Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Amaiur Aristi Arregi Alaia Cachenaut: “Tradizioa barrutik nola pentsatzen den ulertu nahi izan dut”

Dokumentuaren akzioak

Alaia Cachenaut: “Tradizioa barrutik nola pentsatzen den ulertu nahi izan dut”

2026/07/06 08:05

Txikitatik dantzaria izan da Alaia Cachenaut (Uztaritze, 1998), baina dantzaren barruan bizitako hainbat esperientziek eta egoerek galderak piztu zizkioten oso gaztetatik. Zergatik egiten zituzten mutilek dantza batzuk eta neskek beste batzuk? Zergatik ziren aldaketa batzuk posible eta beste batzuk ez? Galdera horiek gogoan itzuli zen dantzara, oraingoan antropologoaren begiradarekin. Horren emaitza da Uztaritzeko kaskarotetan 2023an gertatu emakumeen integrazio prozesua aztertzen duen doktore-tesia. Barrutik egindako ikerketa sakona, parte-hartzaile gisa bizi izan duen esperientzia eta ikerketa antropologikoa uztartzen dituena. Tesiaren defendatu berritan, egindako bideaz, aurkikuntzez eta ikerketak berari ere ekarri dion eraldaketaz hitz egin dugu. Modu batean esan daiteke lan honek dantzaren munduarekin berriz adiskidetzeko aukera ere eman diola; bizi izan zituen injustiziak ulertzeak eta horien arrazoien identifikazioak lasaitasuna ekarri diola dio.

Tesia defendatu berri duzu, baina goazen hasierara. Zerk eraman zintuen Uztaritzeko kaskarotak eta emakumeen lekua ikergai bihurtzera?
Euskal Kultur Erakundearekin lortu CIFRE kontratu bati lotuta hasi nintzen. Bekaren gaia kultura eskubideak ziren, eta hortik abiatu nintzen pentsatzen nola aztertu kultura eskubideak euskal kulturan. Ni dantzaren munduan nengoen, eta hortik hasi nintzen pixka bat sakontzen.

Kultura eskubideak diozunean, zertaz ari gara?
Kultura eskubideak giza eskubideen parte dira, eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea defendatzen dute. Baina parte-hartze kulturala zer den ez dago juridikoki definituta, eta hutsune horretatik batez ere interpretazio desberdinak ateratzen dira. Ipar Euskal Herrian ohartzen nintzen batzuek ez zituztela kultura eskubideak gustuko, eta beste batzuek esaten zutela hemen naturalki bizi zirela eta ez genuela tresna juridikorik behar. Horren inguruan nenbilela, Uztaritzen entzun nuen gizon batek esaten: “Ene kultura eskubidea da kaskarotak honela egotea”, alegia, mistotasunik gabe. Hor pentsatu nuen bazegoela zerbait oso interesgarria. Pertsona hark kultura eskubideak erabiltzen zituen bere kulturaren ikuspegi jakin bat defendatzeko. Aldi berean, NBEren ikuspegitik kultura eskubideek emakumeen eskubideak ere babestu behar dituzte. Kontraesan horrek piztu zidan lehen jakin-mina.

Alaia Cachenaut
Alaia Cachenaut, Ahurti, 2026-07-01. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Garai horretan justu Uztaritzen emakumeak kaskarotetan parte hartzeko prozesuan zineten ezta?
Handik hilabete ingurura, Errobiko Kaskarotak elkartearen Biltzar Nagusian bozkatu zen neskei kaskarotetan lekua emateko proiektua. Horretarako lantalde bat sortu zen, eta eztabaidak hasi ziren. Nik oraindik ez nuen tesia horri buruz egiten; eragile gisa parte hartzen nuen. Momentu hartan ohartu nintzen tradizioa aldatzeko une batean geundela. Tradizioa berriz pentsatzen ari ginen: zer da kaskaroten tradizioa? Zer transmititu nahi dugu? Zer mantendu eta zer aldatu? Iruditu zitzaidan une hori oso interesgarria zela ikusteko tradizioa nola pentsatzen den barrutik.

