Trebeska: iragana eta etorkizuna elkartuz, 50 urte ospatuz

2026/05/09
Trebeska: iragana eta etorkizuna elkartuz, 50 urte ospatuz

Trebeska Dantza Taldea 1976. urtean sortu zen Donostian, Egia auzoko Xabier Elkartearen barruan; mendizale, musikari eta dantzariak elkartuz. 50 urtez ibili gara herriz herri gure kultura eta dantzak zabaltzen eta ibilbide luze hau ospatzera goaz! Horretarako egitarau oparoa prestatzen gabiltza. Maiatzak 8an emango diogu hasiera gure urteurren ospakizunari, argazki erakusketa eta mahai-inguru batekin. Ondoren, maiatzaren 22an, motorrak berotzen hasiko gara, auzoan hainbat ekintzez gozatuz. Azkenik, egun handia maiatzaren 23an izango dugu. Dantza desfile dotore batekin hasiko dugu eguna, non 50 urte hauetan Trebeska osatu duten dantzariek hartuko duten parte: ume, gazte, heldu eta dantzari ohi. Emanaldiak, bazkari herrikoia eta erromeria izango ditugu, besteak beste.

50 urte beteko ditugun honetan, gogora ekarri nahi ditugu, dela zuzenki, dela zeharka, gure dantza taldea osatu duten guztiak, modu batera edo bestera parte hartu dutenak. Izan ere, Trebeska ez gara dantzariak bakarrik, Trebeska askoz gehiago ere bada. Emanaldi, desfile zein erromerietan alboan izaten ditugun musikariak; laguntzen eta animatzen ibiltzen diren guraso, senide eta lagunak; gure ikastaroetan parte hartzen dutenak; gurean ditugun haur eta gaztetxoak. 

Gizartea, ohiturak eta baliabideak nabarmen aldatu dira azken urteotan. Hasierako urteetan, entseguetarako lekua bilatu beharra zegoen, materiala lortu, jantziak josi. Izan ere, emanaldi bat aurrera eraman ahal izateko lan asko dago atzetik, sarritan ikusten ez dena. Dantzariak euren amekin bildu ohi ziren jantziak josteko eta plazara dotore-dotore atera ahal izateko. Horrenbestez, Trebeska, jantziak josten ibiltzen ziren amak, amonak, izebak, edo dena delako senide edo lagunak ere badira. Nork bere erara laguntzeko aletxoa jarri duen oro da Trebeska. Zailtasunak zailtasun, taldea aurrera ateratzeko lan egin duen oro. Batzuk urte luzez eta beste batzuk motzagoz, batzuk itsaso barean eta beste batzuk zakarragoan, haizea alde edo kontra, baina, denak itsasontzi eta norabide berean arraunean azken batean. 

Sarri, urteurrenetan, iraganera jo ohi dugu, bizipenak gogora ekarri eta bizitako horiek goraipatu. Garrantzitsua da gure sustraiak ezagutzea, nondik gatozen eta zein izan den gure bidea. Ez dezagun ahaztu, ordea, nora goazen, eta jarrai dezagun arraunean, orainari zein etorkizunari garrantzi berbera emanez, Trebeskak dantzan jarrai dezan!

Amaitzeko, zorionak Trebeskakide guztiei eta mila esker familia polit honen parte izateagatik! Jarrai dezagun dantzan beste horrenbeste urtez!