Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oberena Dantza Taldea Maxiren urratsak

Dokumentuaren akzioak

Maxiren urratsak

Maxiren urratsak

Oberena dantza taldearen lehenbiziko emanaldia

Abuztuaren 15a zen, Ama Birjinaren Jasokundearen eguna. Seguruenik, urduritasunak hartuko zituen 1941eko udako egun hartan Elora hurbildu ziren zortzi gazteak. Maxi Aranburu zen buru, eta haren urratsei jarraiki –eta haren banderaren gerizpean–, Manuel Unzu, Jose Maria Artaiz, Francisco Javier Unzu, Gabino Aranburu, Pedro Diez de Ultzurrun, Eugenio Azkona eta Jose Maria Martinez Legarreta. Kilimak antzemanen zituen batek baino gehiagok gorputzean lasterka. Eta agerian lasai iduriko zuen arren, Maxi Aranburuk hartxoa izanen zuen sabelean bueltaka ezpatadantza bukatu arte. Ez da harritzekoa, hamalau egun baizik ez ziren lehenbiziko entsegua egin zutenetik.

Urtarrilean, folkloreari garrantzia handiagoa ematea erabaki zuten Oberenako sortzaileek. Horrek eman zion bide dantza taldea sortzeari. Dantza lotua gaitzetsi eta tokian tokiko dantza tradizionalak berreskuratzeko deiari jarraiki egin zuten. Hala zioen urte horretan apezpikuek Mendekoste bestarako prestaturiko Gutun Pastoralak. Uztailean konturatu ziren dantzari talde bat behar zutela, herrietako bestak alaitzeko, eta gazteei “begirunez” dantzatzen irakasteko.

Hori horrela, hilabete erdian, Maxi Aranburuk bere buruko bibliotekan zituen urratsak erakutsi zizkien beste zazpi gazteri. Aranburuk ezpatadantza ederki zekien, Euzko Gaztedin aritu baitzen. 1935eko irailean estreinatu zituen ezpata dantzari espartinak, Saran (Lapurdi) eskainitako emanaldian. EAJren gazteekin ikasitako ezpata dantza zen Oberenaren dantza izarra, baina horrekin batera egiten zituzten zahagi dantza, Olagueko esku dantza, Basaburuako zozo dantza, Leitzako ingurutxoa, makil dantza, Baztango irri dantzak… Horretaz gainera, Erronkariko ttun-ttuna berreskuratu zuten. Dirudienez, txakarrankuak ahozabalik utzi zituen Oberenaren emanaldiak ikusi zituzten nafar asko eta asko.

Elora bueltan

Garai haietatik 75 urte igaro dira dagoeneko, eta Oberena dantza taldeak bere bilakaera izan du. Atzean gelditu dira dantza lotuarekiko fobiak, eta kristautasunaren aldeko mitinak. Baina, oraindik orain, mantentzen da euskal dantzekiko maitasuna, eta horiek ikasi, zabaldu eta dantzatzeko grina. Horregatik, Maxiren urratsei jarraiki dira oraindik ere Oberenako gazteak, eta emanaldi berezia eskainiko dute abuztuaren 15ean; Elon, Oberenak bere lehenbiziko emanaldia eskaini zuen herri hartan. Dantzari-dantzarekin hasiko da saioa, orduko ezpata dantzari haien omenez –eta ez da faltako Oberenako banderari egin ohi zioten agurra–. Ondoren, urte luze hauetan ikasitako beste dantza batzuk eskeiniko dira. Emanaldia 18:00etan izanen da Elomendi errepidearen eta Cuesta Juan Angel kalearen artean dagoen pista gorrian. Euria eginen balu, frontonean eginen da emanaldia.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Oberena Dantza Taldea

Oberena Dantza Taldea