galiziarekin harreman nahiko estua izaten dute. Eta musikaren eta dantza tradizionalaren bidez elkartzeari denek eusten diete.
Musika eta dantza bai, eta galegoa?
Hori zentroen arabera aldatzen joaten da. Suitzan, adibidez, ikusi nuen denek mantentzen zutela hizkuntza. Gainera, galego ederra dute. Hemen, Eibarren, gehienek gaztelaniaz hitz egiten dute. Suitzarren kasuan, bigarren eta hirugarren belaunaldikoak izanik, frantsesa eta galegoa nahasten dituzte. Baina bai, galegoz hitz egiten dute, mantentzen dute, eta oso ondo menperatzen dute.
Hemen Eibarren, noski, ulertzen dut haien arteko komunikaziorako hizkuntza komuna gaztelania izan dela, hemengo jendearengandik hurbilen zuten hizkuntza zelako. Badira galegoz eta euskaraz hitz egiten dutenak ere. Eta galegoa denek ondo ulertzen dute. Nik, adibidez, nire eskolak beti galegoz ematen ditut. Ez diet inoiz gaztelaniaz hitz egiten. Eta badira nirekin, nolabait, erdi eta erdi komunikatzen direnak.
Euskal dantzak ezagutzen dituzu?
Egia esan, gutxi ezagutzen ditut, baina ez zaizkit guztiz arrotzak, bideoak eta ikusi izan ditut. Gainera, pisukide euskalduna izan nuen Vigon. Euskararen inguruko gauzak erakutsi zizkidan batez ere, eta nik, berriz, musika tradizionalaren munduan sartu nuen; eta orain akordeoia jotzen du, zuen trikitixatik ere nahiko hurbil dago. Beraz, musikaren aldetik pixka bat gehiago ezagutzen dut, euskal musikariekin eta harremana izan dudalako.
Eta loturarik edo sumatu duzu zerbaitetan?
Bai, azkenean antzekotasun asko ikusten ditut. Dantza elementuetan desegiten dugunean, unitate minimo horietan, lehen aipatzen nituen oinarrizko pauso horietan, alegia, zuek eta guk ditugunetan, uste dut azkenean asko partekatzen dugula. Dantza gehienetan, behintzat lurraldeari dagokionez, Europako hegoaldeko lurraldeetan ere, gauza asko partekatzen ditugula uste dut.
Egituretara edo dantzara, elementu konplexuagoetara joaten garenean, bai, asko aldatzen da. Jakina, hizkuntzak desberdinak dira. Baina pauso txikietara joaten bagara, uste dut gauza asko partekatzen ditugula. Galiziarrek eta euskaldunek elementu asko partekatzen ditugu dantzan eta musikan, baina hizkuntza ezberdinak dira.
Orain dantza eta musika irakasle zabiltza, baina ze ibilbide egin duzu dantzaren eta musikaren alorrean?
Kontserbatorioan trebatu nintzen, gaitaren alorrean, eta gero Kultur Ekoizpeneko karrera egin nuen. Zortzi urterekin hasi nintzen gaita jotzen eta hamahirurekin dantzan. Galizian ez dago dantza ikasteko erakunde publikorik, ez kontserbatoriorik, bestelako ikasketa ofizialik. Elkarteetara joanda ikasten da. Beraz, dantzaren alorrean, nire hiriko elkarteetan hasi nintzen trebatzen. Gero, taldeetan parte hartzen hasi nintzen, prestigio handiagoko taldeetan edo, hiri handietakoetan. Galizian, Santiago de Compostelako Traspés taldeko kide naiz. Haiekin hasi nintzen landa-lanean, eta iturri primarioetatik ikasten, hau da, herrietako adinekoengana joaten.
Gaur egun musika tradizionaleko zein Galiziako dantzako eskolak ematen ditut Galiziako hainbat elkartetan. Eta, gainera, Vigoko Unibertsitateko musika tradizionaleko tailerra zuzentzen dut. Oraintxe doktore tesia egiten ari naiz.
Zein da gaia?
Ikertzen ari naiz gaur egun komunikazio-modu berriek, sare sozialek eta abarrek nola eragiten duten musika tradizionaltzat ulertzen dugunaren definizioan. Alegia, nola gaude iturri primarioen haustura horren aurrean? Musika eta dantza tradizionalaz ari garenean transmisio ez-eskolatuaz, ahozko transmisioaz... aritu ohi gara. Beraz, iturri primario horiek informazio eman ezin digutenean, zer ulertuko dugu aurrerantzean musika tradizionaltzat? Nola jarraituko du eboluzionatzen? Horri buruz ari naiz egiten tesia Santiago de Compostelako Unibertsitatean eta Javier Gandara da nire tesi-zuzendaria.
Oraingoz, zer ondorio atera dituzu edo nola doa?
Hasierako fasean dago oraindik. Bigarren urtea dut. Orain ari gara gai osoa lantzen, elkarrizketekin hasten. Oraindik ez naiz ausartzen ondoriorik ematera.
Ados, ondoriorik ez, baina hipotesiren bat?
Hipotesiak izango dira, baina egia esan, ez dakit jakingo zer esan. Uste dut tesi hau zalantza pertsonal batengatik hasi nuela. Hogeita bi urte daramatzat musika tradizionalaren munduan, eta oraindik ez naiz gai galdera horri erantzuteko. Eta uste dut nire inguruko jendeak ere gero eta galdera gehiago dituela.
Doktoretzarekin hasi aurretik masterra egin zenuela musika tradizionalean komentatu duzu kafea hartzen ari ginela, eta azken lanean genero ikuspegia landu zenuela.
Bi master egin nituen, bat musika tradizioarekin lotuagoa zegoen, eta bestea kultur kudeaketarekin. Lehenengoaren kasuan, genero-ikuspegitik egin nahi nuen analisia. Aspalditik bueltaka nerabilen gaia zen. Master amaierako lanak ikerketarako denbora oso mugatua du. Beraz, argitaratutako diskografiara mugatzeko proposatu zidan tutoreak, datu-baseetara erraz irits nintekeelako eta lana nahiko arin egin eta ondorioak atera ahal izango nituelako.
Nire asmoa zen ikustea diskoak argitaratu zituzten taldeetatik zeinetan zen emakume bat talde horren erreferentzia nagusia. Eta ikusi urteetan horrek ze bilakaera izan zuen. Eta, orain gogoratzen dudanez, urte guztiak kontuan hartuta, emakume bat erreferentziazko pertsona den diskoetan gorakada txiki bat ikusten da azken urteetara gerturatu ahala. Baina, bueno, ez dago inolako orekarik.
Lehen aipatu bezala, lan eta ikerketa hau Galiziako musika tradizionalaren kontzeptutik abiatu nuen. Gure iturri primarioak, nagusiki, emakumeak dira; baina musika grabatuaren eta argitaratutako diskografiaren esparru profesionalean zer gertatzen den ikusi nahi nuen: Zenbat gizon eta zenbat emakume? Izan ere, gaur egun ere, erreferente handiak direnak gizonak dira, baita panderoa eta kantatutako musikaren barruan ere. Baina, askotan, emakumeek egin duten musika kantatzen dute.
Nahiz eta aritu, gizonen izenen ondoan ezkutuan gelditu dira emakume izenak, ezta?
Hor badago elementu paradigmatiko bat. Adibidez, gaitaren azterketa formalagoan aritzen garenok XIX. eta XX. mendeetako gaita-jotzaile handien izenak ezagutzen ditugu, denak gizonak dira. Liburu pila bat dago haiei buruz idatzita, analisi estilistikoak, biografiak... Baina emakumeen kasuan, beti egon dira ikusezin, “halako lekutako herritarrak” izenaren estalpean.
Horrek matxismoaren osagai argi eta nabaria du, eta gaitak maila handiagoa duela eta profesionalizazio handiagoa behar duela ulertu izan da modu horretan. Eta zer gertatzen da panderojole kantariekin? Gaur egun, adibidez, gaitako kontserbatorioa badugu, baina ez dago kantu tradizionaleko eta panderoko kontserbatoriorik. Eta horrek ere badu zerikusia gaiteroak pertsona indibidual gisa ulertzearekin, eta emakumeek, berriz, normalean taldean aritzearekin. Horregatik, gaur egun ez ditugu horietako askoren izenak ezagutzen. Egia da orain hasi garela ezagunenak berreskuratzen: telebista-programak eskaini zaizkie, diskoak egin dira haiei buruz...
Amaiur Aristi Arregi