Zeu uztariztarra eta dantzaria izateak zer ekarri dio lanari?
Gogoeta prozesu oso luzea izan da, eta uste dut oraindik ere segitzen duela. Nire esperientziak baldintzatzen du gauzak ikusteko modua, eta galdera nagusia izan da nola kokatu nire esperientzia etnografian, ez dadin nire ahotsa bakarrik izan, baizik eta nire ahotsa beste askoren artean kokatua. Horregatik erabili ditut hainbat metodo: elkarrizketak, mapa parte-hartzaileak, filma, parte-hartze behaketa... Metodo horiek guztiak gurutzatuz saiatu naiz kaskaroten historia ikuspuntu desberdinetatik kontatzeko, nire esperientziatik harago joanez. Nire bizipen pertsonala beti izan da niretzat hari gorri bat, baina etengabe kontrastatu dut besteen iritziekin. Ez dut nahi izan nire ikuspegia nagusitu.

Bestalde, nire posizioa berezia zen. Nik, adibidez, galtzekin atera nahi nuen kaskarot gisa eta horren egitera ausartu nintzen, baina pentsatu izan dut kanpoko antropologo bat izan banintz sekula ez nukeela planteatuko nik galtzak eramatea. Mimetismoz arituko nintzen. Gehiengoak zerbait esaten bazuen, galdera egingo nukeen agian, baina ez nuke nire gorputzarekin esperimentatuko. Ni, ordea, herritarra naiz, hemengoa, lagunak ditut bertan, eta uste nuen zintzotasunez nire pertsonarekin ere egin behar nuela tesia. Ezetza jasotzea edo egoerak sortzen ahal zituen trukaketak eta oharrak ere datu batzuk dira.

Horregatik nire apustua izan da ahalik eta zintzoen aritzea: nire ideiak gardentasunez azaltzea, baina beti besteen iritziei lekua utziz. Eragile eta antropologo izatea batera eraman dut, eta uste dut horrek eztabaida eta gogoeta interesgarriak sortu dituela.

Dantzaria zarela diozu. Ze ibilbide izan duzu dantzan?
Ibilbide nahiko klasikoa izan dut. Sei urterekin hasi nintzen dantzan. Txikitan ez nuen ezer zalantzan jartzen. Guk dantza batzuk egiten genituen eta mutilek beste batzuk. Lehenengo kolpea futbolean jaso nuen. Anaiarekin batera izena eman nahi izan nuen auzoko futbol taldean. Hura hartu zuten, ni ez, neska nintzelako. Zortzi edo bederatzi urte izango nituen. Hor bai sentitu nuen ez zela normala. Beranduago ohartu nintzen dantzan ere antzeko zerbait gertatzen zela. Taldeko mutilek egiten zituzten dantzak nik ere egin nahi nituen. Bereziki Agurra ikasi nahi nuen. Eskatu nuen, eta berriz ere erantzuna izan zen ezetz, neska nintzelako. Hala ere, gizon batek erakastea onartu zuen eta oraindik eskertzen dut.

Hamabost edo hamasei urterekin talde nagusira iritsi nintzenean testuingurua berezia zen. Bai, ohartzen nintzen gauzez, baina aldi berean baziren dantza batzuk egiten gustura sentitzen nintzenak. Horregatik uste dut ez dela dena beltza edo zuria. Garrantzitsuena zen bakoitzak aukeratu ahal izatea zer dantzatu nahi zuen eta zertan sentitzen zen eroso. Gero ikasketengatik pixka bat urrundu nintzen euskal dantzatik, baina galdera horiek beti izan ditut buruan.

Alaia Cachenaut
Alaia Cachenaut, kaskarotak, Uztaritze, 2023-02-12. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Baina ez zenuen guztiz utzi orduan ezta?
Masterra egiteko garaian berriz itzuli nintzen euskal dantzara, antropologoaren begiekin. Niretzat bazegoen paradoxa bat: ez nuen ulertzen nola hainbeste desadostasun egonda ere dantzan jarraitzen genuen. Tentsio horrek pizten zidan jakin-mina. Masterrean Lapurdiko dantza taldeak ikertu nituen, nola transmititzen zen dantza talde bakoitzean. Ikusi nuen modu desberdinak bazeudela, baina denek partekatzen zutela transmititzeko gogo handia.

