Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Agintariena bandera espainolarekin dantzatzen zenekoa

Dokumentuaren akzioak

Agintariena bandera espainolarekin dantzatzen zenekoa

2008/03/05 10:40

Bideo hauek Youtuben jarri ditu JuanEmpecinado izeneko batek. TVE eta NO-DO-ko ehunka bideo sareratu ditu. Bere helburua da frogatzea frankismoak ez zituela errejioetako kulturak zapaldu, baizik eta diktadurak besteak beste euskara, euskal kultura eta folklorea babesten lan handia egin zuela. Ez dauka lan makala bide horretan, baina sinesteko prest daudenak aurkituko ditu, eta zenbaitek naziek juduei eragindako holokaustoa ukatzen duen bezala, honek ere bidea egingo du.

Bideoak sareratu dituenaren asmoak alde batera utzita, dantza tradizionalean interesa dugunontzat harribitxi ederrak eskaini dizkigu. Hiru bideo bildu ditugu hona:

Oñatiko dantzak Loiolan

1945. urtea da. Sección Femeninaren bilera egin dute Bilbon, eta ondoren Loiolara hurbilduko da Pilar Primo de Rivera buru duen taldea. Loiolan hiru dantza talderen emanaldia izen zela aipatzen du NO-DO-ko ahotsak: Oñati, Tolosa eta Azkoitikoak. Irudietan batez ere Oñatiko dantzariak ikusiko ditugu.

Oñatiko Korpus dantzetako arropak jantzita ageri da Oñatiko neska taldea dantzan. Aurreskuaren musika jarri diote, baina Oñatiko korpus dantzak egiten ari direla argi eta garbi ikusten da.

Ronda Española

1952. urtean egin zen "Ronda Española" filma. Falangeak berak bultzatutako pelikula honen helburua Seccion Femeninaren lana eta ekarpenak ezagutaraztea zen. Fikzioko pelikula zen, baina gertaera eta egoera nagusiak errealitatetik jaso zituen. Garai horretan Falangearen Seccion Femeninak errejio guztietako nesken dantza taldeak bildu eta munduko hainbat bazterretara eramaten zituen Espainiako folklorearen erakustaldiak egin zitzaten. Euskal Herritik ere hainbat emakume ibili ziren modu horretan dantzan. 1950. urtean besteak beste Beirut, Istanbul, Jerusalem, Belen, Alejandria eta Al Kairo eskainitako dantza emanaldiak gogoratzen zituzten Gloria Agirreurreta eta Maria Aranbarri arrasatearrek Gregorio Santa Cruz liburuan. Seccion Femeninak antolatutako emanaldi horietako askotan Jose Inazio Montes, Goizaldiko txistulari ezaguna ibili txistulari lanetan.

Ronda Española filmetik ateratako lehen zati honetan Oñatiko emakume dantzariak ageri dira, korpus eguneko jantziekin eta fandango bat dantzatzen. Maitasun istorio bat ere dago tartean eta Oñatiko dantzarietako bat omen da korapilo horretako protagonista.

Agintariena ezpata txikiekin

Hirugarren bideoa Ronda Española filme horretako beste pasarte bat da. Seccion Femeninaren  talde desberdinen emanaldiak egiten ari dira antzoki batean. Bozgorailutik "San Sebastian" iragarri dute eta hasi da poxpolina talde bat prestatzen. Ezpata txikiak dituzte eskuan dantzariek. Agintarienaren doinua hasi dira jotzen txistulariak eta badoaz barrura. Baina onnena bideoa bera ikustea da. Bitxikeria asko aurki daitezke bertan. Adibidez, bandera dantzatzen duenak txapela bat jaurtitzen du publikora Espainiako bandera dantzarien gainean astintzen hasterakoan, nahiz eta denek buruko zapia daramaten bakarrik.

Bukaerako irrintzi-elkarrizketa eta familia Hondarribikoa duelako hunkitu den teloi arduradunarena ere ikustekoak dira.

Dokumentuaren akzioak