Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan Ikasi Dantzaren transmisioaz eta jardunaz gogoetak Dantzan Ikasi Topaketetan

Dokumentuaren akzioak

Dantzaren transmisioaz eta jardunaz gogoetak Dantzan Ikasi Topaketetan

2022/06/06 07:35
Dantzaren transmisioaz eta jardunaz gogoetak Dantzan Ikasi Topaketetan

Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

"Zer moduz zaudete, nola eragin digu pandemiak dantzaren sektoreari?" galdera plazaratu da arratsaldean, baina ordurako hainbat kezka eta esperientzia interesgarri partekatuak ziren topaketan. Euskal dantzaren inguruko ordezkaritza zabala bildu da bigarrenez ospatu diren Dantzan Ikasi Topaketetan. Aurreko urtean hasitako bideari jarraipena emanez han eta hemengo dantza taldeetako kideak, dantza irakasleak eta dantzazaleak elkartu gara Eibarren kezka, behar zein proiektu berriak aurkeztu eta elkarbanatzeko. 50 bat lagunen topagunea izan da Eibarko Armeria eskolan antolatu den egun osoko egitaraua, eta, besteak beste, euskal dantzaren inguruko formazio eta ikasketen, irakasle eta emanaldien kontratazioen edota taldeetako egungo praktiken eta joeren inguruan aritu dira hizlariak zein bertaratu diren partaideak. Egun osoko hitzaldi eta mahai inguruen segidari soka-dantzan eman zaie itxiera.

Irakaskuntza eta ikerketa

"Dantzagunea dantza zerbitzua da eta dantza mota guztiei irekitako zerbitzua da" esanez ekin dio bere aurkezpenari Gari Otamendik. Hain zuzen, Gipuzkoako Dantzagunaren Sortutakoak tradizionala 9. deialdian hautatu diren proiektuak aurkeztu ditu. "Iaz egin ziren jardunaldi hauetan, behin eta berriz aipatu zen, egin zen eskaera material didaktikoena", eta beraz, dantza tradizionalera bideratutako deialdian, aurreko urteetan bezala, sorkuntza eta ikerketa proiektuak laguntzeaz gain, azken deialdi honetan material didaktikoak sortzeko lan ildoa ireki da.

Horrela, Jon Olazkuagaren La Pamperruque dantzari buruzko ikerketa lana eta Aritz Ibañezen Dantzaren ikasketan laguntzeko sareko ikus-entzunezko baliabideak izeneko proiektuak aukeratu dira. XVIII. mendean Baionan dantzatzen zen karrika-dantzari buruzko ikerketa egin du Olazkuagak eta orain lanketarekin jarraitu eta oihartzuna ematea du asmoa. Ibañezek azaldu du bere proiektua hastapenean dagoela. "Hizkuntza baten gisa ulertukok bagenitu sistema horiek, silabetatik abituz eta poliki-poliki, hitzak eta esaldiak sortuz ea gai garen lengoaia horiek menperatzeko". Zortziko eta dantza-jauzien sistemaz dihardu eta asmoa du horien irakaskuntzan laguntzeko zenbait bideo-tutorial egitea, gero sarean eskuragarri jarriko direnak.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Gari Otamendi, Aritz Ibañez. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

"Dantzak eta urratsak helburua dira, baina aurretik lan pedagogikoa egin beharra dago erritmoa landu eta gorputza ezagutzeko". Pianoz erritmoz lasaian jotako euskal doinuak jarri ditu eta azalpenak eman ahala, eguneroko keinu txikiak diruditenak dantza bihurtu ditu Garbiñe Aizpitartek. Gorputza mugitzeko duen modua xamurra da guztiz, erraz eta garbi; besoak, burua, oinak... eszenatokian flotatzen dagoela dirudi. Amaiur Aristik Aristiren galderak erantzunez bere dantzari eta formazio ibilbidea azaldu ditu. Euskal dantzan eta balleteko formazioa ditu eta munduan zehar dantzan eta ikasten han eta hemen ibili ondoren, 1991an Gabota dantza eskola ireki zuen Zarautzen. Eskarmentu handiko dantzaria da eta gorputzaren ezagutzari garrantzia berezia ematen dio. Haurrekin erritmoa eta teknikak lantzeko zenbait ariketa eta gako erakutsi dizkigu.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Amaiur Aristi eta Garbiñe Aizpitarte. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