Itzuli nintzenean konfiantza handiagoa nuen nire baitan. Adibidez, mutikoei dantza irakasteko prest agertu nintzen. Une batean mutikoak falta ziren eta esan nuen nik ere erakutsi nezakeela. Errepika bat edo bi egin nituen, baina batek esan zidan hori ez zela nire lekua eta mutikoei mutilek erakutsi behar zietela. Nik orduan erabaki nuen ez nuela hori sostengatuko. Ez nuen gehiago irakatsi.

Gaur egun gauzak ez dira hain zurrunak. Oraindik badira bereizketak, baina badira galderak, eztabaidak eta etengabeko gogoeta. Kanpotik askotan esaten da mutilek mutilen dantzak egiten dituztela eta neskek neskenak, eta hori egia da neurri batean. Baina barrura sartzen zarenean ñabardura asko daude: eztabaidak, zalantzak, penak, etengabeko galdeketak. Niri hori interesatzen zait erakustea, barrutik nola mugitzen diren genero arauak.

Nolakoa izan da ikerketa egiteko bidea?
Eragile gisa erabaki nuen kaskaroten prozesuan parte hartzea. Horretarako hainbat lantalde sortu ziren: jantziarena, dantzarena, musika eta kantuarena, eta antolaketarena.

Nik dantza eta musika taldeetan parte hartu nuen eragile (eta antropologo filmatzaile) gisa, eta besteetan gehiago antropologo eta filmatzaile gisa. Azkenean, ordea, ezinezkoa izan zen kanpoan geratzea. Filmatzen ari nintzela ere josten hasi nintzen, lanean parte hartu nuen... Azkenean denetan sartu nintzen, beti dena filmatuz. Beldur pixka bat banuen nire ikasketek ematen zidaten teoriagatik gehiegi baldintzatzeko taldea. Horregatik saiatu nintzen nire teoriak ez inposatzen. Nire iritzia ematen nuen galdetzen zidatenean, baina taldeari bere bidea egiten uzten nion.

Hasieran pentsatu nuen proiektua amaitzean eta elkarrizketak egin ondotik bukatuko zela nire landa lana. Baina eragilea izanda, ez da inoiz guztiz amaitu. Teknikei dagokienez, parte-hartze behaketa izan da oinarria. Elkarrizketak 2023ko inauterien ondoren hasi nituen. Sorkuntza prozesua amaitzen utzi nuen lehenik. Elkarrizketetan ohartu nintzen jada ez zirela agertzen sorkuntza prozesuan izandako eztabaida txiki guztiak. Polarizazio handiak bai, baina eztabaida txiki asko desagertuak ziren. Horregatik uste dut filmak ekarpen handia egin didala: desagertzen denaren arrastoa harrapatu ahal izan dut.

Normalean kontatzen da azkenean geratzen dena, baina ahaztu egiten da baztertu den guztia. Nik erakutsi nahi izan dut baztertu diren aukera horiek ere nola laguntzen duten ulertzen tradizioa nola pentsatzen den barrutik.

Dokumentazio historikoan emakumeak ia ez dira ageri. Nola ikertzen da "ikusezina" izan den hori?
Lehenik eta behin, eginda zeuden lan guztiak berriz irakurri nituen. Saiatu nintzen emakumeei lotutako erreferentzia guztiak biltzen. Banaka hartuta oso txikiak dira, oso sakabanatuak, eta horregatik irakurtzen direnean ez gara ohartzen zenbaterainoko aztarna uzten duten. Baina denak elkartzen dituzunean, ikusten duzu badagoela hari bat.

Gero gaur egungo belaunalditik hasi eta atzerantz joan naiz. Galdetzen nien gaurko parte-hartzaileei ea zer ikuspuntu zuten, eta batzuek esaten zidaten: “Gure amak saiatu ziren garaian eta ez zuten lortu”. Beste batzuek esaten zuten ama oso hunkituta zegoela haiek lortu zutelako. Hor ohartu nintzen familia istorioak zirela ere. Eta istorio horiek ia ez dira inon agertzen edo gutxi. Aldizkarietan kazetariek noizbehinka gaiaren eztabaida garritasuna aipatzen zuten, eta hor ikusten da rol banaketa galdezkatua zela, baina ez zitzaiela garrantzi handirik eman emazteen bizipen horiei. Horregatik joan nintzen garai hartako emakumeengana, aldarrikapen haietan ibili zirenengana batez ere.

