Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aiko Taldea Aikok 20. urteurrena ospatuko du Urkiolan Zeu diskoaren aurkezpenarekin

Dokumentuaren akzioak

Aikok 20. urteurrena ospatuko du Urkiolan Zeu diskoaren aurkezpenarekin

2026/06/04 08:30
Aikok 20. urteurrena ospatuko du Urkiolan Zeu diskoaren aurkezpenarekin

Gorputzarekin Dantzan, Erromeria, Otxandio, 2024-03-13. Argazkia: Iñaki Andres

Aiko Taldeak 20. urteurrena ospatuko du ekainaren 14an Urkiolan, San Antonio Errepetiziñoaren baitan antolatutako egun osoko egitarauarekin. Ospakizunak taldearen ibilbidea aitortzeko balioko du, baina baita haren azken lana den Zeu diskoa jendaurrean aurkezteko ere.

Jardunaldia Abadiñoko Elizateko Udalak antolatutako San Antonio Errepetiziñoaren barruan egingo da, eta helburua izango da Urkiolako erromeria eta plaza giro tradizionala berriz biziberritzea. Ekimena Abadiñoko Udalaren babesarekin eta Urkiolako Hotelaren laguntzarekin antolatu da.

Egun osoko ospakizuna

Egitaraua meza osteko herri kirol erakustaldiekin hasiko da. Ondoren, Aikok bere urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan, Berrizko San Lorentzo dantza taldeak dantzari-dantza eta soka-dantza eskainiko ditu.

Eguerdian iritsiko da eguneko unerik berezienetakoa: Zeu disko berriaren aurkezpena. Aikoren filosofiari jarraituz, aurkezpena ez da ohiko formatuan egingo; izan ere, diskoa entzuteko ez ezik, dantzatzeko, bizitzeko eta partekatzeko sortua dela nabarmendu nahi dute.

Jarrain bazkaria izango da, eta bertaratzen direnek diskoa prezio berezian eskuratzeko aukera izango dute. Ospakizunak erromeriarekin jarraituko du gero, Aiko Taldearen eta Roberto eta Miren Etxebarriaren zein Idoia Markaidaren eskutik.

Hogei urte euskal dantza eta musika berritzen

2006an sortu zenetik, Aiko Taldeak euskal musika eta dantza tradizionalaren transmisioan, ikerketan, sorkuntzan eta sozializazioan lan egin du. Bi hamarkadatan zehar erromeriak, ikastaroak, ikusgarriak, dokumentalak, argitalpenak eta diskoak sortu ditu, betiere tradizioa gaur egungo ikuspegitik ulertuta.

Aiko
Dantzapoteoa Bilboko Aste Nagusian. Argazkia: Aiko

Taldearen ibilbidean garrantzi handia izan dute Dantzaldi Ibiltaria bezalako egitasmoek, baita UPV/EHUrekin, Dantzertirekin eta nazioarteko hainbat erakunderekin egindako lankidetzek ere. Aikoren metodoaren bidez milaka lagunek ikasi dute dantzan, modu natural, ergonomiko eta dibertigarrian.

Sorkuntzaren alorrean ere hainbat proiektu nabarmen garatu ditu taldeak. Horien artean daude Garaikideak ikuskizuna, BANDtzaldia egitasmoa edota jotaren inguruko hausnarketa proposatu zuen Jotamentala dokumentala. Horiez gain, transmisioari lotutako proiektu pedagogikoak ere bultzatu ditu, hala nola Urraska, Aiko Drums edo haur eta familiei zuzendutako Kulunkaz.

Plazarako sortutako diskoa

Urkiolan aurkeztuko duten Zeu disko berriak Aikoren azken urteetako sormen ildoa biltzen du. Hamabi piezaz osatutako lanak dantza du ardatz, eta plazan gozatzeko sortutako errepertorioa eskaintzen du: jotak, fandangoak, jauziak, habanerak, mazurkak, tangoak, txotisak eta ingurutxoak.

AIko Zeu diskoa

Grabazioan Álvaro García, Sabin Bikandi, Txus Aranburu, Amaiur Cajaraville, Alberto Macías eta Patxi Laborda aritu dira. Pieza gehienak Sabin Bikandik eta Álvaro Garcíak sortu dituzte, eta Edertasuna habaneraren hitzak Onintza Enbeitak idatzi ditu.

Aikoko kideen esanetan, Zeu ez da disko huts; taldeak tradizioa ulertzeko duen moduaren isla ere bada: iraganeko ondare gisa baino gehiago, etengabe berritzen den kultura bizi gisa. Horregatik, dantza, musika eta kantua komunitatea sortzeko tresna direla aldarrikatzen jarraitzen dute, eta Urkiolako ospakizunak filosofia hori plazan bertan erakusteko aukera emango du.

Aikok 20 urte Egitaraua

  • 12:45 Eguneko programa ofiziala udalaren herri kirol erakustaldiekin hasiko da meza ostea.
  • 13:30 (inguru) Geure partez, eta Abadiñoko eleizateari gure esker ona adierazteko, herri kirolen ostean, Sanantonio egunean gure 20. urteurrena ospatzeko, Berrizko San Lorentzo dantza taldeak Dantzari Dantza eta Sokadantza eskeiniko dute.
  • 14:00 (inguru) Horren ostean iritsiko da eguneko une berezienetako bat: AIKO Taldearen ZEU disko berriaren aurkezpena. Aurkezpena modu parte-hartzaile eta bizian egingo da. AIKOren filosofiari jarraituz, diskoa ez da soilik entzuteko izango: plazan bertan dantzatu, bizi eta partekatzeko sortua da.
  • 15:00 (inguru) Herri bazkaria egingo da, paella bazkari herrikoia, 15 euroko prezioan. Bazkarira bertaratzen direnek ZEU diskoa 10 euroko prezio berezian jaso ahal izango dute. Paella herri bazkarian izena emoteko berton klik egin.
  • 16:30 (inguru) ERROMERIAK: AIKO Taldea, eta Roberto eta Miren Etxebarria eta Idoia Markaida ariko dira igande arratsaldea girotzen.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aiko Taldea

Aiko Taldea

Dantza tradizionaleko hainbat alor jorratzen duen musikari eta dantza maisu taldea: ikastaroak, argitalpenak, erromeriak...