"Biribilketa irakatsi behar da?" galdetu du Patxi Monterok; eta klaseetan biribilketa erakusten duten dantza irakasleei besoa altxatzeko eskatu die, ondoren. Hogei dantza irakasletik gora egongo dira salan, baina pare batek bakarrik igo dute besoa. Badirudi jakinekoa dela biribilketan aritzea, baina gero praktikan ez da beti horrela izaten eta aspergarri gerta daiteke. "Non dago gakoa aspergarria edo dibertigarria izateko? Izpiritu eta giro bat behar da eta jolastu, batez ere jolastu". Jolasteko, ordea, ikasleei baliabide edo ideiak eman behar zaizkiela ikusi du Monterok: gidariak barrua bilatu dezala talde sena bultzatzeko, soken neurri egokia bilatu, zubiak, karakolak, korroak, sugeak...

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Patxi Montero. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

"Onarpena irabazi behar izan dut Musika Eskolan, hasieran ez zuten ulertzen dantza irakasle bat hor egotea", dio Patxi Labordak. Monika Bañalesek ederki daki zertaz ari den, “ez gaituzte ulertzen, dantza hor bazterrean dagoen zerbait da haientzat”. Jon Fernandez, berriz, pribilegiatua sentitzen da “Folklore Akademian euskal musika tresnak erakusten dira dantzarekin batera, hor sortzen da giro bat, dantzarientzat zein musikarientzat oso inportanteena dena, bien arteko elkarlana baitago”. Goizeko saioa isteko, dantzaren irakaskuntza musika eskoletan nola dagoen erakutsi dute panorama barne-barnetik ezagutzen duten Laborda, Bañales eta Fernandezek Josu Garatek gidatuta. Agertu diren kezka nagusietakoak dantza irakasleen lan-poltsetako eskakizunak, irakasleen formazioa edota zentroetan dantza irakasleek duten prestigio eza izan dira.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Josu Garate, Jon Fernandez, Monika Bañales, Patxi Laborda. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Mahai bueltako kontuak, kontrataziok eta buruhausteak

Hitzartze ofizialei deskantsua eman zaie eguerdian, baina horrek ez du esan nahi topaketetara hurbildu direnen jarioa, jakin-mina eta elkar-trukea gelditu direnik. Arratsaldeko saioari ekin aurretik tripak bete eta mahaiaren bueltan lagunarte goxoan aritzeko aukera izan da. Kolore eta forma guztietako pintxoak segituan ezkutatu dira eta postre eta kafearen ondotik arratsaldeko saioko ordua konturatu gabe gainera etorri zaigu.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Digestioa egiten hasteko Izaskun Salazar eta Gari Otamendik hartu dute hitza. “Faktura! Faktura behar dugu!” horixe da azken aldian dantzariei eta taldeei erakundeek eskatzen dieten ditxosozko dokumentua; taldeen jardunak eta errealitateak kontutan hartuta, ordea, askotan ez da horren erraza suertatzen enpresen pareko paper kontuak eta justifikazioak eskuratzea. Dantza-irakasle eta dantzarien legezko kontratazioan eta kudeaketan aurkitu ohi ditugun buruhauste eta oztopoak ipini dituzte mahai gainean Otamendik eta Salazarrek. Orokorrean zein den egoera azaldu du lehenak eta Beasainen herriko hogei dantza irakasle gazteen kontratazioa legalki egin nahian ekarri dizkien lanak eta kezkak esplikatu du bigarrenak.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Izaskun Salazar, Gari Otamendi. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Dantza taldeak nola daude?