Nesken integrazioaren aurka zeudenengana ere joan zara ezta?
Batzuek ez didate elkarrizketarik eman, eta hori pena bat izan da, baina erabat ulertzen dut. Ausardia behar da beti norberaren iritzia emateko, eta ez dakizu gero nola erabiliko den. Hala ere, beste bide batzuetatik lortu ditut haien ikuspegiak jasotzea, eta beste batzuek elgarrizketa onartu zidaten. Saiatu naiz errespetuz azaltzen eta aztertzen.

Gero amatxi batzuengana ere joan nintzen. Adibidez, 90 urtetik gorako emakume bati galdetu nion, eta ohartu nintzen haren garaian ez zegoela kaskarotetan sartzeko aldarrikapenik. Hori ere interesgarria iruditu zitzaidan. Borroka ez da betikoa izan. Emakume guztiak ez dira beti leku hori aldarrikatzen ibili, eta batzuk oso gustura zeuden zuten rolarekin. Horregatik uste dut tradizioa ere bere testuinguruan irakurri behar dela. Garai bakoitzak bere tentsioak ditu. Nik interesgarria ikusten nuen denboran zehar egon diren ikuspuntu guztiak berriz harrapatzea, horrela gauzak hobeto ulertzen direlako.

Askotan esan izan da emakumeek ez zutela beren lekua aldarrikatu. Zure ikerketak, ordea, bestelako irudia erakusten du, ezta?
Ez nintzen berehala ohartu. Lekukotasunak biltzen joan nintzen, gero aztertzen, irakurketekin alderatzen, eta pixkanaka nire begirada fintzen joan zen. Orduan hasi nintzen ikusten bazirela lehenagotik ere aldarrikapenak.

Adibidez, Thierry Truffaut-k bildutako lekukotasun batean kaskarot ohi batek kontatzen du bere amak goizaren parte bat pasatzen zuela bere jantziak prestatzen, gero dena desegin eta garbitzen. Lan handia zen beretzat. Lekukotasun hori lehenago irakurria nuen, baina ez zitzaidan deigarria egin. Ikerketan ongi aitzinatu ondotik berriz irakurri nuenean, ordea, ohartu nintzen hor bazegoela zerbait. Emakume horrentzat ez zen plazera bakarrik; ardura bat zen, zama bat ere bazen.

Horrelako aztarna txikietatik galdu dugun historia bat berreraiki daiteke. Eta historia hori emakumeen rolari lotuta dago.

Emakumeek ez parte hartzeko argudio nagusietako bat "tradizioa errespetatzea" izan da, baina agerikoa da tradizioa etengabe joan dela aldatzen.
Hori izan da nire galdera handietako bat. Zergatik alda zitezkeen gauza batzuk eta beste batzuk ez? Adibidez, lehen kaskarotek bakoitzak bere dirua biltzen zuen. Errobiko Kaskarotak elkarteak praktika berreskuratu zuenen Simon Telleria-ren eskutik hori aldatu egin zen, eta dirua kolektiboarena bihurtu zen. Harreman oso desberdina sortu zen diruarekin, baina dakidanez, inork ez zuen hori tradizioaren kontrako aldaketa moduan bizi. Aldiz, neskak dantzari edo eskelari gisa sartzea bai izan zen gatazka. Bestalde, Uztaritzen ez zen arazorik izan emakumeak musikari sartzeko. Hor hasi nintzen pentsatzen zergatik gertatzen zen hori.

