Beurkoko Sokadantzaren estreinaldia, Barakaldoko Ibarra-kalduren eskutik

Beurkoko Sokadantzaren estreinaldia, Barakaldoko Ibarra-kalduren eskutik

Beurkoko Sokadantza

Urriaren 15ean, osteguna, aurreneko aldiz emango du jendaurrean Barakaldoko Ibarra-kaldu taldeak “Beurkoko sokadantza”, Beurko-Bagatzako plazan, 20:30ean.

Auzoko jaietarako berariaz sortua, taldearen asmoa da, aurrerantzean, urtero-urtero ematea auzoko plazan, urriaren 15ean, dantza sorta hori auzoaren nortasun ezaugarritzat bilakatzeko itxaropenarekin.

Ez da hau Ibarra-kalduk antzeko xedearekin atondu duen lehen dantza, izan ere, udaburuko ospakizunetarako Bagatzako Txirikorda zinta-dantza eratu baitzuen duela  hiru urte, horretarako koreografia eta musika berariaz sortuak, eta, harrezkero, urtero ekainaren 23an iluntzeko erromeria irekitzeko erabiltzeko nahia izan du taldeak.

Bizkaiko elizateko sokadantzaren egiturari jarraikiz sortu du taldeak Beurkoko sokadantza, 12 dantzaki desberdinek osatua:

  • Plazan sartzekoa
  • Aurrez aurre
  • Esku aldatzekoa
  • Aurreskua
  • Atzeskua
  • Aurresku-lagunarena
  • Atzesku-lagunarena
  • Binangoa, birritan egiten dena.
  • Soka konplitzekoa
  • Fandangoa
  • Arin-arin
  • Biribilketa

Sokadantza horren beste ezaugarri bat da ez duela genero bereizketarik oinarrian, ez soka osatzen duten partaideen kopuruan, ez euren kokapenean, ezta euren erroletan ere.

Koreografiako urratsetarako eta egiturarako, ezin estimatuzkoa izan da Patxi Labordaren laguntza, aholku eta proposamen ugari egin baitu. Musikarako, aldiz, Javier Ortiz de Zarateren hainbat doinu hartu dira oinarri, eta Ibarra-kalduko musikariek eurek osatu eta harmonizatu dituzte doinuok.

Beurko-Bagatza bere folklore-egutegia apurka-apurka osatuz joan dadin, maitasunez sortu du dantza sorta hau Ibarra-kalduk, taldearen 60. urteurreneko opari gisa bere auzoarentzat, nola eta urteko leloari bete-betean jarraikiz: “Auzoari loturik besarka dantzan”.