“Talde askok maite ditu gure dantzak, baina begiratzen dugularik ikusten da bereziki hutsune batzuk agertzen direla irakaskuntzan”, Baiona eta Urruñatik etorri dira Oihana Betelu eta Pierre Latasa, Donibane Lohizuneko Begiraleak taldeko dantzariak biak. Lupari zorrotz heldu diote eta Lapurdi eta Nafarroa Behereko dantzen irakaskuntzaren gabeziak identifikatu dituzte, horien jatorri posibleak ere jarri dituzte mahai gainean. “Ez dugu epaiketarik egin nahi, ikusi eta ulertu nahi dugu egun batez ekarpenak egiteko eta gauzak hobetzeko”; besteak beste, formatutako irakasle falta, irakaskuntzarako material eta baliabide eskasa edota tokian tokiko dantzen inguruko interes eta zorroztasun falta ikusten dituzte.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Pier Latasa, Oihana Betelu. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Hitzaldi eta mahai inguru sortekin amaitzeko, Beteluri eta Latasari Oier Araolaza (Dantzan), Unai Esturo (Iurretako dantzariak), Aritz Ibañez (Duguna) eta Mikel Lasarte (Ortzadar) batu zaizkie. “Zer moduz zaudete, nola eragin digu pandemiak dantzaren sektoreari?” galdetu du Araolazak, eta bidea ireki du egungo taldeen eta orokorrean euskal dantzaren egoeraren inguruan hitz egiteko. Urte zailak izan dira talde guztientzat eta handik edo hemendik atera direla diote, baina garbi ikusi da pandemiak azpimarratu egin dituela lehendik era hor zeuden arazoak. Araolazak duela 10 urte dantzaren sektoreko hainbat taldek eta norbanakok sinatu zuten Euskal dantzaren adierazpenak jasotako puntuak eta aldarrikapenak aurkeztu ditu; ikusi da behar eta aldarriak hor jarraitzen dutela, baina aldatu egin direla lanerako moldeak, konpromiso mailak, taldearekiko atxikimendu motak edo aisialdi eta kultur ereduak.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Oier Araolaza, Pierre Latasa, Oihana Betelu, Aritz Ibañez, Mikel Lasarte, Unai Esturo. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Denok elkarrekin soka-dantzan

Soka-dantzan, nola bestela, borobildu dugu egun osoko saioa. Topaketetako bi dantzari gazteenek ireki eta itxi dute Euskal Herriko han eta hemengo dantzariek osatutako soka. Aritz Ibañezen txistu eta danbolin soinuan, Pierre Latasa aurresku eta Oihana Betelu atzesku hartuta denok elkarrekin, eskuz esku, dantzatu gara. Izan dadila egunak erakutsi digunaren eta datozen urratsen isla.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Soka-dantza. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Dantzan Ikasi Topaketak 2022
Soka-dantza. Dantzan Ikasi Topaketak, Eibar, 2022-05-20. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Dantzan Ikasi Topaketak 2022

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Dantzan Ikasi

Dantzan Ikasi

Dantza tradizionalaren irakaskuntzan laguntzeko asmoz Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarritako programa da Dantzan Ikasi. Gipuzkoako Dantzaguneak dantza sustapenean egiten dituen ekintzen baitan, dantza tradizionala irakasgai duten irakasleei eta ikasten jarraitu nahi duten dantzariei, beren formazioan sakontzen jarraitu ahal izateko aukera eskaintzea da helburua. http://dantzanikasi.com

__ __ __

Dantza irakasleen lan-poltsa

 

Hurrengo saioak

Dantzan Ikasi Topaketak 2024: programa eta izen-emateak

Egindakoak

2024

Ikastaroa: Tipi-tapa! Klakearen teknikara hurbiltzea // Kronika

2023

Mintegia: Zer dantzatzen da Elgoibarren? Elgoibarko dantza-sistemaren bilakaera Gipuzkoako dantza-eskolaren testuinguruan // Kronika

Ikastaroa: Dantzan irakasteko baliabideak Eibar // Kronika

Ikastaroa: Aragoiko jota // Bertan behera

2022

Aurkezpena: Euskal Herriko plazetarako dantza berriak // Kronika

Ikastaroa: Haurrekin dantzan jolasteko baliabideak // Kronika

Dantzan Ikasi Topaketak 2022 // Kronika

Hitzaldi dantzatua: Jon Olazkuaga: Pamperruque // Kronika

Ikastaroa: Dantzan irakasteko baliabideak Eibar I // Beasain // Eibar II // kronika // Bideoa