Asko lagundu zidaten bi ikerketak. Alde batetik, Yvonne Verdier-en lanak, emakumeen rol historikoak aztertzen dituena: hezkuntza, sukaldaritza, jaiotza eta heriotzarekin lotutako ardurak... Hor azaltzen du emakume izatea nola eraikitzen den XX. mende erdian, Minot izeneko herrian. Bestetik, Daniel Fabre-k mutikoei buruz egin duen lana. Berak azaltzen du mutikoen “iniziazio ikusezina”. Inauteriak, adibidez, mutikoak egiteko espazio bat dira, mutikoen arteko sozializazioa eta maskulinitatea eraikitzeko une bat. Horrek pentsarazi zidan beharbada kaskarotak ere mutikoen iniziazioaren une garrantzitsu bat izan direla. Beste ikerketa batzuk ere irakurri nituen, Anne Saouter-ek egin errugbiari buruzkoak adibidez, eta ikusten da antzeko mekanismoak daudela.

Horregatik uste dut bazegoela atxikimendu handia espazio hori mutikoentzat mantentzeko. Garai batean horrek zentzua zuen, baina genero rolak aldatzen joan dira, eta gaur egun mutiko eta emakume izateko moduak ere aldatu dira. Horregatik iritsi gara kaskarotak misto egiteko unera. Ez da aldaketa isolatu bat; jendarte osoaren aldaketaren barruan ulertu behar da. Oier Araolazaren Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan tesiaz ere asko baliatu naiz.

Alaia Cachenaut
Alaia Cachenaut, Ahurti, 2026-07-01. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Zein izan dira emakumeek erabilitako estrategia nagusiak beren lekua aldarrikatzeko?
Nik hainbat estrategia identifikatu ditut. Lehenengoa izan zen sukalde lanei dagokiona. Neskek mutikoentzat sukaldatzen zuten, baina momentu batean erabaki zuten ahalik eta sinpleena egitea. Ez energia eta denbora gehiegi ematea lan horri. Bigarren urratsa izan zen esatea: “Ados, sukaldatuko dugu, baina guk ere kaskarotak egin ahal baditugu”. Eta hori posible ez bazen, sukaldatzeari utzi zioten. Ez zuten gehiago egin.

Estrategia bat izan da rol tradizional horiek ez bermatzea. Nik neuk bizi izan nuen hori mutikoei dantza irakasteko auzian. Pentsatu nuen ez nuela eredu hori sostengatu nahi, eta alde batera egin nuen. Beste batzuek, berriz, taldea utzi zuten. Askotan pentsatzen da ikasketengatik joan zirela, baina lekukotasun batean emakume batek argi esan zidan: “Ez nuen giro honetan segitu nahi”. Horrek hipotesi bat egiteko aukera eman dit: agian askok ez zuten dantza utzi dantza gustatzen ez zitzaielako, baizik eta ez zutelako beren lekua aurkitzen taldearen barruan.

Beste estrategia bat izan da taldean jarraitzea eta aldaketak barrutik egitea. Hor dago tentsioa: taldean jarraitu, nahiz eta gauza askorekin ados ez egon, edo alde egin. Azkenean bakoitzak bere buruari galdetu behar dio zenbateraino dagoen prest kontraesan horiek bizitzeko, eta zenbateraino den gai maite dituen eta errespetatzen dituen pertsonekin talka egiteko. Ez da batere erraza. Ez dago erantzun bakar bat.

Bestalde, hainbat festetan, emakume asko eroso daude emakumeei ematen zaien rol horretan. Zuen artean ere sumatu duzue horrelakorik?
Uste dut jantziaren adibidea bide horretatik doala. Batzuentzat oso garrantzitsua zen gonarekin ateratzea, eta horren bidez aldarrikatzea emakumeek, emakume gisa, zilegitasun osoa zutela kaskarotetan parte hartzeko. Baina gogoeta horren atzean ere badago emakume izatearen edo identifikatzearen definizio bat, emakumea ulertzeko modu bat. Gauzak, ordea, ez dira hain sinpleak. Azkenean erabaki zen bakoitzak aukera izango zuela gona edo galtzak eramateko. Eta hor hasten da interesgarria izaten jantziaren banaketa nola irakurtzen dugun. Jantzia oso elementu sinbolikoa da, oso ikusgarria.

Eta zuk zergatik erabaki zenuen galtzak janztea?
Hor gehiago hitz egingo dut nire bizipen pertsonaletik antropologiatik baino. Ni aspertua nengoen neska gorputza dudalako besteek erabakitzea zein izan behar zen nire lekua. Jantzia sinbolikoa da, eta jantziaren bidez beti eramaten ninduten leku berera. Nik hautatu nahi nuen. Nik erabaki nahi nuen gona edo galtzak jantzi nahi nituen. Nik erabaki nahi nuen nor izan nahi nuen, gorputzaren irakurketatik harago.

