Dantza taldeen memoria eta haurren transmisioa ardatz dituzten egitasmoak hautatu dira Sortutakoak Tradizionalean
Trebeska dantza taldea, Donostia.
Gipuzkoako Dantzaguneko Sortutakoak Tradizionala 12 diru-laguntzaren ebazpena argitaratu da eta hautatutako bi proiektuak honakoak izan dira: Trebeska Kultur Elkartearen "Trebeska, 50 urte dantzan: ibilbide bat memoriarako" eta Duguna Iruñeko Dantzarien "Moxorroen dantzak".
Gipuzkoako Dantzagunearen Sortutakoak 2026 diru-laguntzen deialdira guztira lau proiektu aurkeztu dira, eta horietatik bi izan dira hautatuak. Proiektu bakoitzak 4.000 euroko diru-laguntza jasoko du.
Trebeska, 50 urte dantzan: ibilbide bat memoriarako
Trebeska Dantza Taldeak 50 urte bete ditu 2026an. 1976an Donostiako Egia auzoko Xabier Elkartean sortu zenetik, euskal dantzaren ezagutza, praktika eta transmisioa izan ditu bere jardueraren ardatz. Taldearen 25. urteurrenean, 2001ean, bere ibilbidea jasotzen zuen argitalpena egin zen. Hogeita bost urte geroago, ikerketa lan honen helburua taldearen azken hamarkadetako ibilbidea bildu eta dokumentatzea da, informazioa, testigantzak eta Gordegia Egiako artxiboko materiala sailkatuz. Genero-ikuspegia eta komunitatearekin izandako harremana ere jorratuko ditu lanak. Emaitza nagusiak euskarazko argitalpen batean jasoko dira, eta Egia auzoan aurkeztu.
Moxorroen dantzak
Proiektu honen helburua Dugunaren txikien taldearentzat Iruñeko jai eta ospakizunetan txertatutako dantza eta erritu propioak sortu eta atontzea da, beren adinari eta ikasketa-prozesuari egokituta. Sanferminetako ezpata-dantzaz gain, Moxorroen dantzak estreinatu dituzte inauteri aurreko asteburuan. Proposamenak hiru adin-mailatan egituratutako dantza-sistemak biltzen ditu (txikienentzat makil-dantza, ertainentzat arku-dantza eta nagusientzat ezpata-dantza zaldikoarekin), transmisio progresiboa eta belaunaldien arteko jarraikortasuna bermatzeko.
Deialdiari lotutako jardueren data zehatzen berri ematen joango gara.
Sortutakoak Tradizionalaren emaria
2013. urtean abiatu zenetik, hainbat dantza proiektu babestu ditu Gipuzkoako Dantzaguneak Sortutakoako Tradizionala deialdiaren bidez. Hona hemen aurreko deialdietan lagundu diren proiektuen zerrenda.
- Aurtzaka: Beasaingo San Joanetako neskatxen esku-dantza (2013)
- Axeri-dantza elkartea: Andoaingo Axeri-dantzaren inguruan (2014)
- Maritzuli: Miarritzeko San Martin ezpata-dantza (2015)
- Duguna: Iruñeko San Juan bezperako soka-dantza (2016)
- Iruña taldea: Iruñeko San Lorentzoko ingurutxoa (2017)
- Mendi Alde: Otxandioko emakumeen aurreskua (2018)
- Duguna: Iruñeko Sanferminetako trokeo-dantzak (2019)
- Patxi Montero: Euskal herriko plazetarako dantza berriak (2020)
- Iruinkokoa: Iruñeko inauteri euskalduna (2020)
- Jon Olazkuaga: La Pamperruque (2022)
- Aritz Ibañez: Pausoka Dantzan (2022, 2024)
- Argia: Zalakain Argentinan (2025)
- Patxi Montero: Euskal dantzako ibilbidea haurrekin (2. fasea) (2025)
- Aurtzaka: Dantza Pintzelkadak (2025)
Gipuzkoako Dantzagunea