2021
Sorkuntzaren bideak: Argiaren Martin Zalakain // Kronika // Bideoa
Topaketak 2021: Dantzaren transmisioa, proposamenak eta lanketak // Kronika
Maialen Araolaza: Dantzaren onurak // Bideoa
Oier Araolaza: Genero-identitate euskal dantzan II // Bideoa II
2020
Ikastaroa: Lau urrats eta kitto!  // Kronika
Oier Araolaza: Genero-identitate euskal dantzan I // Bideoa I
Ikastaroa: Dantzan irakasteko baliabideak // Bertan behera
Gaskoiniako herri-dantzak // Kronika
2019
Gogoeta saioa: Sorkuntzaren soka // Kronika
Bisita-dantzatua Patxi Labordarekin // Kronika
Urbeltz, Arregi, Sarriegi: Soka-dantza // Kronika I, Kronika II, Kronika III
Lantzeko zortzikoa Bizkai Elkartea // Kronika
Gaskoiniako herri-dantzak // Kronika
Ibis Albizu: Euskal dantza eta balleta // Kronika
Dantza-luzeak Carles Mas // Kronika
2018
Zuberoako dantzakera // Kronika
Arantzako dantza-luzea // Kronika
Thierry Truffaut: Lapurdiko inauteriak // Kronika
Mikel Alberdi: XIX. mendeko euskal aisia  // Kronika
2017
Berastegiko San Juan dantzak // Kronika
Rapper ezpata-dantzak // Kronika  
Makilaria // Kronika 
Hirunangoak: balsa, mazurka, fandangoa eta ingrutxoak // Kronika 
Patxi Perez: Mutxiko dantzaldien bilakera aztergai // Kronika
2016
Kontra-dantzen sistema // Kronika
Dantza lotua aberasten // Kronika
Larrain-dantza, Lizarrako ingurutxoa // Kronika
Gipuzkoako dantzak IV // Kronika
Gipuzkoako dantzak III // Kronika
2015
Berpizkundeko dantza-maisuen sistema // Kronika
Gipuzkoako dantzak I // Kronika
Dantzan irakasteko baliabideak // Kronika
Dantzan irakasteko baliabideak  // KronikaJean Michel Guilcherri esker ona // Kronika
Zuberoako dantzak // Kronika
Zuberoako dantzak // Kronika
2014
Antton Luku: Dantza libertitzeko? // Kronika
Gipuzkoako urratsak, aldairak eta dantzak // Kronika
Arabako dantzak // Kronika
Durangaldeko dantzari-dantza // Kronika
Erromerien bidaiak // Kronika
Nafarroako Erriberako Paloteadoak // Kronika
Dantza-jauzietatik aitzineko püntüetara //Kronika
Lesakako dantzak // Kronika Ikastaroa eta bisita
2013
Nondik nora // Kronika
Luzaideko dantzak // Kronika
Nafarroa Behereko dantzak // Kronika
Emakumea euskal dantzan // Kronika
2012
Lizartzako dantzak // Kronika
Lau urrats eta kitto // Kronika
Lapurdiko inauteriak // Kronika
Axeri-dantza // Kronika
2011
Ingurutxoak // Kronika
Musika eta dantza // Kronika
Haur folklorea // Kronika
Rapper dantzak // Kronika
2010
Zarauzko folklorea // Kronika
Dantza kantatuak borobilean// Kronika
Xemeingo ezpata-dantza// Kronika
Araba Errioxako dantzak // Kronika
Gorputz prestaketa // Kronika
Dantza-jauziak // Kronika
2009
Zuberoako dantzak // Kronika
Argiaren inguruan // Kronika
Pedagogia // Kronika
Goierriko dantzak // Kronika
Mutil-dantzak // Kronika
Jotak // Kronika

Boletinak
Dantzan Ikasi 1(pdf) - Apirila 2009
Dantzan Ikasi 2(pdf) - Urria 2009
Dantzan Ikasi 3(pdf) - Apirila 2010
Dantzan Ikasi 4(pdf) - Azaroa 2010

Dokumentazioa
Dantza curriculuma(pdf) - 2010
Gipuzkoako dantza irakasleak(pdf) - 2010

Dantzan Ikasi Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena da. Dantzan elkartea arduratzen da egitasmoaren kudeaketa teknikoaz. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarra eta Ikerfolk elkarteek gainbegiratzen dute proiektuaren ibilbidea Dantzan Ikasiren Jarraipen Batzordetik.

Dantzan Ikasi
ikasi@dantzan.com
Tfnoa. 943 53 04 40
www.dantzanikasi.com

logoa