Niretzat kaskarota inauterietako pertsonaia da, eta pertsonaia hori galtzekin ere izan naiteke. Baina hori nire irakurketa pertsonala da. Beste batzuek zilegitasun osoa dute pertsonaia gonarekin bizitzeko. Nire kasuan, ez nuen nahi berriz ere neskaren rol horretan kokatua izan gona emateagatik. Hortik askatu nahi nuen.

Alaia Cachenaut
Alaia Cachenaut, Errobiko kaskarotak, Baiona, 2025. Argazkia: Izartxo

Behin atea irekita, amaitutzat ematen al da prozesua, ala oraindik badira egitekoak?
Genero arauak etengabe negoziatzen dira. Etengabe galdezkatzen dira. Nik uste dut hori dela buruan eduki behar den gauza nagusia: ez dago ezer behin betiko finkatua. Jantziarekin jarraituz, Uztaritzen bazegoen lehendik zegoen jantziari eusteko nahia. Bai, aipatu zen jantzi berri bat sortzeko aukera, baina azkenean taldean pentsatu genuen jantzi hori gure ondarearen parte zela. Pentsatu genuen: edonork jantzi ahal baditu galtzak edo gona, atxiki dezagun lehendik dugun jantzia eta gure ondarea. Baina horrek ez du kentzen etorkizunean beste zerbait sor daitekeenik, beste pertsona batzuek beren lekua aurkitzeko. Beraz, niretzat ez da inoiz amaitzen den prozesu bat. Etengabeko galdeketa da.

Tesi hau defendatu ondoren, zer sentipen geratu zaizu?
Arin sentitzen naiz. Oso kontent. Gainera, defentsan galdera oso interesgarriak egin dizkidate, eta horrek perspektiba berriak ireki dizkit. Ikerketan jarraitzeko eta ikerketa partekatzeko gogo handiagoarekin atera naiz. Orain nahiko nuke tesia argitaratu. Bestalde, dokumental bat prestatzen ari gara. Tesiarekin batera ikerketa-film bat aurkeztu nuen, eta duela urte eta erdi Tell me films ekoiztetxearekin ari gara dokumentala lantzen. Kanaldudek ere sostengatzen duen proiektua da.

Tesian bildutako irudietatik abiatu gara, baina grabazio berriak ere egin ditugu zinema munduko profesionalekin. Oso pozik nago proiektu horrekin, iruditzen zaidalako filma oso tresna interesgarria dela ikerketa eta gogoeta partekatzeko. Eta gero, ahal bada, liburu bat ere argitaratu nahiko nuke. Oraindik argitaletxerik ez dut, baina gogoa badut. Orain lehenik oporrak hartzea tokatzen da, nahiz eta aitortu behar dudan ikerketa ez dela sekula gelditzen. Idazten ari nintzela albo batera utzitako proiektu guztiak berriro etortzen hasi zaizkit.

Lan hau egin aurretik eta orain, berdin ikusten dituzu kaskarotak?
Ez. Beste begirada batekin ikusten ditut. Hasieran aipatzen nizun injustizia sentimendu hori nuela, dantzaren mundua ulertzen ez nuela. Orain lasaitasun handiagoarekin bizi dut hori guztia. Ulertzen dut zergatik bizi izan dudan injustizia hori. Botere harremanak identifikatzen ditut, ulertzen ditut, eta ulertze horrek lasaitasuna ekarri dit. Pertsonalki ere oso ibilbide interesgarria izan da.

Bestalde, elkarteari eskerrak eman nahi nizkioke. Denek ez dituzte nire ideiak partekatzen, baina konfiantza eman didate, ikerketa egiten utzi didate eta elkarrizketak eman dizkidate. Azkenean, tesi bat ez da egiten jendeak parte hartu nahi ez badu. Nolabait, kolektiboki egindako lan baten emaitza da, eta kolektibo hori eskertu nahi dut.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.