Dokumentuaren akzioak
Kaskaroten moda berriz etorri da: boladan dira Lapurdiko inauteriak
Pierre Latasa Goya
Ikusten dugu geroz eta herri gehiago berrartzen ari dela kaskaroten ohitura Lapurdin. Esanen nuke duela 10 bat urte egiten zela herri jakin batzuetan eta gaur egun, berriz, modan ematen dela kasik tradizio hori. Gu ere Begiraleak dantza taldetik horretan saiatu gara.
Donibane eta Ziburu, berriz kaskaroten urratsean
Betti Beteluk bultzatu zituen berriz Lapurdiko dantzak Begiraleak dantza taldean duela 51 urte, horretaz iaz ospatu genituen gure kaskaroten 50 urteak. Ospatu genuen bereziki Lapurdiko dantzak berpiztu zirela Donibane Lohizunen, mutxikoei indar berria eman zitzaiela, baina kaskaroten ohitura ez zen egiten beste herrietan egiten den bezala etxez etxe eta auzoetan. Jakin dugu duela 35-40 urte egin izan zela Donibaneko auzo batzuetan, baina oso fite gelditu zela. Beraz aurten deliberatu dugu berriz antolatzea Donibanen. Orduan, otsailaren 21ean lehen aldikoz aritu gara Donibaneko hainbat auzotako etxetan eta Ziburun otsailaren 28an berdin, beraz berpiztu dugu eskea egiteko ohitura hori; hau da kaskarotak ibiltzea janari, edari edo sosa eskean.
Ibili gara hainbat auzotan eta etxetan, baita plazan ere, baina gehienbat etxeetan. Herritarren partetik oso harrera ona izan dugu, jendeak maitatu du eta familia batzuek proposatu dute hurrengo urtean gu errezibitzea.
Martxoaren 1ean, berriz, aurreko urtean egin genuen gisan herri zentrora itzuli gara; desfile moduan, eske gutxiagorekin eta gehiago ulertuta dantzarien agerketa herrian. Kasu horretan hainbat belaunalditako dantzariak elkartu gara; 2020an piztu genuen ateraldi hori. Gogoeta batetik abiatu ginen Beteluk ikaragarrizko lana egin zuen Lapurdiko dantzen berreskuratzean eta gure taldeak ezker eta eskuin ematen zituen dantza horiek, bai gure ikuskizunetan eta bai kanpora begira, baina ez genuen egunik non gure dantza guztiak ematen genituen herrian. Beraz, 2020an ospatu genuen kaskaroten ateratzea.
Aurten garaiko dantzariak irten gara, orotara 54 dantzari ginen eta musikariak. Zinez eguzki bikainarekin atera gara; ikaragarrizko giroa eta alaitasuna ekarri dugu herrira. Eguzkia atera da asteburuan, erraten ahal dugu kaskarotek iratzarri dutela udaberria bere funtzioak eskatzen duen bezala.
Ziburun eta Donibanen Lohizunen dantzan aritu naiz, barrutik ospatu ditut kaskarotak, baina aurreko asteetan kanpotik ere usaindu dut besta.
Kaskarotak 20 urtez dantzan Kanbon
Oso interesgarria da Kanboko kasua, ez dut datu historiko zehatzik, baina badakit aspalditik jakina dela kaskarotak ibiltzen zirela Kanbon. Bada ilustrazio zahar bat kaskarotena, gero inspiratu dituena hainbat herritako jantziak eta erranen nuke guk orain erabiltzen ditugun jantziak ere, duela 50 urte egin zituztenean horretan inspiratu zirela.
Eta badira hainbat lekukotza Kanbon kaskarotak izan zirela. Jelikadi dantza taldeak berriz hartu zituen duela 20 urte eta hori ospatu dute. Beraz, otsailaren 14an ospatu zuten urteurrena. Haiek ohiturari berriz heldu ziotenean etxez etxekoa berpiztu zuten, tradizioan ikusi izan den bezala, baina aldi honetan herrian egin dute desfilea.
Beraz, kalean agertu dira azken 20 urteetako dantzariak: haurrak, gaur egungo gazteak kaskarotez beztituak, eta baita pertsonaiak ere kottilungorriak, bestagorriak eta ponpierrak, jauna eta anderea... aski desagertuak zirenak azken urteetan. Zaharrak, berriz, zirtzilez atera dira.
Beskoitzen abisatu gabe errezibitzen dituzte
Urtero bezala, etxe guztien itzulia egiten dute. Haiek entseatzen dira ohitura klasikoena atxikitzen, herriko auzo guztien itzulia egiten dute lau asteburuz. Beste hainbat herritan pixka bat “faltsuagoa da”, badakigu zenbat etxeetan errezibituko gaituzten; baina Beskoitzen garai batean egiten zen bezala abisatu gabe agertzen dira. Abisatzen dute ze auzotatik pasako diren, baina ez dute hitzartzen etxe batean geldiko diren edo bestean.
Otsailaren 15ean herrian aritu dira, herriko plazan eta egiten dituzte dantza guztiak meza ondorenean hartzarekin eta pertsonaiekin. Aurten ere joan naiz, urtero entseatzen naizelako joaten. Gainera, han bi urtez izan naiz dantza irakasle, orduan inportantea zen beste behin joatea.
Beteluren fandangoa ere ematen dute azken urteetan eta horrek erakusten du indarra atxiki duela Beteluren irakaspenak zeren Beteluk egin zuen dantza hori gure taldearen 50. urteurrenerako eta geroztik taldeetan irakatsia izan da eta Beskoitzerat ere iritsi da eta gaur egun beraien inauterien azken egun horretan ematen dute, baita makil txiki, soka, fandango eta arin-arina, bizar-dantza...
Zerrenda handitzen
Duela bizpahiru urte Biriatu gehitu da kaskarotak ateratzen dituzten herrien zerrendara. Guk harreman estua dugu Biriatukoekin; gutako batzuk Biriatun parte hartzen dute, jantziak prestatzen dizkiegu, esku soinularia bertakoa da eta berak du antolatzen han. Hendaiako Akelarre dantza taldearekin ere harreman estua dute, haiek prestatzen dituzte dantzari gehienak, jantziak... oso besta polita antolatua dute. Moda berriz etorri da eta gero eta herri gehiagotan ari da agertzen.
Badirudi kaskarotek ez dutela soilik udaberria iratzartzen; herriak eta komunitateen arteko harremanak ere iratzartzen dituzte.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun


